16

May / 2016

Porrotaren poetika

Autor:

Ez da ariketa erraza joan den ostiralean Ernest Lluch Kultur Etxean “Literatura y fútbol” titulupean garatu zen solasaldia laburtzea, gai eta erpin asko izan baitzituen. Gainera, nire buruari erronka zehatz bat jarri diot: futbolaz bezainbeste literaturaz hitz egitea. Eta bihoa aurretik nire aitortza: futbolzalea naiz (hots, ez hooligan-a). Inor ez da perfektua. Eta, ezinbestean, Realekoa. Etxeko taldea izateaz gain, ni txikia nintzenean ligako talde onena baitzen. Nik Arkonada izan nahi nuen, Zamora, Satrustegi, Lopez Ufarte… Naizena izatearekin konformatu behar izan dut, eta ez da gutxi. Garai bertsuan Zico eta Socratesen Brasilez maitemindu nintzen; gero, Maradonaz, geroago Sacchiren Milanaz, eta, oraintsuago, Messiz. Ordu gogoangarriak igaro nituen txikitan futboleko kromoekin jolasean. Jokalari jakin bat lortzen ez banuen, egunkaritik haren argazkia moztu eta kolaz itsasten nuen kartoi puska batean.

Baina natorren harira. Hiru solaskide izan ziren urte askoan itxuraz elkarren aurkakoak diren futbolaz eta literaturaz hizketan. Santiago Roncagliolok eta Santiago Segurolak bi gai horiez duten ezagutza agerian utzi zuten, eta lan horretan lagun izan zuten Aixa de la Cruz, moderatzaile gisa. Roncaglioloren ustez, Berlingo harresia erortzearekin batera hasi ziren gauzak aldatzen. Ordura arte ideia-egitura sendo bat defendatu behar zen. Gerra Hotzaren garaia zen, ideologiena, baina murrua erori ondotik, badirudi ideologien mundu hori apurtzen joan zela, eta jendearen benetako bizitza bihurtu zela pentsamenduaren ardatza. Eta, jakina, futbola bizitza erreal horren zati garrantzitsua da. Segurolak azpimarratu zuen futbola gizarte klase baxuekin lotzen zela, gauza herrikoiekin. Hori dela eta, idazle askok mespretxu puntu batez begiratzen zituzten futbol kontuak, baina Nick Hornbyren Fever pitch eleberriarekin hasi ziren gauzak aldatzen. Segurolaren ustez, nobela horrek duintasuna eman zion futbolaren eta literaturaren arteko harremanari, eta, hortik aurrera, Britainia Handiko idazleek konplexurik gabe erabili izan dute futbola literatur gaitzat. Hego Amerikan ohikoagoa izan da bien arteko ezkontza. Hor ditugu, besteak beste, Osvaldo Soriano, Fontanarrosa edo Eduardo Galeano. Azken honen El fútbol a sol y sombra biziki gomendagarria da. Segurolak Valdano goraipatu zuen, bai eta haren liburuak gomendatu ere.

Bitxiki, AEBetan kirolaren eta literaturaren arteko lotura hasiera-hasieratik izan da naturala. Kirola amerikar abenturaren eta epikaren osagai bat da, eta idazle askok idatzi dute kirolari buruz edo kirolariak izan dira. Hemingway, Norman Mailer, John Irving, Don DeLillo… Ez dute beldurrik edo lotsarik kirolaz hitz egiteko, beren izaeraren eta kulturaren zati bat baita. Europa intelektualagoa da, eta gehiago kostatu da futbola literaturan sartzea eta onartzea.

Kontrako aldean legoke, adibidez, Borges. Bi solaskideek aipatu zuten adibide gisa. Idazle argentinarrak futbola gorrotatzen zuen, futbolfoboa zen. Elkarrizketa ezberdinetan argi utzi zituen futbolfobia horren aztarnak: «Futbola bere horretan ez zaio inori interesatzen. Jendeak ez du sekula esaten: bai arratsalde ederra igaro dudala, bai partida ederra ikusi dudala, nahiz eta nire taldeak galdu. Ez dute halakorik esaten garrantzia duen gauza bakarra emaitza delako. Ez dute jokoaz disfrutatzen». Esaldiak zer pentsa emango lioke entrenatzaile bati baino gehiagori. El Alephen egileari futbola estetikoki zatarra iruditzen zitzaion, «hamaika jokalari beste hamaikaren kontra baloi baten atzetik korrika ez dira bereziki ederrak». Futbolari buruz esan zituenen artean leunenetakoa da hori. Baditu gordinagoak: «el fútbol es popular porque la estupidez es popular». Behin, Amorin idazle uruguaiarrarekin joan omen zen Argentina eta Uruguairen arteko partida bat zuzenean ikustera. Bada, lehenengo zatia amaitu zenean, Borges eta Amorim estadiotik joan ziren, ez baitzekiten bigarren zati bat zegoenik.

