05

Aza / 2018

Literatur-mina

Autorea: Literaktum

Literatura eta mundua etengabe ari dira eraldatzen eta Literaktumek bide berriak jorratu nahi ditu eremu aldakor horretan. Literaturak etengabeko elkarrizketan diharduela uste osoa du, gainera: bai bestelako lengoaia eta diziplina artistikoekin, bai eta garaiko eztabaidekin ere.

Literaktum 18 edizioaren gai nagusia gizakion funtsezko ezaugarri bat da, gaur egungo kulturan eta esperientzian oso presente dagoena: mina. Horrela, literaturak esperientzia mingarriei forma emateko duen gaitasuna aztertuko dugu, galeratik gatazka sozialera, bakardadetik indarkeriara. Era berean, esperientzia horiek kontatzerakoan literaturak duen botere katartikoaz eta askatzaileaz ohartuko gara. Literaturak gure labirintoa marrazten du, baina labirintoan barrena gidatzen gaituen haria ere bada.

Belaunaldi berrien literatura ere ardatz izango du aurtengo edizioak, 30 urtetik beherako idazleek egindakoa, hain zuzen ere. Euskarazko literatura berriaren ahots interesgarrienak bilduko dira mahai baten inguruan gai honi tiraka. Ikuspegi hau osatzeko, gazteak irakurtzera noiz eta nola hurbiltzen diren aztertuko du beste mahai-inguru batek.

Literaktumek aurkezten du atalean, aldiz, egungo euskal idazle esanguratsuenetako hiru argitaratu berri dituzten liburuez mintzatuko dira: Harkaitz Canok, Katixa Agirrek eta Iban Zalduak beren lan berriak aurkeztuko dituzte Literaktumeko ikus-entzuleen aurrean.

Jaialdi batek orainaren argazkia egiten du nolabait, baina klasikoek ere badute beren lekua orain horretan. Izan ere, klasiko bat ez al da garaikide iraunkor bat? Literaktum 18-k Anna Karenina hobeto ezagutzeko aukera emango du afari literario baten bidez; Baroja, ibilaldi dramatizatu batean parte hartuz; García Lorca, hark idatzitako Sonetos del amor oscuro olerkiak taularatuz, eta Roberto Bolaño Sonorako basamortuetan barrena egindako bidaia literario eta bisualaren bidez.

Gaur egungo gizartean puri-purian diren eztabaidetan murgiltzeko ateak ere zabalduko dizkigu literaturak: sorkuntzarako askatasunaren aurkako mehatxu berriak, idazketa boterearen kontrako erresistentzia modua edo diskurtso kultural nagusiak sortzeko prozesuak.

Zinemak, musikak, erakusketek eta soinu-sorkuntzak osatuko dute taxututako proposamena, haurrentzako jarduerez betetako Literaktum Txikia programa ahantzi gabe. Erakunde eta kultur eragile anitzez osatutako sarean elkarlanean landutako proposamena da, betiere helburu komun bat ardatz hartuta: hiri osoan barrena hedatzen den literatura festa; edonork bere liburua, egilea edo jarduera topatu ahal izango duen lekua.

Literaktum 2018

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude