15

Aza / 2017

Urrunekoa hurbil

Autorea: Literaktum

Ekialde Hurbila deritzon lurralde-eremua urrun geratzen zaigu, ezbairik gabe. Kilometro kopuruan ez ezik, urrun sentitzen ditugu bertako arazo eta egoera soziopolitiko, geografiko eta kulturalak. Hedabideen eskutik jakiten dugu Iranen hauteskundeak direla, Irak bonbardatu dutela Amerikako Estatu Batuek edota Siriako herritarren egoera latza. Jasotzen duguna gertatzen denaren lagin txiki bat besterik ez da, ordea. Titular handiak betetzen dituzten albisteen atzetik, etxebizitza suntsituta, seme-alabei jatekoa emateko ezintasuna duen familia dago; dena utzi, soinean eraman ditzaketen puskak bildu eta ihes amaiezinari ekiten dioten errefuxiatuak daude; aitorpenik eta ahotsik ez duten herrien erresistentzia dago.

Aurpegi horiek eta beste hamaika egunero erakusten saiatzen dira profesionaltasun handia erakutsi duten hiru euskal kazetari: Mikel Ayestaran, Ane Irazabal eta Karlos Zurutuza. Gatazka eta herrialde horien egunerokoan murgilduta, urrunetik begiratzen diogun errealitate horren beste ikuspegi hurbilago bat eskaintzen dute. “Iraultza arabiarrak” izenez ezagun egin zen fenomenoa abiapuntutzat hartuta, elkarren esperientziak bildu eta Ekialde Hurbila, muinak eta ertzak liburua josi dute Berria, Jakin eta Elkarren bidez. Herrialde horien iragana, oraina eta etorkizuna aztertuko dituzte gaur San Telmo museoan, 19:30etik aurrera, eta Jaime Otamendi gidari dutela.

Aurpegi ezaguna da, telebistan bereziki, Mikel Ayestaranena. Motxila hartu eta kazetari freelance izatea erabaki zuenetik, gerra ugari ezagututakoa da. Siriako eta Irakeko gerrei erreparatuko die gaurkoan. Ane Irazabalek Erroman du bizitokia egun, baina arreta handiz jarraitzen ditu Tunisiako eta Egiptoko iraultzen ondorenak. Bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuen eta horiek izango ditu hizpide. Karlos Zurutuzak gatazkak eta giza eskubideak gaiak jorratzen ditu bere kazetari-lanetan, eta oraingoan, Ekialde Hurbileko ertz geografikoetara bidaia egingo du, munduan aitorpenik ez duten herrietan begirada pausatuz eta isilarazitako herriei hitza emanez.

Lurralde-eremu zabal bat, urruna. Hiru kazetari, hiru ikuspegi, hurbilekoak. Urrunekoa hurbilago bilakatzeko ahalegina. Erabateko gaurkotasuna duen gai bati buruz apur bat gehiago ezagutzeko aukera.

Ekialde Hurbila, muinak eta ertzak [2017]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude