08

Mai / 2015

Munduari itzulia laurogei liburu-dendatan

Autorea: Liburu dantza

Aurten, estreinakoz, liburu-dendek presentzia nabarmena hartu dute Literaktum jaialdian, Liburu Lurraldea izeneko atalaren barruan. Eremu horretan egingo da nire ustez jaialdi honetako ekitaldi erakargarrienetako bat, Eider Rodriguez eta Samanta Schweblin idazleen arteko solasaldia, hain zuzen. Troa Zubieta liburu-dendan izango da, datorren asteartean. Hori esanda, gatozen harira.

Liburu Lurraldearen lehen ekitaldirako ezin gai aproposagorik aukeratu: Jorge Carrión idazle bartzelonarraren Librerías [Liburu-dendak] saiakeraz hitz egin zuten atzo Garoa liburu-dendan autoreak berak eta Txetxu Barandiaranek, kultur industrian adituak. Carriónek eleberriak idatzi ditu eta baita telesailei buruzko saiakera bat ere: Teleshakespeare. Librerías lanari esker finalista izan zen Anagrama sarian eta laster beste hizkuntza batzuetara itzuliko dute.

Liburua hainbat modutara irakur daitekeela esan zuen Carriónek. Batetik, bidaia bera jarraitu daiteke, munduan barrena, liburu-dendaz liburu-dena eta hortzak gero eta zorrotzago. Bestetik, liburu-objektuaren beraren historia gisa ere irakur daiteke, Greziatik hasita garai digitalera arte.

Liburu-denden aldeko aldarria egin zuen idazleak, kulturgune eta komunitate gisa ulertuta. Bere ustez, liburu-denden eta -saltzaileen figura menostua izan da oro har, edo bestela esanda, ez zaio sekula aitortu merezi duen neurriko garrantzia. Rol askoz nabarmenagoa izan dute beti editoreek, idazleek berek, kritikariek… Non geratu da, ordea, liburua irakurleen eskutara daraman hori? Gomendioak ematen dituena? Garrantzia-falta horren erakusle da argitaletxe handiek, estatu espainiarrean kasu, Planetak edo Mondadorik, ez dituztela beren liburu-dendak defendatu, Amazonen kontra.

Liburu-denda ondare historikotzat jotzea ezinbestekoa iruditzen zaio Carrióni. Adibide oso bisual bat jarri du. Kafetegi edo taberna historikoek, kasu baterako, Cadaquéseko Melitón tabernak, argazkiak ditu, Marcel Duchamp artista hara joaten zenekoak xakean jokatzera. Mota horretako tokiak ondo arduratu dira beren artxiboa osatzeaz, liburu-dendek aldiz, hainbat idazle eta pentsalari bertara sarri joanagatik, gutxitan egiten dute horrelakorik.

Komunitatea sortzearena izan da aipatutako beste ildo nagusi bat. Carriónen ustez, beren inguruan osatu komunitatea zaintzen eta horri eusten ez dioten liburu-dendek jai daukate. Mataró-ko liburu-denda baten adibidea eman du. Garai batean kooperatiba gisa eratua, 10 urte inguruz bete zuen komunitate-gunearen funtzioa, baina izaera hori bazter utzi zuen, besteak beste, liburu-aurkezpenak mekanizatzen hasi zenean, alegia, liburu-aurkezpenak egiteko packak eskaintzen hasi zenean: X sosen truke, aurkezpena egiteko tokia, ardoa, eta postal batzuk ematen zituzten. Nolabait esatearren, hortik aurrera, liburu-aurkezpen bakoitza dagoeneko ez zen gertakizun berezi bat. Liburu-denda horrek erreka jo zuen noizbait eta crowdfunding bat jarri zuten abian proiektua salbatzeko. Deiari ez zion inork erantzun, dendak jada ez ziolako ekarpen berezirik egiten inguruari.

Bartzelonako beste liburu-denda batzuek, Documentak esaterako, badu bere komunitatea inguruan, eta lortu du proiektua aurrera ateratzea hasiera batean oinordeko liburu-saltzailerik ez zeukan arren.

Oinordeena bai baita beste gai pisutsu bat. Liburu-denda asko dira belaunaldiz belaunaldi jarraitutako enpresatxoak. Gu geu geunden Garoa bera adibide. Tradizioari eustearen eta garaietara egokitzearen arteko gatazka agerikoa da kasu horietan guztietan. Batetik, belaunaldi gazteagoek eutsi nahi diote aurrekarien esentziari, Garoako Imanolek berak esandakoaren haritik, berarentzat Zarauzko liburu-denda baita denaren abiapuntu eta arrazoi, hain justu, gurasoek zabaldu zuten horixe bera, eta ez gero Donostiara ekarri duten filiala.

Edonola den, liburu-dendak jakin behar du bizi den garaiari egokitzen, Carriónen ustez. Hain justu, mamiari eusten baina gauza berriak ere txertatzen asmatu duten liburu-denda horiexek dira gerora iraun direnak. Denboran zeharreko ideia modura hartu behar da liburu-denda, gainera askotan nomadak izaten baitira eta denda batzuek tokiz aldatu behar izaten baitute; hortaz, gakoa ez da toki berberean eta amiñi bat ere aldatu gabe irautea, ezpada bi gauzak konbinatzea, alegia, esate baterako, irakurtzeko besaulki erosoak edukitzea beti, baina baita kafea edo ardoa eskaintzea ere. Era berean, nabarmendu du aniztasunaren garaia bizi dugula gaur egun, eta liburu-denda adina modu daudela aipatu oreka eta komunitatea biltzeko.

Azkenik, Carriónek aldarrikatu du liburu-dendek deskonexio eta berkonexiorako balio behar dutela, tenplu bat izan, hainbat hobeto wifirik ez badute. Bere guraso eta aiton-amonentzat elizak bete izan duen funtzioa bere dezaketela uste du idazleak. Balio dezaketela egunerokoaren zaratatik eskapo egin eta tarte batez, patxadaz, norbere baitara biltzeko.

Zorteko gaude, euskal herrietan ez dira-eta gutxi filosofia horretatik gero eta hurbilago dabiltzan guneak.

Los comentarios están cerrados.