23

Aza / 2018

Badaezpada

Autorea:

Ahots anitzez osatu da aurtengo jaialdia. Idazleen solas, ikus-entzuleen galdera, emanaldietako soinu. Harkaitz Canok ere bere ahotsa eskaini zigun atzo Lugaritz kultur etxean, baina baita Imanol Larzabalena ere. Imanol Lurgainena. Fakirrarena. Ahots lakar eta sakona.

Imanol Larzabal -eleberrian Imanol Lurgain- kantari donostiar ezagunaren istorio pertsonala oinarri hartuta, fikziozko eleberria osatu du Canok. Mundua iraultzen saiatu zen belaunaldiaren erretratua egiten du nobela honek, 60ko hamarkadatik hasi eta berrogei urtez luzatzen dena. “Txanpona airean zegoen garaitik abiatzen da, eta gaur egun sarritan garaiari buruz gutxiespenez hitz egiten bada ere, garaiko kemena, indarra eta bizi-zaletasuna azpimarratu nahi izan ditut”, azaldu zuen idazleak.

Imanol ezagutu ez zuenak ere, garai baten erradiografia antzemango du, beraz. Kantaria eta bere ibilbidea. Garaia ezagutu zutenek, aldiz, kronika eta gertakizunak zehatz-mehatz kontatzea gustuko dutenek, baliteke sufritzea irakurri orduko. Hori ez zen horrela gertatu, beste horretan hau falta da… pentsa dezakete. Canok, bere aldetik, konplexurik gabe onartu zuen ez dela ez kronikalaria, ez kazetaria, fikziogilea baizik. Liburuaren abiapuntua Imanol ezagutu zutenen elkarrizketak dira, nolabaiteko kazetaritza, baina fikziozko lana da. Ez du bide horretatik berriz jotzeko asmorik, halere, sufritu egin duela aitortu baitzuen. “Kontatu dizkidatenekin zordun geratu naiz; nolabaiteko talka izan dut. Zaila egin zait ni naizen fikziogilea sortu zaizkidan zor horiekin ezkontzea. Azkenean, fikzioaren makuluak salbatu nau eta manipulazio propioa egin dut”. Mingarria izan da, ordea.

Ahotsa da eleberriaren protagonista nagusia. “Dena zeharkatzen du; transbertsala da”, eta haren bidez aletu du idazleak Imanolen ibilbidea. Borroka armatua, klandestinitatea, erbeste paristarra… presente daude, kontzertu klandestinoak han-hemenka ematen zituen garaitik hasi eta Torreviejan hil zen garaira arte, tartean ETA erakundean egon zen garaia barne hartuta. Pasarte horiek Isidoro Fernández aktorearen ahotik entzuteko aukera izan genuen. Lehen kontzertuetan nola jendeak galdetzen zuen “nor da tximaluze hori?, John Lennonen antza du”, edo erakunde armatuaren barruan zegoenean fakirra ezizena jarri ziotenean, besteak beste.

Fakirra ez da, ordea, eleberrian ageri den ezizen bakarra. Ezizenez beteta dagoela adierazi zuen Canok, izendegiarekin mapa bat osatzeraino. “Ezizenek garrantzi handia dute eleberrian, izen bakoitzak bere istorio propioa baitu”. Irakurleak horietako asko erraz ezagutuko dituela ere erantsi zuen.

Hainbat hausnarketa ere plazaratzen ditu liburuak. Sortzailearen hauskortasuna, musikaren ahalmen katartikoa, denboraren iheskortasuna… Bizitza zirriborrotzat definitu zuen idazleak, diskoak edo liburuak diren bezalaxe, bukatu gabe dagoen zerbaiten iradokizuna. Hain zuzen, bizitza seguru baten bila, segurtasunaren atzetik, bizitzan dena bikoizteko joera dugula azpimarratu zuen, badaezpadakoak eraikitzekoa. Anekdota batekin lotu zuen hausnarketa. Antza, Imanol atxilotu eta espetxean egun batzuk egin ondoren aske utzi zutenean, aitak gitarra bat oparitu zion. Lehendik ere bazuela ihardetsi zion kantariak, eta aitak, bere aldetik, “badaezpada”…

Hausnarketak, une gogorrak, sufrimenduak… izan dira eleberriaren prozesu luze honetan, baina ahotsaren eta musikaren pasarteekin biziki gozatu duela ere aitortu zuen. “Adiskidetasunari lotutako pasarteak idazten gozatu dut gehien; agerian geratu da zein hauskorrak garen artistak”.

Izenburuarekin aurkako iritziak jaso ditu, eta liburuaren azalak ere eman dio buruhausterik. Gorri koloreko orbana, lorea, odola iradoki dezakeen irudi bat atzealde hori distiratsuari gainjarrita. Iradokitzailea, zalantzarik gabe, liburua irakurtzeari ekitera bultzatzeraino. Imanol Lurgainen ibilbideari jarraitzeko gogoa pizten du, edo Imanol Larzabalen arrastoa topatzekoa, edo garai batekin identifikatzekoa, edo sufritzekoa… Hainbat buru, hainbat aburu. Irakurri egin beharko dugu… badaezpada.

