20

Nov / 2017

Filosofia kalean

Autor:

Ez zirudien oso leku aproposa hasiera batean. Jakin bagenekien espazioek gure gorputzak baldintzatzen dituztela. Nola sortzen diren espazio hotzak, epelak edo beroak –edota horien tarteko graduren bat–; nola bultzatzen gaituzten espazio batzuek ausartago izatera, edo nola kakaztu dezaketen espazio batzuek beste batzuek emandako aurrerapausoak. Baina arriskatu, arriskatu ginen, eta nago, positiboki ebalua daitekeela atzokoa.

Taba tabernan eta, gainera, larunbata izaki, ez dut uste elkarrizketa filosofiko
asko ematen direnik. Ez gaituzte horretarako hezi. Ordea, atzoko arratsaldea desberdina izan zen, filosofiak blaitu baitzuen giroa eta espazioa. Pentsatu! Jaialdiak filosofia kalera ateratzeko asmotan, Taban hiru elkarrizketa filosofiko antolatu zituen, sei hizlariren eskutik. Goizean ere Kaxilda liburutegian Ixiar Rozasen eta Santiago Alba Ricoren arteko elkarrizketa egon zen: Sobre la voz y el cuerpo. Eta ez hori bakarrik, ostiralean Filosofiako Fakultatean bertan hainbat jarduera egin baitziren helburu berarekin. Bi egun izan badira ere, lortu genuen filosofia ikasgelatik kanpo ateratzea. Eta zeinen zaila den hori, zeinen urrun gauden filosofiatik.

Badirudi filosofia Platónen Haitzuloaren Mitoarekin hasi eta bukatzen dela.
Filosofian irakasten diguten lehenengo gaia da gehienetan, eta erakusten den
moduagatik zerbait “arraroa” dela iruditzen zaigunez, ja filosofia osoa ideien
munduekin edo “arraroa” den horrekin erlazionatzen dugu, zoritxarrez. Baina filosofia, zorionez, ez du Platónek bakarrik okupatzen, eta interesgarria (eta beharrezkoa) izan daiteke, oso.

Atzo arratsaldeko lehenengo elkarrizketan, esaterako, “Normaltasun” kontzeptuaz jardun zuten Melania Moscoso eta Alba Amilburu irakasleek. Zer da “normala” izatea? Zerk eramaten gaitu “normala” izatera? Zeintzuk dira “ez- normalak”? Desberdindu egin behar dira “normaltasuna” eta “naturaltasuna”? Zein erlazio daukate? Gisa horretako galderei erantzun zieten, batak besteari tiraka, usteak azaleratuz.

Belen Altunak eta Mikel Torresek animalien eskubideen inguruan eztabaidatu
zuten. Mikelek, begano baten ikuspegitik, animaliek eskubideak dituztela edo
sufrimenduetatik aske bizitzeko eskubidea eduki behar dutela defendatu zuen, izaki kontzienteak direla azpimarratuz. Eta ekologisten aurka, animaliei aske egiteko naturanesku hartu behar dugula adierazi zuen. Belenek, aldiz, barazki-jaleen aurka jo zuen eskubideen esparrua animaliena ez dela azpimarratuz, izan ere, bere ustez eskubideak betebeharrekin elkarlotuta daude eta animaliek ezin dituzte betebeharrik eduki.

Azken solasaldia Maddi Nazabalen eta Agustin Arrietaren artekoa izan zen.
Umoreaz eta umorearen mugaz aritu ziren, egun puri-purian dagoen gaia. Kasu honetan, ez ziren oposiziozko bi ikuspegi egon, aitzitik, batak bestea indartu zuen. Nola den umorea barrea eragiten duen entretenimendu komikoa; nola umorearen bitartez gizarteko arauak edo patroiak ezbaian jartzen diren eta talka bat ematen den; nola umorea ere politikoa den; nola umorea botere-harremanen adierazle den. Hori guztia eta beste zenbait kasu edo adibide landu zituzten Maddik eta Agustinek. Benetan interesgarria.

Hurbildu zen jendeak, zorionez, parte hartu zuen; jendeak bazuen zer esan, eta hori beti poztekoa da. Ea horrelako topaketa gehiago egoten diren, ea filosofia kalera, herrira ateratzea lortzen dugun.

El pensador (François Auguste René Rodin / 1879-1889)