15

Mai / 2015

Kartzelan kartzelaz

Autorea: Liburu dantza

Espetxearen bueltan sortu dute Oier Gonzalezek eta Markel Ormazabalek atzo Garoan ikusi genuen saioa. Biak ere preso politiko ohi, ikuskizun honen oinarrian daude kartzela-garaian idatzitako testuak, Ormazabalen kasuan gerora liburu bilakatu zirenak (Hemen naiz, ez gelditzeko baina argitaratu zuen iaz Txalapartaren eskutik) eta horri buruzko gogoetak. Ikuskizun hau bada, Ormazabalen esanetan, espetxeari kobratzen dizkioten interesak, han eduki zituzten boladarengatik.

Kartzelaz aritzeko, kartzela bat sortu nahi izan zuten, kartzela txiki bat baina behar den modukoa azken batean, bere lau hormekin. Batetik, Joseba Arregi Erostarberen marrazkiak ipini zituzten atzeko pantailan, Fleuryko espetxearenak, Arregi Erostarbek bertan zela eginak, bikotekideari erakusteko nolakoa zen toki hura.

Era berean, pantaila zen lehen horma horretan bideoak ere erakutsi zituzten, hiru guztira. Biri buruz hitz egingo dut hemen. Johnny Cashek San Quentingo espetxean egindako kontzertuaren puska bat ikusi genuen, hasteko. Kantu bat entzun genuen, zehatzago, San Quentini buruzkoa, hain zuzen, presoak txaloka jartzen dituena behin eta berriro, Cashek espetxea gogor eta zuzen kritikatzen baitu. Era berean, adierazgarria da, eta horrexegatik aukeratu zuten Gonzalez eta Ormazabalek, Cashek baso bat ur eskatu eta tarte labur batez zalantza egin ostean, txikitu egiten duela edukiontzia, espetxearen beraren ikur. Izenburuaren lehen atala esplikatzeko balio du horrek, kasu honetan, basoa ordez plastikozko koilara delako kartzelaren sinbolo.

[youtube]https://www.youtube.com/watch?v=1zgja26eNeY[/youtube]

Bigarren bideoa ere musikari estu lotua, The Shawsack redemption filmekoa. Tim Robbins aktorearen pertsonaia, preso baitago, espetxeko funtzionarioen bulegoan sartuta, opera-puska bat entzuten hasten da, hasieran bakar-bakarrik, ondoren, bozgorailu guztiak piztuta, espetxe osora zabaltzen dira doinuak. Morgan Freemanen off ahotsak gogoeta egiten du, nola izan zen posible tarte labur batez behintzat, toki erabat gris batean zeudenek leku fisikoa ahaztu eta libre sentitzea.

Eta musika har genezake hain zuzen ziega berezi horretako bigarren horma modura. Ormazabalen liburuak argi erakusten du adierazpide horrekiko grina handia duela, izenburua bera Lisabören kantu batetik eratorria. Kantuz eta gitarraz lagundu zituzten esanak, eta errezitaldi musikatuetan hain sarri ikusten ez dugun moduan, hiru gitarrekin (bi akustiko, elektriko bat), eta terminoa oso labaina den arren, rockerantz lerratzen ziren akordeekin, intentsitate biziz. Ondo lotzen zitzaizkion igoera musikalak testuen minari.

Testuak izan baitziren, noski, ziega txikiaren beste paretetako bat. Ormazabalen liburukoak, Gonzalezek idatzitakoak eta Mikel Antzaren Z ber bi antzezlaneko puskak ere. Azken horren oroitzapena geratu zait bereziki. Antzezlaneko presoa hiltzen denekoa, inguruari galdezka non zeuden eta zertan, hura hil zenean; Gonzalezek hunkigarri irakurri zuen. Aurrez Arkaitz Bellón oroitu zuen, haren patua beren belaunaldiaren epitafio triste bat zela hausnartuta.

Testuez gain, gogoetarako tarterik ere izan zen. Biek Gonzalezek eta Ormazabalek hain galdera bota zituzten, hainbat duda erein. Eskolek eta ospitalek kartzelen hainbesteko antza baldin badaukate zerbaitengatik izango dela, ez dagoela argi hormaren zer aldetan dauden presoak. Mikel Antzaren beste liburu batera eraman ninduen galdera horrek, berriki kaleratu duen Ametsak ere zain poema-liburuari antzeko hausnarketa batek ematen baitio hasieran, Joseba Sarrionandiaren paragrafo batek, non, hain justu ere, askatasunez mintzo den. Maitasunaz ere jardun zuten, afektuez eta sexualitatez, eta horri ipintzen zaizkion trabez, preso zaudenean.

Ikus-entzuleok, azkenik, plastikozko goilara bana eroan genuen etxera, eta errezitaldigileen eskaria: goilara ikusi aldiro, buelta batzuk eman geniezazkiola han aditutako kontuei.

Los comentarios están cerrados.