22

Nov / 2017

Ispiluak eta basamortua

Autor:

Bi ikuskizun bereizi izan ditugu Literaktumen, agian ohikoa bezain masiboak ez direnak, literaturaren ertzetara joaten direnak eta beste diziplinekin talka egiteari beldurrik ez ziotenak.

Nigan, ispilu baten bezala, izan zen lehena, Petti eta Irati Jimenezek joan zen larunbatean Lugaritz kultur etxean eskaini zutena. Errezitaldi musikatua ala musika errezitatua, berdin dio, zeren hitzen eta doinuen jolasa betierekoa baita, hitzak kantura erraz egin izan dutelako salto, eta kantua, musika delako, eta musika instrumentuekin hornitzen delako, zapata oinari egokitzen zaion bezalaxe, denak norabide berean lan egiten dutelako, joan-etorriko ispilu joko batean.

Ispiluak, metafora gisa, kristal gardenenak ere lortzen ez duen hori lortzen du: geure buruaren isla ikustea besteengan, geure buruarekin elkarrizketa ahalbidetzea, geure barruan ere besteak ikustea eta haien tokian jartzeko aukera ematea. Ez dago gizakirik bestea gabe; ez dago bizitza bestearekin bakarrik, gizakiak gizaki izateko bestea behar duelako, bestearen isla behar duelako, adibidez, begirada batean, gizaki izaten jarraitu ahal izateko. Ispiluak elkarrizketak dira, besteak ezagutzeko, baina batez ere, besteengan geure burua ezagutzeko. Charles Horton Cooley looking glass self kontzeptu zientifikoaz harago, Petti eta Iratik azaroko gaur hotz horretan ispilu literario eta musikatu zoragarriak oparitu zizkiguten.

Baina, ispilurik ezean, fisikotasun hutsa baino ez dago, haragia, haragi hotza, arimarik gabeko nia. Ispilurik ez badago, bihotzaren leihoetatik basamortua sartzen da, hitzaren zentzu osoan, basati, gordin, mortu, eta hil. Horregatik, Isturitzetik Etiopian barrena ikuskizuna ispiluen kontrapuntu bikaina izan zen. Beñat Goitiak eta Adrian Puck Djak ispilua hautsi zuten, edertasunez hautsi zuten heriotz hotz zorrotz arrotz batean. Gizakia bakarrik geratu zen, berorik gabe, bestearen faltan, entzuna eta ikusia ez zen eremu mortu batean. Edo hobeto esanda, gizakia islarik gabe geratu zen, itaundu ere ezin zuen itzalik gabe, argiz betetako gau zintzilikatu batean. “Amaren bularrak ebaki zituen kutxilloaren ertzak erdibitu egiten du semearen bihotza ere” bota ziguten halako batean eta denok sentitu genuen metalezko aizto errukigabearen hotzikara gure bularreko haragi xamurrak irekitzean izotzezko basamortu bakarti eta krudel horretan. Izatez, Etiopiako basarmortuak ez baitira normalean irudikatzen ditugun bezalakoak; basamortu zuriak eta hotzak dira, ispilu-argiaren berotasunez barrenak goxatu ezean, zainetatik labana bezain hotz sartzen direnak.

Beñatek berak esan zigun kandelak piztea puzte baino hobegoa zela. Baina piztu ezean, puztu, peztu, eta azkenean, azkenean PUM!

Isturitzetik Etiopian barrena [Beñat Goitia & Adrián Puck DJ]