16

May / 2015

Gisa horretako emakume bat

Bihozkada bati jarraituta aukeratu zuen Harkaitz Canok Anne Sexton poeta Munduko Poesia Kaierak bildumaren barruan euskaratzeko. Susa argitaletxeak jarri zuen abian proiektu hori iaz eta honezkero bederatzi autoreren laginak ekarri dituzte gurera. Udaberrian atera dira azken hiru aleak, Sextonenaz gain, Sophia de Mellorena (Iñigo Roquek itzulia) eta Gabriel Ferrater-ena (Aritz Galarragak).

Bihozkada bat abiapuntu, hortaz. Sextonen zenbait poema ezagutzen zituen Canok, gehienak laburrak, eta poetaren lana goitik behera irakurtzen hastean sorpresa hartu zuen, oro har, poema luzeagoekin egin baitzuen topo. Obraren tamainarekin ere harritu zen, gazte hil baitzen Sexton, bere buruaz beste eginda, 45 urte baino ez zituela eta hala ere obra mardula utzi zuen atzean. Hamabost urtean idatzi zuen Sextonek idatzi beharrekoa eta aski autodidakta izan zen. Terapia modura ekin zion idazketari, psikiatrek gomendatuta, erditu ostean depresio sakon bat izan baitzuen. Zerbait gehiago nahi zuen-eta Sextonek, senarraz, aldirietako etxeaz eta seme-alabez gain zerbait gehiago, harago joango zen zerbait.

[youtube]https://www.youtube.com/watch?v=zR6uQPBRtrU[/youtube]

Gordin pausatzen dira Sextonen lerroak irakurlearen aurrean, beldurrik gabe xehatzen ditu detaileak, Y doktoreari gutunak-en dioen moduan: Zertarako idatzi diario bat, / norbere zikinkeria aztertzeko ez bada? Zikinkeria aztertzen du, hortaz, gurasoekiko harreman gatazkatsua, heriotzarekiko grina, zahartzea, gaixotasunak, seme-alabekiko harreman berdin arazotsua… Gai horiez guztiez gain, Canok beste baten garrantzia ere azpimarratu du: sinesteko beharrarena. Fededun izan nahi zuen Sextonek, zerbaitetan sinetsi. Elizgizon batengana jo ei zuen bilaka zezan, baina hark erantzun zion kontuak ez zuela horrela funtzionatzen, eta, gainera, gaztigatu zion berak dagoeneko bazeukala jainko propioa: idaz-makina, alegia. Fede-bilaketa hori honako poema honetan ikus daiteke, auto-umore beltzaren arrastoengatik irakurtzekoa iruditzen zaidana oso.

AEBetako gizarte eta politikekiko kritika ere agertzen du Sextonek poema batzuetan. Gutxi dira, baina direnak, ahoan bilorik gabeak. Horren adibide, antologiaren atzealdean azaltzen den hau berau.

Poema alairen batzuk ere idatzi zituen Sextonek, dozena inguru. Horiek denak sartu ditu antologian Canok, eta behingoz harira etorrita, “Ene maite kuttun guztiak” errezitaldian ere irakurri zituzten horrelako zenbait, umore-ukitua erantsita. Atzo estreinatu zuten Ernest Lluch kultur etxean eta bi lagun batu zaizkio Cano itzultzaileari irakurraldia osatzeko: Ainara Gurrutxaga aktorea eta Iban Urizar musikaria. Canorentzat garrantzitsua zen horrelako zerbait egitea Sextonen lan euskaratua apur bat gehiago zabal zedin; izan ere, gisako proiektuak nahiko minoritarioak izaki, sarri asko itzalpean geratzen dira eta oso jende gutxirengana iristen.

Errezitaldi benetan dotorea prestatu dute hiruen artean. Lehen aipatutako poema alaiago horietako bat errezitatzeko, adibidez, Capriko itsasoan egindako bainu bat kontatzen duena, baso bat ur, linterna bat eta lasto bat erabilita, itsasoko uraren kolore urdin gardena eta burbuilatxoen soinuak ezinhobe birsortu zituzten, aretoko giroa ondo egokituz. Bestalde, Iban Urizarren klarineteak, saxoak eta, behin baino gehiagotan, looper-a baliatuta sortutako ahots-zaratek itzel jantzi zituzten poemak, medikuei buruzko hau kasik abesti bihurtuz, ikus-entzuleek irribarrez hartutako pieza.

Poemak ilunak izanagatik gozamena da kaiera irakurtzea, irudi indartsuak sortzen baititu Sextonek, Canok euskarara txukun ekarriak, eta garaiko beste poeta batzuekin alderatuta, nahiko erraz jarraitzen zaie haria. Nire kasuan behintzat, aurreko astean irentsi bainuen, Sextonen obra ezagutzeko gogo bizia pizteko amu paregabea ere izan da. Bestetik, errezitaldiak ere badu balio erantsirik, letra zirenei gorputza ematen baitie, eta nola.

Halakoa atera naiz, sorginek hartutako sorgin,
gauez ausartago, aire beltzean nabil;
gaizkia amets, argirik argi,
etxerik xumeenetan bete dut nire aldia:
hamabi hatzeko eme, koitadu bakarti, nago burutik.
Halako emakumea, emakume ere ez haiz.
Gisa horretakoa izan naiz.

Los comentarios están cerrados.