07

maiatza / 2015

Elkarrizketa: Antonio Casado da Rocha

Antonio Casado da Rocha: “Poesiari begiratzen diogunean ez zaigu harria interesatzen, Arestiri bezala, ezpada harri bihurtzeko bidean dagoen hori”

“Laba/lurra, poema berriak eta hautatuak” izenburuko errezitaldia eskainiko dute gaur hilak 7, Antonio Casado da Rocha eta Oier Guillan autoreek. Udal Liburutegiko ekitaldia aretoan izango da, San Jeronimo kalean, arratsaldeko 19:30etan. Emanaldi berezi bat egiteko asmoa agertu dute, soila baina ezohikoa. Irakurraldiaren oinarrian Casado da Rocharen bigarren poesia liburua dago, Islandiera ikasten (Utriusque Vasconiae, 2014). Idazlearekin solasean aritu gara, emanaldiari eta bere poeta-ibilbideari buruz zerbait gehiago jakiteko.

YouTube Preview Image

Poesia beste modu batzuetan gizarteratu behar dela azpimarratu zenuen zeure Argiako blogean. Ikuspegi horretatik ulertu behar dugu Laba/lurra proposamena?  

Literaktumen beraren helburuetako bat bada arteen arteko lotura sustatzea, elkarrizketa sortzea poesiaren eta beste arte-adierazpide batzuen artean. Hortaz, uste dut komeni zela horrelako zerbait egitea. Oierrek berak bere aldetik egin izan du, Metrokoadroka kolektiboaren lanak oso hibridoak izan dira beti, adibidez, Idoia Beratarbide ibili izan da oholtza gainean marrazten. Horrelako gauzak dibertitzen gaituzte, eta uste dut Oier eta biok bat gatozela horretan, poesia-emanaldi ezohikoak egitea interesatzen zaigu.

Bestalde, poesiak badu ospe txarra gurean, jarduera elitista dela, kriptikoa, bertsolaritzarekiko kontrastean, nahiz eta azkenaldian bertsotan ere egin diren gauza nahiko hibridoak.

Gure errezitaldia, azken batean, beste ekarpen bat gehiago da ildo horretan.

Eta zertan datza ekarpen hori?

Oier eta biok saiatuko gara irakurraldia ahalik eta dinamikoena egiten, baina berrikuntza, hain justu ere, bideoa txertatzea da. Oierrek eta biok hitz egiten dugun bitartean bideo bat proiektatuko dugu eta horrek garrantzia handia izango du. Gorka Belaskoren marrazkiak agertuko dira bertan.

Esan bezala, poesia-emanaldi ezohikoak egiteko ahaleginean, musika baliatzea izan da bide tradizionalena. Guri otu zitzaigun, ordea, marrazkiarekin lotzea. Lehenengo liburuan Pernan Goñirekin lana egin nuen azala egiteko. Mundu hori asko gustatzen zait, oso freskoa iruditzen zait, eta gaur egun gero eta ohikoagoa da bilkura akademikoetara marrazkilari bat joatea, bilkura hori iruditan biltzeko. Ez da gauza berria.

Gorka Belasko ezagutzen dugu, bera sketch crawlaren munduan dabil, eta banekienez nire liburua irakurrita zeukala, irakurketa grafiko bat egin zezan eskatu nion. Liburuan bertan badaude hainbat marrazki eta horiekin bideoa osatu dugu. Gorka bera errezitaldian egongo da, norbaitek egin nahi izanez gero, ekarpenak jasotzeko, baina ez da oholtza gainean egongo, baizik eta ikus-entzuleen artean.

Nondik dator Laba/lurra izenburua?

Ez da liburu bateko emanaldia. Poema zaharrak irakurriko ditugu, bai neurek, bai Oierrenak, eta baita beste poeta batzuenak ere. Egia da, hala ere, errezitaldiaren bizkarrezurra Islandiera ikasten liburuak emango duela eta bilduma horren atal bat, agian atal garrantzitsuena, Laba/lurra deitzen da. Bi errezitatzaile izanik, eta ez dakit nor den laba eta nor lurra, interesgarria da bien arteko harremana aztertzea. Gainera, badago momentu bat non laba lur bihurtzen den eta guri hori interesatzen zaigu, tartean dagoena, prozesua.