Roncagliolok, ordea, futbola aldarrikatu zuen literatur gai gisa. Idazle perutarraren ustez, porrotak garaipenak baino literaturtasun handiagoa dauka, eta askoz ere poetikoagoa da. Porrotak gure barruko alde zailenekin jartzen gaitu harremanetan. Ederragoak dira porrotak. Gainera, futbolean badago xalotasun betiereko moduko bat. “Oraingoan irabaziko dugu”, esaten dio zaleak bere buruari edo inguruan dagoen zaleari. Gauzak hobetu daitezkeela pentsatzen du zaleak, ez du inoiz esperantza galtzen. Fede xalo moduko bat da berea, astebururo berritzen dena. “Gaur bai!”. Roncagliolok esan zuen Atlético de Madrid taldeko zalea dela, eta urte askoan porrota ezagutu dutenez, orain benetan gozagarria dela garaile izatea.

78ko Munduko Kopa behin eta berriz agertu zen hizketaldian zehar: Videlaren erregimena, ustezko irregulartasunak eta tranpak… Hainbat erregimen totalitariok futbola bere interesetarako erabili duela azpimarratu zuen idazle perutarrak. Are gehiago, faxistei izugarri atsegin zaizkiela Munduko Kopak: futbol zelaia goraino betea, denak talde edo ideal sinple baten alde estu elkartuta, koloreak… Canettik sakonki aztertu zuen gaia Masa eta boterea saiakeran. Pentsa, Argentinako Munduko Kopa hartan Videlak giza eskubideen aldeko aldarria egin zuen behin eta berriz kameren aurrean, baina Munduko Kopa ospatzen zen zelaitik oso gertu erregimenaren aurka zeudenak torturatu egiten zituzten. Munduko Kopa hartako finala Holandak eta Argentinak jokatu zuten, eta Argentina atera zen garaile. Roncagliolok ekitaldi hartan oinarritutako nobela kritiko bat dauka, eta nobela hura berehala itzuli zen Holandan, Munduko Kopa hura biziki gorrotatzen baitute.

Segurolak futbolaren zinismoa salatu zuen, eta azken hamarkadetan diruak eta interes ekonomikoek futbola pozoitu dutela gaineratu zuen. Berlusconiren eredua aipatu zuen, zeinak futbola erabili baitzuen boterea eskuratzeko. Futbolaren arrakastak atxikipena eta kohesio soziala eragiten du. Berlusconik Forza Milan leloa hartu eta Forza Italia bihurtu zuen hauteskundetara aurkezteko, bai eta irabazi ere. Santiago Bernabeuko palkoko negozio ilunak ere aipatu zituen kazetariak. Ustelkeria horrek, apustuek edo dopin kontuek futbolaren gainbehera ekar dezaketela ohartarazi zuen.

Gero eta zailagoa da futbola begi xaloekin ikustea. Futbolaren inguruan dauden interes ilunek zikindu egiten dute kirola bera. Horregatik esaten dute futbola haurtzaroaren kontua dela, benetan xaloa zaren garaikoa. Haurtzaroko heroiak tinta ezabaezinez finkatuta geratzen dira haurraren gogoan. Hilezkorrak dira. Gero, heldua bihurtzen zara, eta hor hasten dira komeriak. Heroiak mertzenario bihurtzen dira, traidore, alfer, kalamidade, ligak bata bestearen oso antzekoak, bereizezinak ia… Baina baloiak berdegunean biraka jarraitzen du, eta gu hari begira, Sisifo bere harriari nola. “Gaur bai…! Oraingoan irabaziko dugu!”, haurtzaroan bezain xalo. Edo gure burua engainatu nahian.

Fútbol y literatura

S. Segurola, A. de la Cruz & S. Roncagliolo