09

Mai / 2016

Bizitzaren fikzioa, fikzioaren bizitza

Autorea: Liburu dantza

Ostiralean Alaine Agirre idazlea eta pertsona ezagutzeko aukera izan genuen Koldo Mitxelena Kulturunean. Saioa ilunpean hasi zen, X hil da liburuaren errezitaldi dramatizatu batekin, Saioa Royoren ahotik entzun genuena. Ondoren, argiak piztu ziren, eta Jasone Osoro eta Alaine Agirre hizketan jardun ziren bai liburuaz bai idazle ofizioaz. Agirre beltzez jantzita zihoan, lutoz, X hil delako. Osoro, berriz, zuriz zihoan. Ez zuen ematen bien artean ia 19 urteko diferentzia dagoenik. Gaztearen heldutasunak eta helduaren gaztetasunak adin tartea lausotzen zuen.

Bermeon jaiotako idazleak hasieratik onartu zuen txikitan oso neskato formala izan zela, eta, orain, lotsagabe izateko gogoa duela, bere bidea egitekoa. Horregatik baztertu zituen etiketak eta euskal literaturari edo belaunaldiei buruzko hitz potoloak. Azken aldian autofikzioa ezbaian jartzen duten ahotsak entzun direla azaldu zuen Osorok. “Badira benetako literatura denik ere zalantzan jartzen dutenak”. Agirrek garbi esan zuen bost axola zaiola zer esaten duten. “Testuari bizia eman guran idazten dut, barrukoa ulertzeko, adierazteko eta ateratzeko”.

Osorok Rhodesi buruz galdetu zion, gaztelerazko adarrean Zilarrezko Euskadi saria jaso duen idazleari buruz. Agirrek adierazi zuen Instrumental liburua irakurtzen ari dela, baina ez duela bukatu nahi. Azken orriak altxor bat bezala gordetzen dituela, fetixista dela kontu horiekin. Are gehiago, Agirrek aitortu zuen gutun bat eman ziola Rhodesi, liburua irakurtzean zer sentitu zuen esaten zuena.

Brahmsen txelorako sonataren doinu malenkoniatsuak eten zuen solasaldia. Agirreren doinu kutunetako bat. Musikarekin idazten duela esan zuen, musikaz inguratuta bizi dela. Idazketa prozesua nekez irudika dezakeela musikarik gabe. Zeharkako txirula jotzen duela ere azaldu zuen. Pixkana pixkana, nerbioak askatzen joan zen Agirre, eta bere bizitza pertsonalari buruzko datu eta bitxikeriak eman zituen.

Editoreak esan omen zion behin artista bat zela. “Zure bizitza fikzionatu eta fikzioa zure bizitzara eramaten duzu”. Horren adibide bat kontatu zuen. 9 urterekin, Harry Potterren liburuak irakurtzen ari zela, bera ere magoa zela uste izan zuen, eta, hortaz, luze gabe Hogwartsetik gutun bat jasoko zuela bertan ikasteko, Harry Potterrek bezala. Aitari ere esan omen zion, erosteko Londonerako hegazkin-txartelak. Baina ez zen gutun hura heldu, eta Agirrek desilusioa hartu zuen muggle bat zelako. Hau da, magiaren dohaina ez duen norbait. Eraztunen jaunako Legolas pertsonaiarekin itsuki maiteminduta egon zela ere onartu zuen.

Liburu bat behin eta berriz obsesiboki irakurtzen duen horietakoa da. Potterren bildumako liburuki guztiak bost bider irakurrita dauzka. Duela gutxi, Marguerite Durasen Maitalea irakurri zuen hiruzpalau ordutan, eta hain barruraino sartu zen liburuko gorabeheretan, ezen antsiolitiko bat hartu behar izan baitzuen barrena lasaitzeko. “Ez zait gehiegi irakurtzea komeni”, aitortu zuen umoretsu.

Ondoren, justu umoreaz hitz egin zuten Osorok eta Agirrek. Osororen ustez umore gutxiko literatura da gurea. Alainek azaldu zuen harreman paradoxikoa duela umorearekin. X hil dan, esaterako, badira jendeari grazia handia egin dioten pasarte batzuk, baina berak ez omen zituen idatzi asmo horrekin. Nahi gabe umore beltza atera zaio.

Agirrek bere burua mitomanotzat duela aitortu zuen, eta idazleak figura erraldoiak begitantzen zitzaizkiola. Berari ere kosta egin zaio idazlea dela onartzea. Idazle izatearen alde ederrenetako bat idazleak ezagutzea izan da, hain zuzen ere. Idazleen atzean dauden pertsonak oso normalak eta naturalak iruditu zaizkio, eta zorte handia izan dela hezur haragizko idazleak ezagutzea. “Apurtxo bat zoroak ere bagara”, onartu zuen barre artean.

Idazle izateagatik sarritan galdera potolo eta apur bat zentzugabeak erantzun behar izan dituela azaldu zuen. Osorok ere berretsi zituen Agirreren bizipenak kontu horretan. “Badirudi idazle izateagatik jakintsua zarela, edo galdera guztiei erantzun irudimentsu bat eman behar diezula”. Bermeon jaiotako idazleak ez du horrela uste, eta hainbatetan erantzuten du zerbaiti buruz ez dakiela. Naturaltasunez. Hala delako, eta ez dagoelako zertan lotsatu edo zertan posea egin. Hala ere, onartu zuen elkarrizketetan gezurrak botatzea gustatzen zaiola. Fikzioaren parte bat da hori ere. Mundua biez elikatzen baita, hezur-haragizko gauzez eta fikzioez, eta biak dira gure nortasunaren zati, biek elikatzen dute elkar. Fikzioaren korapiloak denok hartzen gaitu bere baitan. Eta nitaz idaztea zutaz idaztea da.

Los comentarios están cerrados.