27

Urt / 2015

Arkitektoak eta liburuzainak : XXI. mendean ere liburutegiak eraikitzen

Autorea:

Biblioteca de Li-yuan 001Biblioteca de Delft 0012015. urteko lehenengo posta liburutegien eraikinei eskainiko diot. James W.P. Campbell arkitektoaren, “ Liburutegia: munduko ondarea” liburuak pentsarazi dit berriro liburutegien diseinuaren eta arkitektuen garrantziaz, liburutegiak eraikitzerakoan. Gaur egun, azpimarratzen da arkitektoen eta liburuzainen arteko elkarrizketa beharra, baina, ez da beti horrela gertatu.

James W.P. Campbellek, Will Pryce argazkilariak, Donostiako Nerea argitaletxeak eta Carlos Herrero Quirós itzultzaileak plazaratu dute formato handiko liburu eder hau. Oso argitarapen ona da, kalitatezko papera du eta 202 argazki. 69€tan dago salgai; garestia badirudi ere, ez da; bizitza osoan gozatzeko liburua baita. Moden gainetik dago. Opari egokia da kultura, argazkigintza edota irakurketa maite duen edonorentzat. Hala ere, beti liburuen garestiaz ari diren horientzat, Donostiako liburutegi sarean eskura dago.

Liburutegien arkitekturak Campbellen interesa piztu zuen, Oxforden ikasle zen garaitik. Horren lekuko 321-324 orrialdeetan aurki daitkeen bibliografia bikaina. Baina, berak dioen bezala, liburua falta zen“, eta berak idaztea erabaki zuen. Horretarako, dagoeneko zuen bibliografiaz gain, autoreak 82 liburutegi bisitaldi egin ditu, 21 herrialdetan.

Liburutegien arkitekturaren historia hasieratik biltzen duen liburu hau, arkitektu batek egina da eta bere ikuspegia jasotzen da bertan. Atal bakoitzak izenburu adierazgarri bat du. Erdi Aroko liburutegiak hiru hitzetan laburbiltzen dira: klaustroak, kodizeak eta kutxak;  XVI.mendea beste hauekin: armairuak, kateak eta apalategi-ikasmahaiak ;  XVII.ean harresiak, kupulak eta gelaxkak;  XVIII.ean aingeruak, freskoak eta ezkutuko ateak; XIX.ean burdinezko apalategiak, hormigoia eta katalogoak;  eta azkenik, XX.mendean argindarra, hormigoia eta altzairua. Ez da, beraz, liburuzainen oposaketa liburua.

Eraikitzen al dira liburutegiak liburu digitalaren garaian ?

Bai, jakina. Duela urteak, batzuek liburuaren heriotza aldarrikatzen zuten, eta liburutegien itxiera (batzuk zoritxarrez itxi dira) honezkero liburu digitala baino ez genuela izango zioten… Baina, iragarpen horiek ez dira bete. Inoiz baino liburu gehiago inprimatzen dira, eta liburutegi moderno eta diseinu berritzaile dunak eraikitzen dira.

Campbellek azkenengo atalean ,” Liburutegien etorkizuna aro digitalean”, egiten duen hautaketatik, bi aukeratu ditut beraien diseinuarengatik: Liyuango liburutegia (2012) eta Utrechtko Unibertsitatekoa (2004).

Liyuango liburutegia Li Xiadoong arkitektoaren proiektua izan da. Beiyingen iparraldeko inguru menditsu batean dagoen Jiaojiche herrian dago. Liyuan eraikina estaltzen duen egurrari omen deritzo. Eraikina erreka baten ondoan dago, txikia da eta areto bakarra du. Ingurunearekin bat egiten du. Kanpotik ikusita ez dirudi liburutegi bat, liburuaren 315 orrialdean dago argazkia  eta post honen lehenengo argazkia.

Askotan kritikatzen ditugu arkitektoak, nik neuk: haien diseinuak ez direla funtzionalak,ez dutela behar adina hitz egiten liburuzainekin.. Baina, onartu behar dut, batzuetan gure planifikazio arauak hautsi arren, emaitza bikaina, harrigarria izan daitekeela, arkitektuaren talentoa islatzen da edertasunak eta funtzionaltasunak bat egiten dutenean.

Utrechteko Unibertsitateko liburutegia. Liburutegia kanpotik ikusita kutxa itxurako arkitektura diseinuzko pieza bat da. Wiel Arets, liburutegiaren arkitektua, haurtzarotik izan da liburuzale. Horregatik eman dio daukan belar itxura liburutegiari. Kokaturik dagoen inguruarekin bat egiten du.
Koloreen erabilera ere deigarria da. Lehenengo solairua dena zuria, eta beste guztia beltza, kubo formako eserleku guztiak eta informazio erakusmahia izan ezik, gorrigorriak baitira.

Argazkiak liburuaren 296-299 orrialdetan.

Eta Euskadin, zer? Eraikin al dira liburutegiak azken hamarkadan?

Bai, noski. Bilboko Alhondiga (2010) Philippe Starck arkitektoarena; Deustu Unibertsitateko liburutegi berria (CRAI)(2009) Rafael Moneo arkitektua ospetsuarena; Juan Carlos Guerra eta IBM arkitektoak Bizkaiko Foru Aldundiko liburutegiaren eraikina handitu eta berritua; Donostiako Unibertsitateko Carlos Santamaría liburutegia (2011), Ander Marquet Ryanek diseinatua; eta Arabako Campuseko unibertsitate liburutegia, Koldo Mitxelena, Aldundiko José Luis Catón arkitektuaren lana (2010).

Aurten (2015) Tabakalera eraikina, Mediateka barne irekiko da. Arkitektoak Jon eta Naiara Montero.

Gure liburutegi sarean, Aieteko jauregian, kultur etxea eta liburutegia, Donostiako (2010) Aitzpea Lazkano eta Carlos Abadías arkitektoek eraiki zituzten, eta haien lana Arquitectua Viva argitarapenean aipatu zen. Badut jarraitzerik gure liburutegien eraikinak eta arkitektoak aipatzen, baina, horretarako liburu bat argitaratzea merezi duela uste dut.

Hasieran aipatu dudan liburuak, Liburutegia: munduko ondarea izenekoak, argi uzten du liburutegiak amets egiteko lekuak direla, hausnartzeko edota irudimena askatzeko.
Arkitekto batzuk beraien haurtzaroa dute gogoan liburutegia eraikitzerakoan. Beste batzuek gaztaroan aurkitzen dute inspirazioa, edota liburuekiko masitasunean; beste batzuk dokumentazioari eta egungo lehengaiei ematen diete garrantzia… Gizakiak irakurketari balioa ematen dion bitartean, horretarako aterpelekuak eraikitzen jarraituko du. Liburutegia deituko ote zaien edo paperezko liburuak izango dituzten,ezin jakin, baina izan, izango dira irakurtzeko leku horiek.

Bukatzeko, ez legoke txarto arreta jarriko bagenio Mafaldaren laguna Felipek dioenari:” Ez al litzateke ederra mundua liburutegiak bankuak baino garrantzitsuagoak balira.”

Post-data. Bidalketaren bigarren argazkia. Delfteko liburutegiarena da (1997). Paretaren kolor urdina du ezaugarri