13

May / 2016

Irudimenaren aldeko aldarria

Liburu-dendak izan ziren Rivasen hitzaldiaren ardatza. El último día de Terranova du izenburua bere azken nobelak, eta Terranova hori, hain zuzen ere, liburu-denda bat da. 2014. urtea da, eta liburu-denda desagertzeko arriskuan dago. Hirurogei urte eman ditu irekita, eta urte horietan guztietan babesleku bat izan da irakurzaleentzat, iheslarientzat, disidenteentzat, liburu debekatuentzat, kultura-kontrabandistentzat eta abar. Haatik, liburu-denda ez da arriskuan dagoen denda bakarra. Nobelaren hasieran, protagonista den Fontana jaunak paseo bat ematen du Farora bidean, eta denda asko arriskuan daudela ohartzen da. Socrates kioskoa, Boreal lanpara-denda, Ambrosía gozodenda, Ovidio taberna, La Donna Moderna lentzeria… Gehienetan zoritxarreko afixa bat ikus daiteke kanpoaldean: liquidación por cierre edo liquidación total.

Rivasen ustez, dendak bakarrik ez, gizakia ere dago arriskuan. Giza-espazioak ixtea seinale txarra da, gizakia bera etxegabetzea baita. Ekosistema oso bat dago iraungitze arriskuan dago, kulturaren ekosistema, transmisioarena, memoriarena. Liburu-dendak kulturaren likido amniotiko moduko bat dira, eta, desagertzen badira, umezurtz gera gaitezke, ez-leku batean. Liburu-dendak espazio biziak dira, eta han denok gara berdinak. Ez bakarrik gure artean, baita espazioan eta denboran zehar ere. Shakespeare eta Cervantes liburu-dendan daude, eta haiekin hitz egin dezakezu. Idazleak han daude, haiekin hitz egin dezakezu, haien lurraldera eta garaira bidaiatu…

Irudimenaren aldeko aldarria egin zuen idazle galiziarrak, eta bereizketa egin zuen irudimenaren eta fantasiaren artean. Nobela bat idaztea lehen existitzen ez zen leku bat sortzea da, nahiz eta baduen errealitatearekin lotutako oinarri bat. Nobela leku psikogeografiko bat da, bai eta historiaren inpozisioaren aurka borrokatzeko modu bat ere. Horixe da literaturaren berezitasuna: historiaren intimitatea eta egunerokotasuna erakusteaz gain, benetako historia bat sortzen du. Izan ere, nobela ez da abstrakzio hutsetik sortzen, errealitatearen murmurioa izaten du atzetik. Gainera, nobela bat ezin da tesi edo ideologia baten menpe egon. Nobelak pertsonaietatik kontatu behar du, pertsonengan gertakariek zer eragin duten erakutsi behar digu. Are gehiago, sarritan irudimenezko pertsonaiak, fikziozkoak alegia, errealitatearen zati dira. “Kalean dauden estatuak baino benetakoagoak dira, historia liburuetan agertzen diren hainbat pertsonaia baino benetakoagoak”. Rivasek aitortu zuen nobela bukatu arren, liburuko pertsonaiekin hizketan jarraitzeko gogoa izaten duela oraindik.

El último día de Terranova erreferentzia literarioez beteta dago, baina Rivasek ez ditu sartu erreferentzia horiek metaliteraturagatik edo erudizioagatik, liburuez ari delako baizik, eta liburuak izaki bizidunak direlako. Nobelako liburu horiek itsasontzietan datoz, maletetan, eta istorio asko dauzkate kontatzeko. Gainera liburuek konexioak, zubiak, hariak eratzen dituzten beste liburu edo egileekin; lurralde berri batera garamatzate, eta haiei esker memoriak bizirik dirau. Rivasek adibide batekin laburbildu zuen erreferentzia literarioen kontua. “Basoari buruzko nobela bat idazten baduzu, zuhaitzei buruz hitz egin behar duzu. Zer izen duten, zer forma, zer ezaugarri. Bada liburuekin beste hainbeste. Liburu-denda bati buruz ari banaiz, liburuei buruz ere hitz egin beharko dut”. Hala ere, nobelan ez dira bakarrik liburuak ageri. Gerra ondoko errealitatea ere islatzen du, eta hainbat gai eta kezka ukitzen ditu: frankismoaren errepresioa, irakasleen egoera, polio gaixotasunaren epidemia baten gorabeherak, drogak… Rivasek uste du nobelek badutela paralelismo halako bat arkeologiarekin. Urratsak uzten dituzte, eta irakurleak urrats horien bidez eraiki behar du bere istorio propioa. Irakurlea nobelaren parte hartzaile aktiboa da.

Liburuaren eta literaturaren usaina oso gaztetatik izan zuen Rivasek. Gogoan du literaturarekin izan zuen lehen harremana ahozkoa izan zela. Amak Rosalia de Castroren poemak eta abestiak errezitatzen zizkien. Eta etxean izan zuten lehen liburua arrebak eta berak erosi zioten amari, opari gisa. Idazle galiziarrak gogoan du liburu-dendara joan eta libururik mardulena aukeratu zutela, 5.000 años de historia. Hain zen astuna, ezen bien artean eraman baitzuten etxera erreleboak eginez. Liburu haren ondotik liburu gehiago sartu ziren etxean.

Etxeko giroaz ere jardun zuen. “Nire gurasoek Becketten pertsonaiek bezala hitz egiten zuten”. Aitak igeltsero gisa lan egiten zuen eraikuntzan, eta sarritan goitik behera bustita etortzen zen etxera. Rivasek gogoan du aitaren lanerako arropa sukaldean zintzilikatuta egoten zela, baina apenas lehortzen zela egun batetik bestera. Sukaldeari bilbotarra esan omen zioten, burdinazkoa zelako. Rivasek gaztetatik erabaki zuen idazle izan nahi zuela, eta miresten zituen idazleak kazetari ere bazirenez, kazetaritzatik jotzea erabaki zuen. Hala ere, ez zegoen Kazetaritza Fakultaterik Galizian, eta A Coruñako egunkari batean sartu zen lanean hamabost urterekin. Gero, ofizio hura zainetan zeramala ohartu zenean, Madrilera joan zen kazetari ikasketak egitera. Amak aholku bakarra eman zion: ”bilatu bustiko ez zaren lan bat”. Rivasek, umoretsu, onartu zuen amari kasu egin ziola, baina kazetaritzan asko busti beharra dagoela. Horretan dabil. Eta jarrai dezala luzaroan. Irakurleok zinez estimatuko diogu.

Manuel Rivas @ San Jeronimo [sala de actividades]

Manuel Rivas @ San Jeronimo [ekitaldi aretoa]

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *