19

Aza / 2018

Nork eta nola egiten du kultura?

Autorea: Liburu dantza

Literaktum literaturi eskainitako ospakizuna da. Argi dago, literatura kultura jakin bateko isla dela, baina, zerk edo nork erabakitzen du kultura? Galdera honi erantzuna ematen aritu ziren larunbat goizean Danele Sarriugarte idazleak eta Fernando Broncano filosofoak.

Sarriugartek atzera jo zuen eta Virginia Woolfen hausnarketa gerturatu zigun: zer behar du emakume bat sorkuntza artistikoan barrena ibiltzeko? Hezkuntza, dirua eta Gela bat norberarena. Gaur egun, faktore hauei, berri batzuk gehitu zaizkie. Alde batetik, eduki berriez gozatzeko, modu eta medio berriak garatu dira. Gehienetan, sorkuntzak kontsumitzen ditugunean ez dugu ordaintzen, baina aldiz, jabegoa duten enpresak diruz gainezka daude. Beraz, nola lortzen dute dirua?, galdetu zuen Sarriugartek. Bestetik, sorkuntza ezagutarazteko, kasu askotan, artista, lehenik ospetsu bilakatu behar da, bere lanean sartzen ez diren jarduerak egiten. Gainera, Virginia Woolfen gela lasaitasunarena eta zarata ezarena metafora bat zen, baina, gaurkoan, ordea, zarata gure gelan dago, gugandik 20 zentimetrotara: gure aparatu teknologikoetan, Sarriugartek azpimarratu zuenez. Sare sozialak eta prentsa birtuala, sorkuntza artistikoan baino, artista edo bere inguruan dagoen eztabaidan galtzen dira.

Horrela, liburua, idazle baten kasuan, hainbesteko garrantzirik ez duen plano batean kokatzen da. Zarata horretan kulturaren balioa galdu daitekeela dirudi, baina ez da horrela, Broncanorentzat: kulturak axola du, eta hori ongi dakite gure mundua antolatzen ari direnek. Hori bai, ez edozein kultura, haiei ardura zaiena kultura hegemonikoa da. Kultura da gizarte bat eraldatu dezakeena, beraz, haien onurara egin ahal izateko, komeni ez zaizkien kulturak estali egiten dituzte. Honek gure jakintasunarekin jolasean ibiltzea dakar, eta haien onura edo besteen kaltera, kultura hutsuneak eratzea, gure jakintasuna manufakturatuz, Broncanok azpimarratu zuenez. Gizartearen ezjakintasun estrategikoa eratu da: batzuen interesen aurrean komeni ez diren kulturak loratzea eragozten. Injustizia epistemologikoa da horren emaitza. Eta, nola saihestu? Jaurti zuen galdera.

Kultura era arduratsuan eta autonomoan baliatzea; erresistentziazko epistemologian babestea proposatu zuen Broncanok, aipatutako zarataz babesteko, alegia. Kultura hegemonikoaren aurka badaude mugimenduak, feminista eta dekoloniala, esaterako, eta hauek tresnatzat izanda, kultura gida espezifiko horietatik askatu gaitezen noizbait.

Jone Martínez Berzal

Antonio Casado da Rocha, Danele Sarriugarte & Fernando Broncano

Los comentarios están cerrados.