25

Abr / 2016

Danimarka eta Barataria ez daude hain urrun

Autor:

Aurtengo Literaktumeko ekitaldia Shakespeare eta Cervantesen urteurren esanguratsuekin egokitu da, 2016 honen apirilaren 23an betetzen baita bien heriotzaren 400. urteurrena. Azken hilabeteon zenbait biografia, kontu eta bitxikeria eman dira argitara bi idazle handi horien inguruan, eta bada zerbait bereziki deigarria: biek ala biek badute kondaira ilun eta misteriotsu baten zama bizkar gainean. Hain zuzen ere, sarritan espekulatu izan da ez zela Shakespeare izan Shakespeareren lanen idazlea. Hautagai aipatuenen artean daude Francis Bacon, Isabel erregina eta Christopher Marlowe antzerkigilea. Orain urte gutxi, Roland Emmerich zinemagileak Anonymous filma eskaini zion gaiari.

XVIII. mendearen amaieran, Stratfordetik kilometro gutxitara bizi zen James Wilmot jakituna bila aritu omen zen antzerkigile eta poetaren gauzen artean, baina ez zuen ezer aipagarririk aurkitu. Mutur ezkuturen bat zegoela bururatu zitzaion, eta frakasoaren erresuminak jota, Francis Baconi egotzi zion Shakespeareren korpus-a. Ordura arte inori ez zitzaion otu ere egin Shakespeareren egiletza ezbaian jartzea. Are gehiago, Shakespeareren garaiko idazle bakar batek ere ez zuen horrelakorik salatu. Hala ere, onartu beharra dago hipotesiak bere bidea egin duela, eta, ikuspegi literario batetik begiratuta, aski emankorra eta iradokitzailea dela. Da Vinci kode berri baterako ere eman lezake. Kontua da apenas dagoela orduko agiririk, eta garai hartan oso egunkari, memoria- edo kronika-liburu gutxi idatzi zirela. Hala ere, informazio hutsuneak ez du berez esan nahi sekreturik dagoenik. Gainera, XVI. mendera arte ez zen egilearen irudia indarrean sartu antzerkiaren alorrean. Antzezlanak taulara eramaten zituen antzerki-konpainia zen antzezlanaren egilea, eta, sarritan, obra bat esku bat baino gehiagoren artean idazten zen. Lanak antzeztea zuten buruan, ez liburu formatuan argitaratzea.

Ez da hain bitxia. Garai batean artistak anonimoak izaten ziren. Ez dakigu nortzuk ziren Altamirako haitzuloetako pinturen egileak, ez eta nortzuk diseinatu zituzten piramideak ere. Iliada eta Odisea olerki epikoak Homero izeneko itsu misteriotsu bati egozten zaizkio, eta, halaber, era askotariko hipotesiak daude rapsoda haren inguruan, baita emakumea zela ere (Robert Gravesek Homeroren alaba eleberrian iradoki bezala).

Cervantesen kasuan egiletza argia eta frogatua da, baina Alcala de Henaresen jaiotako idazleak irrika bizia erakutsi zuen On Kixotearen benetako narratzailea desagerrarazteko eta fikzioa fikzioaren barruan txertatzeko. On Kixoteren istorioak baditu egiarekin nahiz gezurrarekin, ametsarekin nahiz errealitatearekin eta, nola ez, fikzioarekin eta egiarekin keinu eta koska ugari. Lehen zatiko bederatzigarren atalean Cervantesen narratzaileak aitortzen duenez, On Kixoteren istorioa Cide Hamete Benengeli izeneko historialari musulmanari zor zaio, eta haren idatzietatik hartu omen zuen berak. Nobelan ez dira falta akrobazia eta joko metaliterarioak. Batez ere, bigarren zatian, hezur haragizko pertsonaiak eta lehen zatikoak, literarioak alegia, batera bizi baitira, eta egoera bitxi horri zukua ateratzen dio Cervantesek maisuki. Batez ere, Baratariako uhartearen eszenan.

Cervantesek ez zuen bizimodu samurra izan. Bizi artean ez zuen arrakasta literarioa ezagutu, zerga-biltzaile eta soldadu jardun zuen, kartzelan egon zen, eskumikatua izan zen, Argelen bost urte eman zituen bahituta… Bost urteko egonaldi hartan behin baino gehiagotan saiatu zen ihes egiten, eta harrapatu bazuten ere, ez zuten heriotzarekin zigortu, orduan ohikoa zena. Zergatik barkatu zion bizitza Hassan Baxa agintariak? Han gertatutakoaz ez dira espekulazioak falta. Berriki, Isabel Solerrek Miguel de Cervantes: los años de Argel saiakera eman du argitara (Acantilado argitaletxea). Argeleko gatibuak sarritan agertzen dira Cervantesen lanetan, haren bizitza literarioaren zati garrantzitsu dira, osagai literario dira, bai gatibuen egoera bai bestearen kultura nahiz espazioa interpretatzeko. Garbi dago Argeleko egonaldirik gabe nekez izango zela On Kixotea den bezalakoa, den bezain urratzailea.

Badirudi Shakespearek Cervantes irakurri zuela. Antzerkigileak —John Fletcher-ekin batera— antzezlan bat eskaini omen zion On Kixotean agertzen den Cardenio pertsonaiari, On Kixotek eta Santxok Sierra Morenako basoan topatzen dutenari. Zoritxarrez, antzezlan hori galdu egin zen.

Galdu egin ez dena bi erraldoi horien lana da. Izan ere, aipatu kondairen gainetik, bizirik daude On Kixote eta Santxo, eta beste hainbeste gertatzen da Hamlet, Macbeth, Lear eta beste hamaika pertsonaiarekin. Fikzio identifikagarriak dira, gizaki identifikagarriak, eta gutaz eta gure pasioez hitz egiten digute, hunkitu egiten gaituzte, barrutik aldatzen. Klasiko horiek irakurrita zein berrirakurrita, ez gara jada lehengo berak. Klasikoak aldatu egiten dira irakurleon begietara. Isurian doaz, aldatuz. Ardoaren pareko dira, biolinen egurraren pareko. Bizirik daude, garatu egiten dira, belaunaldi bakoitzak klasiko zaharrak berrirakurri eta bere moldera bereganatzen ditu. Calvinok zioen klasiko bat agortezina dela, ez duela esan beharreko hori inoiz agortzen. Klasikoek ez digute haietaz bakarrik hitz egiten, gutaz ere hitz egiten digute, munduarekin dugun harremanaz. Zenbaitek dio klasikoak modaz pasata daudela. Hori iriztea ez ote da zeharka aitortzea geu garela agortuta gaudenak? Ariketa osasuntsua da klasikoekin aurrez aurre jartzea, ez bakarrik lehengo mundua zertan zen jakiteko, gurea —haren argitan—zertan den eta norantz doan antz emateko baizik. Ispiluak dira klasikoak, giza-hariak, eta Shakespearek eta Cervantesek argi egiten jarraitzen dute oraindik.

KIXOTE

Kixote (egilea: Mattin)

SHAKESPEARE

Shakespeare (egilea: Mattin)