17

Api / 2015

Garai bakoitzerako liburu bat

Autorea:

Para cada tiempo hay un libroAlberto Manguelek berriro ere harritu gaitu bere liburu berriarekin. Liburuei buruz jarduten du oraingoan
ere; idazle, liburuzain, irakurle…irakurketari buruz egiten du hausnarketa.

Testuaren edertasuna
aipatzekoa da: poetika aldetik eta oraingoan argazkien originaltasunagatik ere.

Hamabi hausnarketa labur dira, izenbururik gabekoak. Testuen artean Alvaro Alejandro artistaren argazkiak tartekatzen dira.

Argazkiek, txuri-beltzez, lotzen dute irakurketa egoera anitzekin: gizon bat txirrindaren gainean irakurtzen, beste bat euripean, liburu baten orriak komunean, liburuak zuhaitzetan, baita hizkiak ere; estatua irakurlea; sagutegiak harrapatu duen liburua; kafe hondarrak; liburu hitza hizkuntza anitzetan... Denetara 61 argazki dira.

Egoera bakoitzerako liburu bat dago, baina Manguelek erruki dio egoera larri batean liburu egokia aurkitzen ez duenari. Admunsen gizajoak, hego poloa arakatu zuenak, ez zuen zorte onik izan. Gau izoztu haietan, gauero-gauero liburu bera irakurri behar izan zuen. Gaudens Doktorearen tratatu jasanezina: “Haren bakardade eta sofrikarioan bere Magestate Sakratuaren erretratua”

Manguelen liburuan, Oscar Wilde, Doris Lessing, Thomas Love Peacock, Dante, Madame Bovary, Truman Capote eta beste hainbat idazle agertzen zaizikigu orrialdeetan zehar Mangueli lagunduz irakurketaren plazera definitu nahian.

Dena den, ni liburuzaina naizenez liburutegieekin zerikusia duen pasarte baten bila aritu naiz. Eta bila eta bila, aurkitu ere egin dut: oso istorio polita da, Sarajevoko liburutegia, Haggadah eta liburuzain ezezagun prestu bati buruz.

“1992ko abuztuaren 25ean, serbiar gudarosteek berariaz Sarajevoko Liburutegi Nazionala bombardatu zuten. Milioi bat liburu eta ehundaka mila eskuizkribu inguru suntsitu zituzten. Salbatu zituzten altxor gutxi batzuen artean dago hebrear eskuizkribu iluminatu bat, Sarajaveko Haggadah.
Duela bost mende, Juduak Espainiatik bota zituztenean, ihesian atera zen irakurle batek salbatu zuen liburu hori.
Bigarren mundo gerran Haggadah Sarajevoko liburuzain musulman batek salbatu zuen. Naziek erre ez zezaten ezkutatu zuen.

1999an, Serbiarrek Sarajevo erasotu zutenean, milaka musulman kanporatu zituzten Kosovotik, haien artean idazkera hebrereaz idatzitako izkribu bat zeraman emakumea.
Emakumeak ez zuen hizkuntza hura ulertzen, baina Macedonian sartzean, modu txarrean hartu zuten eta berak judutar komunitateari erakutsi zien zeraman idatzi hori.
 Dirudienez, orri hori erakutsi zuen unea magikoa izan zen. Paper hori eman omen zioten Haggadah salbatu zuen liburuzain musulmanari Israelgo gobernukoek esker moduan, hura salbatzeaz gain, yugoslaviar judutar askori bere etxean aterpe emateagatik ere.

Emakume hura gehiegikeri etnikoen biktima zen. Israelgo gobernuak babesa eman zion berari eta familia osoari. Aitak salbatu zuen baten semeak egin zion harrera. Emakumeak esan zuen ” ‘Nire aitak bihotzak eskatzen ziona egin zuen, ez zuen ezer espero horren truke

Haggadaharen historiari buruz berriki idatzi dute eleberri bat. Geraldin Brooksek idatzia da, hain zuzen ere, “ liburuaren zaindariak” izenekoa; erraz irakurtzen da.

Sarajevoko setioa eta Balkanetako gerra dira azken urteetako gertakaririk gogorrenetakoak. Ezin ditugu ahaztu, hori baita injustizia jasaten dutenei egin diezaiekegun kalterik handiena. Europako gainontzeko herrialdeak , askotan bezala, beranduegi iritsi ziren, egindako sarraski etnikoak ekiditeko.

Garai edo une bakoitzerako liburu bat dago, eta Manguelek dioen moduan ” Ez dakit zein liburu izango ditudan aukeran nire azken bidaian” baina, liburuak ditugun bitartean, ez dago ahantz ez daitekeen traidorerik ezta disgusturik ere. Ez dut uste traidoreek irakurtzen dutenik. Ala, oker ote nago?