23

Aza / 2018

Badaezpada

Autorea: Liburu dantza

Ahots anitzez osatu da aurtengo jaialdia. Idazleen solas, ikus-entzuleen galdera, emanaldietako soinu. Harkaitz Canok ere bere ahotsa eskaini zigun atzo Lugaritz kultur etxean, baina baita Imanol Larzabalena ere. Imanol Lurgainena. Fakirrarena. Ahots lakar eta sakona.

Imanol Larzabal -eleberrian Imanol Lurgain- kantari donostiar ezagunaren istorio pertsonala oinarri hartuta, fikziozko eleberria osatu du Canok. Mundua iraultzen saiatu zen belaunaldiaren erretratua egiten du nobela honek, 60ko hamarkadatik hasi eta berrogei urtez luzatzen dena. “Txanpona airean zegoen garaitik abiatzen da, eta gaur egun sarritan garaiari buruz gutxiespenez hitz egiten bada ere, garaiko kemena, indarra eta bizi-zaletasuna azpimarratu nahi izan ditut”, azaldu zuen idazleak.

Imanol ezagutu ez zuenak ere, garai baten erradiografia antzemango du, beraz. Kantaria eta bere ibilbidea. Garaia ezagutu zutenek, aldiz, kronika eta gertakizunak zehatz-mehatz kontatzea gustuko dutenek, baliteke sufritzea irakurri orduko. Hori ez zen horrela gertatu, beste horretan hau falta da… pentsa dezakete. Canok, bere aldetik, konplexurik gabe onartu zuen ez dela ez kronikalaria, ez kazetaria, fikziogilea baizik. Liburuaren abiapuntua Imanol ezagutu zutenen elkarrizketak dira, nolabaiteko kazetaritza, baina fikziozko lana da. Ez du bide horretatik berriz jotzeko asmorik, halere, sufritu egin duela aitortu baitzuen. “Kontatu dizkidatenekin zordun geratu naiz; nolabaiteko talka izan dut. Zaila egin zait ni naizen fikziogilea sortu zaizkidan zor horiekin ezkontzea. Azkenean, fikzioaren makuluak salbatu nau eta manipulazio propioa egin dut”. Mingarria izan da, ordea.

Ahotsa da eleberriaren protagonista nagusia. “Dena zeharkatzen du; transbertsala da”, eta haren bidez aletu du idazleak Imanolen ibilbidea. Borroka armatua, klandestinitatea, erbeste paristarra… presente daude, kontzertu klandestinoak han-hemenka ematen zituen garaitik hasi eta Torreviejan hil zen garaira arte, tartean ETA erakundean egon zen garaia barne hartuta. Pasarte horiek Isidoro Fernández aktorearen ahotik entzuteko aukera izan genuen. Lehen kontzertuetan nola jendeak galdetzen zuen “nor da tximaluze hori?, John Lennonen antza du”, edo erakunde armatuaren barruan zegoenean fakirra ezizena jarri ziotenean, besteak beste.

Fakirra ez da, ordea, eleberrian ageri den ezizen bakarra. Ezizenez beteta dagoela adierazi zuen Canok, izendegiarekin mapa bat osatzeraino. “Ezizenek garrantzi handia dute eleberrian, izen bakoitzak bere istorio propioa baitu”. Irakurleak horietako asko erraz ezagutuko dituela ere erantsi zuen.

Hainbat hausnarketa ere plazaratzen ditu liburuak. Sortzailearen hauskortasuna, musikaren ahalmen katartikoa, denboraren iheskortasuna… Bizitza zirriborrotzat definitu zuen idazleak, diskoak edo liburuak diren bezalaxe, bukatu gabe dagoen zerbaiten iradokizuna. Hain zuzen, bizitza seguru baten bila, segurtasunaren atzetik, bizitzan dena bikoizteko joera dugula azpimarratu zuen, badaezpadakoak eraikitzekoa. Anekdota batekin lotu zuen hausnarketa. Antza, Imanol atxilotu eta espetxean egun batzuk egin ondoren aske utzi zutenean, aitak gitarra bat oparitu zion. Lehendik ere bazuela ihardetsi zion kantariak, eta aitak, bere aldetik, “badaezpada”…

Hausnarketak, une gogorrak, sufrimenduak… izan dira eleberriaren prozesu luze honetan, baina ahotsaren eta musikaren pasarteekin biziki gozatu duela ere aitortu zuen. “Adiskidetasunari lotutako pasarteak idazten gozatu dut gehien; agerian geratu da zein hauskorrak garen artistak”.

Izenburuarekin aurkako iritziak jaso ditu, eta liburuaren azalak ere eman dio buruhausterik. Gorri koloreko orbana, lorea, odola iradoki dezakeen irudi bat atzealde hori distiratsuari gainjarrita. Iradokitzailea, zalantzarik gabe, liburua irakurtzeari ekitera bultzatzeraino. Imanol Lurgainen ibilbideari jarraitzeko gogoa pizten du, edo Imanol Larzabalen arrastoa topatzekoa, edo garai batekin identifikatzekoa, edo sufritzekoa… Hainbat buru, hainbat aburu. Irakurri egin beharko dugu… badaezpada.

Harkaitz Cano & Leire Palacios / Azaroak 23 de Noviembre – Lugaritz KE

Los comentarios están cerrados.