08

Aza / 2017

Literaktum 17: handitzen ari den jaialdia

Autorea: Literaktum

Literaktumen aurtengo edizioa berezia izango da. Maiatzetik azarora aldatu ditu datak. Atal berriak izango ditu. Programazioa zabalagoa da. Irudia berritu du. Elkarlan sarea zabaldu du. Erronka berriei aurre egiteko xedearekin handitzen ari da, betiere oinarrizko helburua alboratu gabe: literaturara hurbiltzea, bestelako lengoaia eta diziplinei zein gaur egungo eztabaidei lotuta.

Literaturaren mapa osatu nahi du Literaktumek. Aukera anitzen arteko bat, izan ere, literatura askotarikoa eta babelikoa da: mundua zein haren barne gauden gu geu arakatzen duen hitzen sare mugagabea. Horren haritik, edonork bere liburua, egilea edo jarduera topatu ahal izateko bideak proposatzen ditu Literaktumek.
Nobela eta historiaren arteko harremana, utopiaren indarra -eta haren itzal distopikoak- eta liburu ilustratua izango dira edizio honetan Literaktumen gai nagusiak. Literaturaren eta musika, zinema, pentsamendua, komikia, kazetaritza, gastronomia edo paisaiaren arteko harremanak ahantzi gabe.

Aurtengo nobedade esanguratsuen artean, sarean lantzen den Literaktum jaialdiaren kolaboratzaile berriak nabarmendu behar dira: UPV-EHU, Euskadiko Filmategia, Kutxa Kultur, Donostiako Udaleko Lankidetza, Giza Eskubideak, Kultur Aniztasuna eta Gazteria departamentuak, Gastronomiako Euskal Anaiartea, dBus eta Euskarazko Wikipedia.

Azpimarratzekoa da, halaber, Literaktum Txikia atala; aurten, estreinakoz, haurrentzako programa zabala antolatu da jaialdi osoan zehar. Baita hiriko zenbait lekutan ikusgai izango diren zazpi erakusketak ere. Edo Nosferatu zikloarekin eta Komikilabea komiki jardunaldiekin egindako elkarlan bereziak ere.

Esku artean duzu mapa. Bideak hautatzea baino ez duzu. Eta gozatzea.

Literaktum 2017

Literaktum 2017

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude