11

May / 2016

Herioren iheslariak gara

“Nitaz idaztea zutaz idaztea da” zihoen azken posteko amaierak. Anjel Lertxundik “zu”taz idatzi du ahots ezberdinak baliatuz: idazlea, emaztea, gizakia. Baina nor da liburuari izenburua ematen dion “zu” hori? Min-bizia duten emakume guztiak, gaitzaren aurpegiak. Indibidualizatzea saihestu du Lertxundik, irakurleak ez dezan pertsona jakin batengana jo. Zu oinazeari buruzko gogoeta bat da, bizipen baten kronika, aitortza bat, sufritzen ari den aldameneko horrengana heltzen saiatzeko modu bat. Bihotzarekin idatzitako liburu bat da. Liburu ezberdin bat. Beharbada, hori da Lertxundiren ezaugarri literario nabarmenena, ez da liburu bakarreko idazlea, eta bere ibilbidean gai, erregistro eta unibertso literario ugari sortzeko gai izan da. Hamaseigarrenean aidanezetik edo Tobacco daysetik Kapitain Frakasara, Otto Pettetik Zorion perfektuara, Ihes beteatik Zura, eta abar.

Zentzu horretan, orain arte aitortza pertsonal gutxi egindakoa zen Lertxundi. Beharbada Eskarmentuaren paperak saiakeran jo zuen bide horretatik, baina hango hausnarketak teorikoagoak ziren, eta Zurenak, berriz, pertsonalagoak, haragizkoagoak. Liburuko pasarte batean aitortzen duen bezala, “Bizitza batek ez du bere benetako neurria erakusten talka egin arte nahigabearekin”.

Liburua idatzi bitartean gauza bitxi bat gertatu zitzaion. Normalean, musikaren laguntzarekin idazten du Lertxundik, batez ere tonu edo trenpu egokia bilatzeko. Mozart gehiago atsegin duen arren, Bach nabarmendu zuen, beharbada hura baita bizitzaren misteriora gehien hurbiltzen den konpositorea. Zun, ordea, apenas erabili duen musikarik.

Lertxundik azaldu zuen hasieran liburua “ni”tik idatzia zegoela. Klasizismoan bekatu handitzat hartzen zen “ni”tik idaztea, baina erromantizismoak aldarrikatu zuen hain zuzen ere “ni”aren indarra. Protagorasek aspaldi esan zuen: gizakia da gauza guztien neurria. Gabriel Arestik “Munduaren neurria” poeman antzeko zerbait adierazi zuen: “Nire buruaz mintzatzen naiz, naizelako/munduaren neurria”. Hala ere, Lertxundiri literarioki astuna egin zitzaion “ni”tik bakarrik idatzitako hasierako zirriborro hura, eta “ni” horrekiko distantzia bilatzeko, beste ahots batzuk sartu zituen nobelan. Horren harira, armairutik atera ote den, galdetu zion umoretsu Goizalde Landabaso idazle eta kazetariak, Lertxundiren solaskide jardun zuenak. Anduk onartu zuen beldur eszeniko antzeko bat izan zuela liburuarekin hasieran, lotsa moduko bat. Aurki aterako da liburuaren gaztelerazko bertsioa, Gerardo Markuletaren itzulpenarekin. Itzulpen horren aurrean lasai agertu zen idazlea, “etxeko” elementua, elementu intimoa difuminatuta agertuko delako eta harrera literarioa izango delako.

Lertxundik irakurleek bidalitako oharrak gordetzeko ohitura du. Bitxiki, Zuri buruz jasotako oharrak, orain arte idatzitako beste liburu guztiengatik jasotakoak baino gehiago izan dira. Beharbada, gaiarengatik, beste irakurle mota bat hurbildu zaiolako. Azken batean, min-bizia presente dago gure bizitzan, eta gehienok bizi izan dugu kasuren bat gertutik.

“Bizitza osoa geneukan aurrean. Orain ez, izatez, lehen ere ez. Baina ez genuen horretaz pentsatzen”, dio liburuko pasarte batean. Zer egin muturreko egoeratan? Jainkoarengana hurbildu? Andurentzat jainkoa eta deabrua kontzeptu beraren aurkia eta ifrentzua dira. Liburua oinazeari buruzko hausnarketa bat da, baina humanismoaren barruan kokatua. Hitz gakoa duintasuna da, duintasunez jokatzea zer gerta ere. “Duintasuna galtzeari diot beldurra”.

Bide batez, medikuntzaren deshumanizazioa salatu zuen idazleak. Lehentasuna sistema da, ez pertsonak. Deigarria egiten zaio pertsonak artatzeaz ez dela ezer ikasten medikuntza fakultatean, ezta medikuntzaren historia bera ere. Lanbidea teknifikatu egin da, eta sarritan ahaztu egiten da pertsonekin ari garela, ez gaixotasunekin. Deshumanizazioa ez da soilik medikuntzaren alorrean ematen den zerbait, gizartean orokorrean gertatzen ari den zerbait ere bada.

Lertxundik eta Landabasok solasaldi bizia eta sakona eskaini ziguten, eta hainbat gai jorratu zituzten: literaturaren salbazioa, poesia eta itzulpengintza, Hanekeren Amour filma, gizon-emakumeen arteko rol aldaketa, Thomas Mannen Mendi magikoa, Camusen Izurritea, itzulpengintza… Hain zuzen ere, Lertxundik aitortu zuen damu zela lehenago itzuli ez izanaz, beste idazle bat hobeto ezagutzeko aukera izateaz gain, oztopo literarioak gainditzen ikasteko ariketa ezin hobea baita. Are gehiago, idazle gazteei horixe aholkatuko lieke: itzultzea.

Hitzak ez baitira nekatzen. Oraindik ez, ez Lertxundirenak. Ez gureak, ez munduarenak. Benetako plazera izan zen hura entzutea. Lezio bat literaturaz eta bizitzaz.

Anjel Lertxundi @ Alderdi Eder

Anjel Lertxundi @ Alderdi Eder

Los comentarios están cerrados.