Harkaitz Cano & Leire Palacios / Azaroak 23 de Noviembre – Lugaritz KE

16

Mai / 2015

Gisa horretako emakume bat

Autorea:

Bihozkada bati jarraituta aukeratu zuen Harkaitz Canok Anne Sexton poeta Munduko Poesia Kaierak bildumaren barruan euskaratzeko. Susa argitaletxeak jarri zuen abian proiektu hori iaz eta honezkero bederatzi autoreren laginak ekarri dituzte gurera. Udaberrian atera dira azken hiru aleak, Sextonenaz gain, Sophia de Mellorena (Iñigo Roquek itzulia) eta Gabriel Ferrater-ena (Aritz Galarragak).

Bihozkada bat abiapuntu, hortaz. Sextonen zenbait poema ezagutzen zituen Canok, gehienak laburrak, eta poetaren lana goitik behera irakurtzen hastean sorpresa hartu zuen, oro har, poema luzeagoekin egin baitzuen topo. Obraren tamainarekin ere harritu zen, gazte hil baitzen Sexton, bere buruaz beste eginda, 45 urte baino ez zituela eta hala ere obra mardula utzi zuen atzean. Hamabost urtean idatzi zuen Sextonek idatzi beharrekoa eta aski autodidakta izan zen. Terapia modura ekin zion idazketari, psikiatrek gomendatuta, erditu ostean depresio sakon bat izan baitzuen. Zerbait gehiago nahi zuen-eta Sextonek, senarraz, aldirietako etxeaz eta seme-alabez gain zerbait gehiago, harago joango zen zerbait.

[youtube]https://www.youtube.com/watch?v=zR6uQPBRtrU[/youtube]

Gordin pausatzen dira Sextonen lerroak irakurlearen aurrean, beldurrik gabe xehatzen ditu detaileak, Y doktoreari gutunak-en dioen moduan: Zertarako idatzi diario bat, / norbere zikinkeria aztertzeko ez bada? Zikinkeria aztertzen du, hortaz, gurasoekiko harreman gatazkatsua, heriotzarekiko grina, zahartzea, gaixotasunak, seme-alabekiko harreman berdin arazotsua… Gai horiez guztiez gain, Canok beste baten garrantzia ere azpimarratu du: sinesteko beharrarena. Fededun izan nahi zuen Sextonek, zerbaitetan sinetsi. Elizgizon batengana jo ei zuen bilaka zezan, baina hark erantzun zion kontuak ez zuela horrela funtzionatzen, eta, gainera, gaztigatu zion berak dagoeneko bazeukala jainko propioa: idaz-makina, alegia. Fede-bilaketa hori honako poema honetan ikus daiteke, auto-umore beltzaren arrastoengatik irakurtzekoa iruditzen zaidana oso.

AEBetako gizarte eta politikekiko kritika ere agertzen du Sextonek poema batzuetan. Gutxi dira, baina direnak, ahoan bilorik gabeak. Horren adibide, antologiaren atzealdean azaltzen den hau berau.

Poema alairen batzuk ere idatzi zituen Sextonek, dozena inguru. Horiek denak sartu ditu antologian Canok, eta behingoz harira etorrita, “Ene maite kuttun guztiak” errezitaldian ere irakurri zituzten horrelako zenbait, umore-ukitua erantsita. Atzo estreinatu zuten Ernest Lluch kultur etxean eta bi lagun batu zaizkio Cano itzultzaileari irakurraldia osatzeko: Ainara Gurrutxaga aktorea eta Iban Urizar musikaria. Canorentzat garrantzitsua zen horrelako zerbait egitea Sextonen lan euskaratua apur bat gehiago zabal zedin; izan ere, gisako proiektuak nahiko minoritarioak izaki, sarri asko itzalpean geratzen dira eta oso jende gutxirengana iristen.

Errezitaldi benetan dotorea prestatu dute hiruen artean. Lehen aipatutako poema alaiago horietako bat errezitatzeko, adibidez, Capriko itsasoan egindako bainu bat kontatzen duena, baso bat ur, linterna bat eta lasto bat erabilita, itsasoko uraren kolore urdin gardena eta burbuilatxoen soinuak ezinhobe birsortu zituzten, aretoko giroa ondo egokituz. Bestalde, Iban Urizarren klarineteak, saxoak eta, behin baino gehiagotan, looper-a baliatuta sortutako ahots-zaratek itzel jantzi zituzten poemak, medikuei buruzko hau kasik abesti bihurtuz, ikus-entzuleek irribarrez hartutako pieza.

Poemak ilunak izanagatik gozamena da kaiera irakurtzea, irudi indartsuak sortzen baititu Sextonek, Canok euskarara txukun ekarriak, eta garaiko beste poeta batzuekin alderatuta, nahiko erraz jarraitzen zaie haria. Nire kasuan behintzat, aurreko astean irentsi bainuen, Sextonen obra ezagutzeko gogo bizia pizteko amu paregabea ere izan da. Bestetik, errezitaldiak ere badu balio erantsirik, letra zirenei gorputza ematen baitie, eta nola.

Halakoa atera naiz, sorginek hartutako sorgin,
gauez ausartago, aire beltzean nabil;
gaizkia amets, argirik argi,
etxerik xumeenetan bete dut nire aldia:
hamabi hatzeko eme, koitadu bakarti, nago burutik.
Halako emakumea, emakume ere ez haiz.
Gisa horretakoa izan naiz.