15

Aza / 2018

Elipsiak gordetzen duena

Autorea:

Amatasuna. Ama izatea. Zerbait naturala da, edozein lurraldetan egunero, minutuero, segunduero gertatzen den zerbait. Hain unibertsala eta ohikoa den amatasunaz, ordea, ez da hitz egiten. Edo, hobe esanda, ez da amatasunari ezarri ohi zaizkion ohiko roletatik harago hitz egiten. Salbuespen kasuetan ez bada behintzat.

Katixa Agirre idazleak azken urteotan barruan izan du amatasunaz hitz egiteko beharra. Eta askatu du behar hori. Ase geratu dela aitortu die Elkar liburu-dendan bildutako ikus-entzuleei. Amek ez dute liburua aurkeztu zuen atzo Eider Rodriguez idazlea elkarrizketatzaile zuela.

Bi emakumezko protagonista dituen istorio bana elkarlotzen ditu Agirrek eleberri honetan. Ume bikiak hiltzen dituen ama gaztea, batetik, eta protagonista narratzailea, ama izan berri den idazlea, bat-batean ama hiltzaile hura aspaldian ezagutu zuela ohartzen dena. Kasu horrek obsesioa eragingo dio eta horri buruz idaztea erabakiko du. Sormena eta amatasuna elkarrekin eraman beharko ditu.

Liburua idaztea pentsatu zuenean, jada ama zen Agirre, eta horren inguruko hausnarketa egiteko gogoa zuen. Idazketa prozesuan zela, etenaldi bat egin behar izan zuen, bigarren aldiz erditu baitzen. “Ama zaren unean, etiketa handia jartzen dizute. Ama zara; badirudi ez zarela beste ezer. Horrek guztia estaltzen du”, adierazi zuen. Bere esperientzia eta hausnarketak abiapuntu izan dira istorioa jorratzeko orduan, amatasunak gauza askoren inguruko ikuspuntuan aldaketak eragin baitzizkion.

Azken batean, amatasunaren diskurtsoaren argi-ilunak agerian uztea izan da Agirreren asmoetako bat. Erditzearen ahalduntzea azpimarratu arren, amatasuna modu desberdinetan bizi izan dute emakumeek historian zehar: izan dira amatasuna patutzat izan duten emakumeak, lan munduan sartzeko oztopo gisa hartu dutenak…

Bazuen, halere, beste erronka bat. “Liburu hau ama izan ez denarentzat ere interesgarria izatea zen nire erronketako bat”. Antza, lortu du nolabait helburu hori, sare sozialen bidez jakinarazi diotenez.

Dokumentazio lan sakona egin duela aitortu zuen idazle gasteiztarrak, eta agerian geratzen da lan hori kapitulu bakoitza zabaltzen duen aipu sorta irakurrita. Euripidesen Medeatik hasi eta Cameron Diaz aktorera arte. Gustuko du aktore estatubatuarrak prentsaren aurrean erantzundakoari, zergatik ez zen ama galdegin zioten batean: “Umeek bizitza aldatzen dizute eta nik nire bizitza maite dut”.

Amek ez dute. Esaldiari zerbait falta zaiola dirudi; elipsia agerikoa da. Hasiera batean Amek ez dute idazten izenburua hautatu arren, azken hitza kentzea erabaki zuen, eta aukera zabalagoa utzi. Norberak pentsa dezala zer ez duten egiten amek. Elipsi horrek gordetzen duena; hori irudikatu beharrekoa.

Katixa Agirre ‘Amek ez dute idazten’ eleberriaren aurkezpenean [Elkar liburudenda – Azaroak 14]