12

Api / 2016

Zaurien mina askatzen duen literatura

Autorea: Liburu dantza

Azken urteotan fenomeno deigarri bat eman da gure literaturan. Letren plazara azaldu diren idazle gazteen artean ia guztiak emakumezkoak dira: Danele Sarriugarte, Alaine Agirre, Goiatz Labandibar, Bea Salaberri, Itxaso Araque, Iratxe Esnaola, Itxaso Martin, Katixa Dolhare-Zaldunbide, Samara Velte… Apenas dagoen gizonezkorik idazle gazteen artean. Gogoan dut orain hamalau bat urte, idazle berrien inguruko saio batean nengoela, datuak ateratzen jarrita, estatistikak zihoen gizonezko idazle gehiago geundela emakumezkoak baino. Zergatik ez daude idazle emakumezko gehiago?, galdetu zuen entzuleen artean zegoen norbaitek. Galdera hartatik hamabost urte baino ez dira igaro, eta gaur egun, alderantzizko zentzuan egin liteke: zergatik dago idazle gizonezko gutxiago? Emakumearen presentzia asko ugaldu da literaturan, ez bakarrik idazle gisa, baita irakurle gisa ere. Orokorrean, emakumeek gizonezkoek baino askoz gehiago parte hartzen dute literaturarekin zerikusia duten ekitaldietan. Bistan da belaunalditik belaunaldira emakume idazleen kopuruak gora egin duela. Bizenta Mogelen lehen lanetatik hona —zeinari Yolanda Arrietak Argiaren alaba eleberria eskaini baitzion orain gutxi— bide luzea egin dute idazle emakumeek, tabuak hautsiz, ahots eta sentsibilitate berriak azaleratuz, normaltasunera bidean. Oraindik zer hobetu badugun arren, zorionez, ez gaude George Sand edo George Ellioten garaian, non emakumeek, onartuak izateko, gizonen izengoitiekin sinatu behar izaten baitzituzten bere lanak.

Egin kontu, zenbat idazle emakumezko zeuden Arantxa Urretabizkaiaren belaunaldian edo Ana Urkizak apailatu zuen Zortzi idazle, zortzi unibertso elkarrizketa liburuko idazleenean… Soziologiak erakusten du lehen baino emakume idazle gehiago dagoela orain, emakume irakurle gehiago dagoen bezala. Literatur lehiaketetan ere, emakumeak izaten dira sarritan sariak eskuratzen dituztenak.

Nolanahi ere, orain bizpahiru urte, emakumezko idazle beterano batekin hizketan ari nintzela, ohar interesgarri bat egin zidan kontu horren inguruan. “Emakumearen presentziak gora egin du nabarmen literaturan, baina literaturak berak apenas duen eraginik gizartean. Gizonezkoak teknologia berrietara pasa dira. Hor dago boterea orain, hor dago etorkizuna”. Ironia tanta batez esan zidan, mingostasun puntu batez ere. Ez zuen arrazoirik falta.

Baina soziologia kontuak utzita, natorren idazle berri batez hitz egitera. Euskarazko adarrean Zilarrezko Euskadi saria irabazi duen idazlea, Alaine Agirre bermeotarra, arestian aipatu belaunaldi berri horretako kidea da, kide gazteena beharbada. 2014an Odol mamituak eleberria eman zuen argitara. Joan den urtean, berriz, X hil da. Lehen nobelak eromena zuen hizpide. X hil dan, berriz, maitasuna da ardatz nagusia, baina badu eldarnio baten kontakizunetik asko. Maite duzun edo maite zaituen norbaiten heriotzaren inguruko bariazio eta obsesioek osatzen dute liburua, bakarrizketa bidez jasoak. Gaia lazgarria eta deserosoa egin daiteke hasieran, baina, pixkana, irakurlea neska protagonistaren diskurtsoaren konplize bihurtzen joango da. Era berean, hausnarketarako ateak irekitzen ditu Agirrek: nola egin aurre heriotzari, gure beldur eta mamuei; maitasunaren izaera hilkorra; zertan datza idazlearen ofizioa, autofikzioaren gorabeherak… “Idaztea ez da ordenagailuan teklak sakatzea bakarrik. Bizitzea ere bada”, esana du Agirrek. Hark aitortua da estu eta larri aritu zela liburua idazten, baita saminez ere, baina samin hura, aldi berean, plazerez ere betea zegoela. “Idazteak berak dakarren plazera ezin da beste ezerekin konparatu. Askotan erkatu izan ditut sexua eta idaztea bera: egonezinez betetzen zara batzuetan klimaxera iritsi orduko, baina, behin heltzen zarela, dena da eztanda, dena da barruko minaren eskapea, dena da ia existitzen ez den momentu bat, birikak eta bihotza gelditzen diren unea. Ezin da deskribatu (edo nik ezin dut, behintzat), baina hori da idaztean sentitzen dudana”. Agirrek Marguerite Duras eta Annie Ernaux aipatzen ditu inspirazio iturri nagusitzat.

Bizitzak eragindako zauriei buruz idazten du bermeotarrak. Horretaz idatzi du gaztelerazko adarrean Zilarrezko Euskadi saria jaso duen Rhodes britainiarrak ere. Aristotelesek bere Poetikan “katarsi” hitza aipatu zuen purifikazio emozionalaren giltzarri gisa. Tragedia klasikoan ikuslea traman nahas zitekeen, bai eta istorio baten pasioak pertsonaiekin batera gertutik ezagutu ere, baina ez zituen pasio horien benetako ondorioak nozitzen. Antzezlana ikusi ondotik, ikuslea gai zen bere burua hobeto ulertzeko, bestearen lekuan jartzeko. Agirre eta Rhodes beren zauriez mintzo zaizkigu, baina gureak ere izan daitezke zauriak. “Nitaz idaztea zutaz idazteko modua da”, dio X hil dako esaldi batek. Horretan ari da Alaine Agirre, eta jarrai dezala.

Elkar argitaletxea

Elkar argitaletxea

Los comentarios están cerrados.