21

Aza / 2018

Gazteak eta literatura: katea ez da eten

Autorea:

Literaktum jaialdiaren bigarren asteari hasiera emateko Literaturaren bide berriak atalari atea zabaldu diogu eta gazteek literaturarekin duten harremana aztertu nahi izan dugu. Saioak bi izan dira, Liburutegi Nagusiko San Jeronimo aretoan. Astelehenean, hilak 19, Zergatik idazleak? mahai-inguruan Esti Martínez Diaz de Cerio eta Peru Iparragirre idazleak izan genituen elkarrizketan Samara Velte moderatzailearekin batera.

Esti Martinez Diaz de Ceriok (27 urte) Magisteritza ikasi zuen eta gaur egun Haur Hezkuntzako irakaslea da Iruñean. Oso gaztetan hasi zen idazten, gehienbat narratiba eta hainbat sari irabazi ditu, horien artean Donostia Kultura I. Poesia saria, Azalberritze bat (2017) poemarekin, Balea Zuria argitaletxeak kaleratu zuena.

Peru Iparragirre (22 urte), goitizenez Martin Bidaur, Filosofiako ikasketak egiten ari da eta Donostian bizi da gaur egun. Itu Banda literatur taldearen eta Lekore aldizkariaren sortzaileetako bat izan zen. 2017an Itzulera poema liburua argitaratu zuen Susa argitaletxearen eskutik.

Samara Velteren galderek bi idazleen arteko elkarrizketa bizia sortu zuten. Entzuleak, berriz, ez ziren hain gazteak, idazle, kazetari, kultur eragile eta, oro har, irakurle talde anitza bildu zen belaunaldi berriaren kezkak eta sorkuntza ereduak ezagutzera.

Bigarren saioan, asteartea, hilak 20, Gazteak eta irakurketa gaia aztertu zen. Mahaian hiru solaskide izan genituen, hirurak gazteen irakurketa munduan murgilduta bizi direnak: Maialen Berasategi, kazetaria eta itzultzailea, besteak beste, haur eta gazteen liburuak itzuli ditu; Imanol Epelde, irakaslea eta blogaria, eta Elena Oregi, Haur Liburutegiko arduraduna. Moderatzaile lanetan berriz, Uxue Alberdi, idazlea. Hiru solaskideak erabat ados azaldu ziren eta ukatu egin zituzten gaur egun gazteen irakurzaletasunari buruz aipatzen diren hainbat adierazpen. Gizartean bizi dugun irakurketaren testuingurua ez da oso aldekoa, baina irakurzaletasunaren inguruko aldaketak eta literatura sortzeko modu berriak adierazgarriak direla azpimarratu zuten. Saioak luze iraun zuen eta laburpen gisa bi gako nabarmendu ziren: alde batetik, denbora. Haur eta gazteei irakurketarako denbora eskaini behar zaie, bai etxean, eskolan eta liburutegian. Bestetik, irakurmena lantzea guztiz beharrezkoa da eta hezkuntzan garrantzia izan behar du.

Saioa amaitzeko hizlari bakoitzak gazteentzako bost liburu gomendio egin zituen.

Maialen Berasategi
1. Harry Potter, J. K. Rowling
2. Otto Pette, Anjel Lertxundi
3. Jenisjoplin, Uxue Alberdi
4. Iñigo Astizen poesia liburuak, edozein
5. Gela bat norberarena, Virginia Woolf

Elena Oregi
1. Krokodiloa ohe azpian, Mariasun Landa
2. Kensukeren mundua, Michael Murpo
3. Zer da ba maitasuna?, Miren Agur Meabe
4. Ana Franken egunkaria
5. Gose jokoak, Suzanne Collins

Imanol Epelde
1. Gizon izandako mutila, Patxi Zubizarreta
2. Martin Etxeberriaren poema liburu bat, edozein
3. Kristalezko begi bat, Miren Agur Meabe
4. Dumitru, Koldo Izagirre
5. Bihotz handiegia, Eider Rodriguez

Esti Martínez Diaz de Cerio, Peru Iparragirre & Samara Velte – Liburutegi Nagusia / Azaroak 19 Noviembre

Maialen Berasategi, Imanol Epelde & Elena Oregi – Liburutegi Nagusia / Azaroak 20 Noviembre