Interesatzen zaizkigun hainbat gauza prozesuak dira, Jule Goikoetxeak ere badauka, adibidez, horri buruzko poema bat, eta politikagintzan eta herri mugimenduetan presente dago bidearen garrantzia. Beraz, guk gizarteari, edo etikari, edo poesiari begiratzen diogunean interesatzen zaiguna ez da harria, Arestiri bezala, baizik eta oraindik harri ez dena, harri bihurtzen ari den hori.

Prozesuaren eta laba/lurraren ideia hori ardatz hartuta egituratu duzue emanaldi osoa?

Ez, anitza izango da. Egia da Islandiak, toki gisa, eta iparraldeak ere toki handia hartuko dutela, baina denetarik egongo da, liburu osoaren ideia emate aldera. Paisaia-poemak egongo dira, Islandian kokatuta. Besteak beste, egunotan hainbeste entzun dugun lege islandiar horri buruzko poema bat irakurriko dugu, istorioa kontatzen duena.

Laba/lurra izenburuak landuko ditugun gai batzuen berri ematen du, baina emanaldia ez da soilik Islandiari eta geologiari buruz izango. Emanaldi anitza sortzen saiatu gara.

Beste poeta batzuek lanak ere irakurriko duzuela esan duzu. Zeintzuk?

Islandiera ikasten izenburua beste poeta baten lanetik dator, Bill Holm, hark bai ikasi baitzuen islandiera. Poema hori bera euskaratu dugu, beren-beregi, eta irakurriko dugu. Horrez gain, poeta islandiar garaikide baten poema bat ere euskaratu dugu. Ez dugu zuzenean islandieratik ekarri, ezpada ingelesa zubi-hizkuntza gisa baliatuta. Emanaldian bietara irakurriko dugu, islandieraz eta euskaraz. Erronka moduan hartu dut islandieraz irakurtzearen, lagun batekin praktikatzen aritu naiz. Ikus-entzuleak harritzea nahi dugu, islandiera oso arrotza zaigu-eta.

Hizkuntza-ikasketaren prozesua oso presente dago zure poemetan.

Bai, poesia idaztea laborategi moduko bat izan baita niretzat, euskara hobeto ikasteko. Bigarren liburuan, islandiera metafora gisa erabili dut.

Poeta modura asko gustatzen zait euskaraz idaztea eta euskara bera hizkuntza bezala, justu berandu xamar ikasi dudalako. Hori dela-eta, hizkuntza kanpotik ikusteko aukera daukat, objektu estetiko gisa. Gainera, aurrez aurrekoan traketsago aritzen naiz eta askotan poemak idazten ditut aurrez aurre esaterik ez daukadana esan ahal izateko.

Ahalduntzeaz asko hitz egiten da azkenaldian eta nire kasuan poesia idaztea euskara-hiztun gisa ahalduntzeko bide bat izan da. Sarritan, euskaldunberriok edo euskara ikasten ari garenok, konpleju asko ditugu, ez gara hitz egiten ausartzen… Edo askotan esaten digute: zure ama-hizkuntzan ez bada ezingo duzu benetan adierazi sentitzen duzuna. Hain zuzen ere, horri buruzko poema bat idatzi nuen, eta nire apustua juxtu kontrakoa izan da: ba bai, beste hizkuntza hori ikasiko dut eta neureganatuko dut. Poesiaren bitartez, horrekin jolastu dut, eta lagundu dit hizkuntzaren ikasketa modu ludiko batean ikusten eta ez betebehar bat bezala.

Amaitzeko, eta errezitaldira itzulita, Oierren eta bien arteko elkarrizketa izango da zuena?

Hibridoa izango da, aldi berean irakurraldi antolatu bat baina solasaldirako tartea ere egongo da. Nire ustez, emanaldiak aukera paregabea dira liburuak berreskuratzeko eta ezagutzera emateko. Hortaz, gurea ez da izango soilik poemak bata bestearen atzetik irakurtzea. Oier eta bion artean elkarrizketa txikiak izango ditugu, giroa informalagoa izan dadin, askotan poesia-irakurraldiak tonu solemnean egiten direlako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude