07

May / 2015

Elkarrizketa:Antonio Casado da rocha

Autor:

Antonio Casado da Rocha: “Poesiari begiratzen diogunean ez zaigu harria interesatzen, Arestiri bezala, ezpada harri bihurtzeko bidean dagoen hori”

“Laba/lurra, poema berriak eta hautatuak” izenburuko errezitaldia eskainiko dute gaur hilak 7, Antonio Casado da Rocha eta Oier Guillan autoreek. Udal Liburutegiko ekitaldia aretoan izango da, San Jeronimo kalean, arratsaldeko 19:30etan. Emanaldi berezi bat egiteko asmoa agertu dute, soila baina ezohikoa. Irakurraldiaren oinarrian Casado da Rocharen bigarren poesia liburua dago, Islandiera ikasten (Utriusque Vasconiae, 2014). Idazlearekin solasean aritu gara, emanaldiari eta bere poeta-ibilbideari buruz zerbait gehiago jakiteko.

[youtube]https://www.youtube.com/watch?v=QgEvEHg0vMA[/youtube]

Poesia beste modu batzuetan gizarteratu behar dela azpimarratu zenuen zeure Argiako blogean. Ikuspegi horretatik ulertu behar dugu Laba/lurra proposamena?  

Literaktumen beraren helburuetako bat bada arteen arteko lotura sustatzea, elkarrizketa sortzea poesiaren eta beste arte-adierazpide batzuen artean. Hortaz, uste dut komeni zela horrelako zerbait egitea. Oierrek berak bere aldetik egin izan du, Metrokoadroka kolektiboaren lanak oso hibridoak izan dira beti, adibidez, Idoia Beratarbide ibili izan da oholtza gainean marrazten. Horrelako gauzak dibertitzen gaituzte, eta uste dut Oier eta biok bat gatozela horretan, poesia-emanaldi ezohikoak egitea interesatzen zaigu.

Bestalde, poesiak badu ospe txarra gurean, jarduera elitista dela, kriptikoa, bertsolaritzarekiko kontrastean, nahiz eta azkenaldian bertsotan ere egin diren gauza nahiko hibridoak.

Gure errezitaldia, azken batean, beste ekarpen bat gehiago da ildo horretan.

Eta zertan datza ekarpen hori?

Oier eta biok saiatuko gara irakurraldia ahalik eta dinamikoena egiten, baina berrikuntza, hain justu ere, bideoa txertatzea da. Oierrek eta biok hitz egiten dugun bitartean bideo bat proiektatuko dugu eta horrek garrantzia handia izango du. Gorka Belaskoren marrazkiak agertuko dira bertan.

Esan bezala, poesia-emanaldi ezohikoak egiteko ahaleginean, musika baliatzea izan da bide tradizionalena. Guri otu zitzaigun, ordea, marrazkiarekin lotzea. Lehenengo liburuan Pernan Goñirekin lana egin nuen azala egiteko. Mundu hori asko gustatzen zait, oso freskoa iruditzen zait, eta gaur egun gero eta ohikoagoa da bilkura akademikoetara marrazkilari bat joatea, bilkura hori iruditan biltzeko. Ez da gauza berria.

Gorka Belasko ezagutzen dugu, bera sketch crawlaren munduan dabil, eta banekienez nire liburua irakurrita zeukala, irakurketa grafiko bat egin zezan eskatu nion. Liburuan bertan badaude hainbat marrazki eta horiekin bideoa osatu dugu. Gorka bera errezitaldian egongo da, norbaitek egin nahi izanez gero, ekarpenak jasotzeko, baina ez da oholtza gainean egongo, baizik eta ikus-entzuleen artean.

Nondik dator Laba/lurra izenburua?

Ez da liburu bateko emanaldia. Poema zaharrak irakurriko ditugu, bai neurek, bai Oierrenak, eta baita beste poeta batzuenak ere. Egia da, hala ere, errezitaldiaren bizkarrezurra Islandiera ikasten liburuak emango duela eta bilduma horren atal bat, agian atal garrantzitsuena, Laba/lurra deitzen da. Bi errezitatzaile izanik, eta ez dakit nor den laba eta nor lurra, interesgarria da bien arteko harremana aztertzea. Gainera, badago momentu bat non laba lur bihurtzen den eta guri hori interesatzen zaigu, tartean dagoena, prozesua.

Interesatzen zaizkigun hainbat gauza prozesuak dira, Jule Goikoetxeak ere badauka, adibidez, horri buruzko poema bat, eta politikagintzan eta herri mugimenduetan presente dago bidearen garrantzia. Beraz, guk gizarteari, edo etikari, edo poesiari begiratzen diogunean interesatzen zaiguna ez da harria, Arestiri bezala, baizik eta oraindik harri ez dena, harri bihurtzen ari den hori.

Prozesuaren eta laba/lurraren ideia hori ardatz hartuta egituratu duzue emanaldi osoa?

Ez, anitza izango da. Egia da Islandiak, toki gisa, eta iparraldeak ere toki handia hartuko dutela, baina denetarik egongo da, liburu osoaren ideia emate aldera. Paisaia-poemak egongo dira, Islandian kokatuta. Besteak beste, egunotan hainbeste entzun dugun lege islandiar horri buruzko poema bat irakurriko dugu, istorioa kontatzen duena.

Laba/lurra izenburuak landuko ditugun gai batzuen berri ematen du, baina emanaldia ez da soilik Islandiari eta geologiari buruz izango. Emanaldi anitza sortzen saiatu gara.

Beste poeta batzuek lanak ere irakurriko duzuela esan duzu. Zeintzuk?

Islandiera ikasten izenburua beste poeta baten lanetik dator, Bill Holm, hark bai ikasi baitzuen islandiera. Poema hori bera euskaratu dugu, beren-beregi, eta irakurriko dugu. Horrez gain, poeta islandiar garaikide baten poema bat ere euskaratu dugu. Ez dugu zuzenean islandieratik ekarri, ezpada ingelesa zubi-hizkuntza gisa baliatuta. Emanaldian bietara irakurriko dugu, islandieraz eta euskaraz. Erronka moduan hartu dut islandieraz irakurtzearen, lagun batekin praktikatzen aritu naiz. Ikus-entzuleak harritzea nahi dugu, islandiera oso arrotza zaigu-eta.

Hizkuntza-ikasketaren prozesua oso presente dago zure poemetan.

Bai, poesia idaztea laborategi moduko bat izan baita niretzat, euskara hobeto ikasteko. Bigarren liburuan, islandiera metafora gisa erabili dut.

Poeta modura asko gustatzen zait euskaraz idaztea eta euskara bera hizkuntza bezala, justu berandu xamar ikasi dudalako. Hori dela-eta, hizkuntza kanpotik ikusteko aukera daukat, objektu estetiko gisa. Gainera, aurrez aurrekoan traketsago aritzen naiz eta askotan poemak idazten ditut aurrez aurre esaterik ez daukadana esan ahal izateko.

Ahalduntzeaz asko hitz egiten da azkenaldian eta nire kasuan poesia idaztea euskara-hiztun gisa ahalduntzeko bide bat izan da. Sarritan, euskaldunberriok edo euskara ikasten ari garenok, konpleju asko ditugu, ez gara hitz egiten ausartzen… Edo askotan esaten digute: zure ama-hizkuntzan ez bada ezingo duzu benetan adierazi sentitzen duzuna. Hain zuzen ere, horri buruzko poema bat idatzi nuen, eta nire apustua juxtu kontrakoa izan da: ba bai, beste hizkuntza hori ikasiko dut eta neureganatuko dut. Poesiaren bitartez, horrekin jolastu dut, eta lagundu dit hizkuntzaren ikasketa modu ludiko batean ikusten eta ez betebehar bat bezala.

Amaitzeko, eta errezitaldira itzulita, Oierren eta bien arteko elkarrizketa izango da zuena?

Hibridoa izango da, aldi berean irakurraldi antolatu bat baina solasaldirako tartea ere egongo da. Nire ustez, emanaldiak aukera paregabea dira liburuak berreskuratzeko eta ezagutzera emateko. Hortaz, gurea ez da izango soilik poemak bata bestearen atzetik irakurtzea. Oier eta bion artean elkarrizketa txikiak izango ditugu, giroa informalagoa izan dadin, askotan poesia-irakurraldiak tonu solemnean egiten direlako.

06

May / 2015

Parinoush Saniee: txostenak literatura bihurtzearen artea

Autor:

Solasaldi batekin hasi genuen Literaktum jaialdia, duela bi egun. Parinoush Saniee autore irandarra gurean ibili da azken bi egunotan, atzo goizean jasotako Zilarrezko Euskadi Sariaren kari, eta Udal Liburutegiko aretoa lepo bete zen, kontatzeko zituenak aditzeko. Bere aurreneko eleberriaz hitz egin zuen batez ere, espainieraz Salamandra argitaletxeak kaleratu duen El libro de mi destino nobelaz, horixe saritu baitu du Gipuzkoako Liburu Saltzaileen Elkarteak. Iranen zeresan handia sortu zuen liburuak eta aurrez ere nazioartean sariak eta errekonozimendua jasotakoa da.

Masumeh andre protagonistaren bizitzari jarraikiz, Iranen historiako azken hamarkada aldakorren berri jasotzen dugu irakurleok Sanieeren nobelan: gobernuaren aurkako protestaldiak, guda, iraultza islamikoa, errepresioa… Gertaera handiok zuzenean eragiten dute Masumeh-ren bizitzan, besteak beste, bere anaiak erlijiotsu sutsuak direlako, eta senarra iraultza egin nahi duen komunista delako, eta, gerora, preso politikoa.

Andreei egiturak berak ezartzen dizkien zailtasunak ere hizpide ditu, ordea, Sanieek. Besteak beste, bere anaiek inongo arazorik gabe egin litzaketen ikasketak egiteko gogor borrokatu behar du Masumeh-k eta familiaren ohoreari eustearen ardura berari dagokio, eta ohore hori beti da urratzen errazegia, zeini galdetzen zaion. Senarraren laguntzarik gabe hiru seme-alaba hezteko nekeek badute, halaber, tarterik liburuan. Umeak sarritan bizitzeko arrazoi dira protagonistarentzat eta interesgarria da ikustea nola irakatsi nahi dien beren kabuz pentsatzen, aita ez heroi ez terrorista bilakatzen, egunero-egunero beraiekin hizketan arituta. Edonola den, liburuaren amaierak berriro ere dakar familia kontrol-eremu gisa, kasu honetan zentsura gauzatzen dutenak ez badira ere anaia burugogorrak, ezpada Masumeh-k hainbeste maite dituen seme-alabak.

Sanieek solasaldian azaldu zuenez, amaiera horrek, zeinean Masumeh-k uko egiten baitio (nolabait esatearren) bere bizitza berregiteari, zeinean amore ematen duen beste askotan altxatu den arren, eztabaida piztu du. Autoreak berak nahiago izan luke beste modu batean bukatu, baina errealitateari ahalik eta estuen lotzen saiatu zen. Alegia, zer egingo luke, edo zer baimenduko litzaioke, benetan, 50 urte pasako andre irandar bati, berriz ezkondu eta bestelako bizitza bat hasteko aukera balu? Erantzuna argi zegoen: atzera ezkontzea, adin horrekin (!) desohorea litzateke guztientzat, bai amarentzat bai seme-alabentzat. Ez lukete onartuko, ama zoriontsu egingo balu ere.

Irakurle batzuk kargu hartu zioten amaierarengatik eta baita gutunak idatzi ere. Pozgarria izan da hori idazlearentzat, erakusten baitu gaiak azkura sortzen duela eta eztabaidagai ipintzen has daitekeela, eta, bere esanetan, gaiaren inguruko eztabaida eta hausnarketarik egin ezean, ez da aldaketarako aukerarik izango.

Iraneko andreen errealitatera estu lotze nahia eleberri osoan dago presente. Hain zuzen, oraindik aipatu ez dudan arren, eleberriaren abiapuntua esanguratsua da oso. Sanieek urte luzez egin du lan ministerio batean, ikerketa soziologikoak eginez herritarren eta batez ere andreen bizi-baldintza eta egoerari buruz. Ikerketa horietatik erauzitako ondorioekin eraiki du eleberria. Jendeak irakurriko zuen zerbait idatzi nahi baitzuen, txostenak ez zirelako inorengana iristen, eta, esan bezala, Sanieerentzat garrantzitsua zen ikerketa horietan ondorioztatutako gauzetako batzuk mahai gainean jartzea behingoz. Psikologia ikasitakoa ere badenez, txosten soziologikoak ez ezik, berarekin lan egindako hainbat lagunen testigantzei esker ikasitakoa ere baliatu du eleberria idazteko.

Bistan dena, bete-betean asmatu zuen literaturarako jauziarekin.

Idazketa-prozesua aipatzen badut, ezinbestean kontatu behar dut liburua bukatu ostean autoreak bere herrialdeko kultur eta hezkuntza islamikoaren ministerioarekin izandako arazoena, eleberria atzera eta aurrera ibili baita, argitaratzeko baimena lortzeko ahaleginean. Agintean zenaren arabera, batzuk onberagoak izan baitira, bi urteko ibiliaren ostean lortu zuen Sanieek nobela kaleratzea, eta arrakasta itzela izan zuen, 14 argitalpen erdietsita. Atzera debekatu dute, ostera, eta horren erakusgarri da Salamandra argitaletxe espainiarrak ingeleseko bertsiotik egin behar izana itzulpena, jatorrizko farsiaren eskubideak ezin erosita. Sanieek kontatu zuen sarritan deitu dutela epaitegietara liburu honen aitzakian, eta gehienetan entzunaldi horiek ondorio larririk izaten ez duten arren, argi dauka: zelatan dauzkadala jakinarazteko modu bat da, beldurra sartzekoa, azken batean.

Solasaldiaren osteko elkarrizketa informalagoetan norbaitek esan zuen gisan, horrelako jaialdien onena horixe bera izaten da, Saniee bezalako autore ausart eta etsitzen ez direnekin modu informalagoan ere jarduteko aukera edukitzea. Era berean, Sanieeren ibilbidearen berri hunkituta eta elkartasunez aditu arren, andreen eskubideez eta jendarte-eredu justuagoez ari bagara, erosoegia da urrutira begiratzea eta ez-dakit-nongo edo beste hartako gertaerekin soilik asaldatzea. Hots, besteren begiko izpiari itsusi iritzita, norbere begiko ezpala ahazten dugula sarri. Gomendatzen dizuet Sanieeren liburua irakurtzea, baina gomendatzen dizuet, biziki, ahalegina egitea, hango eta hemengo zapalkuntzak, muinean, hain diferenteak ez direla ere ikusten hasteko.