23

Aza / 2017

Gu geu

Autorea:

Beldurgarriak dira; hain dira karratuak, mugatuak, finituak gure alboan. Ez dute ahots propiorik, eta ahots ez-propio hori hain da arrotza eta hotza. Ez dute erabakitzeko ahalmenik, eta hartutako bidea ja hain dago determinatuta aurretik. Gure espazioak lapurtzen dizkigute gure gorputzak irentsiz, haiek ere gorputzak bailiran; gure ideiak kentzen dizkigute, guk geuk programatzen ditugun unetik; gure lanaz –eta, beraz, denboraz– jabetzen dira, gure zereginak eskuratuz. Ez dute euren gaineko kontrolik, zorretan daude, hortaz. Eta, gainera, ez dute inolako konfiantzarik transmititzen, ezta euren artean ere, beren artean ere ez baita elkarrizketarik ematen. Ez dituzte barre algarak partekatzen, ez sentimendurik azaleratzen, ez emoziorik erakusten. Orain arte ez diot inori malko bat bera ere isurtzen ikusi. Eta errepikakorrak dira, oso errepikakorrak. Beti joan-etorri berdinak, beti mugimendu homogeneoak. Uzkurtuak dituzte gorputzak, ez baitute inoiz dantzatu.

Horrelako diskurtsoren bat espero nuen atzo Zigor Etxebesteri Belén Gopeguik emandako erantzunetan, baina ez zen hala izan. Gopeguik distopiaren eta utopiaren arteko desberdintasuna ez dela hain handia azpimarratu zuen; ez dagoela amildegirik, amildegiak salto handia eskatzen baitu batetik bestera. Ez zuen, beraz, robotekiko jarrera negatiborik erakutsi, ez ditu beldurgarri sentitzen. Beldur handiagoa ematen diogu guk geuk, gizakiok. Belénen ustez, kontua ez da robotak bai ala ez, robotak zertarako baizik. Erabilera da garrantzitsua, ezartzen zaien norabidea. Zientziaz jabetu behar garela dio, robotak erabiltzearen zergaitiaz hausnartu behar dugula, adimen artifiziala erabiltzearen helburuez pentsatu behar dugula, egon jada, egon baitaude. Hori bai, Belén hausnarketaz ari denean, ez da entrepeneur edo enpresario baten ikuspegitik egindako “hausnarketaz” ari, besteaz baizik.

Belén Gopeguiren Quédate este día y esta noche conmigo azken nobelak ez du soilik gai hori lantzen. Esaterako, kontenplazioa agertzen den beste gai bat da. Olgak, nobelako protagonista batek, tostadora kontenplatzea gustuko du. Denbora aurrera doan bitartean, maite du tostadak nola belzten diren ikustea. Maite du, besterik gabe, itxarotea. Badaki, soilik, itxaroten. Belének ez du Olga beste zereginen bat egiten jarri tostadorak lan egiten duen bitartean. Olga ez da joaten ezpainak gorriz margotzera tostadak belzten doazen bitartean. Ez du aprobetxatzen tostadoraren lan tarte hori beste zerbait egin ahal izateko. Geldirik, soilik, tostadorari begiratzen dio, bertan kontzentratuz, erlojuaren orratzak entzuten dituen bitartean. Belenek nahita erabiltzen du adibide hori, kotidianoa, xumea eta modestoa den aldetik. Eta ez da mindfulness gisako kontenplazioaz ari, besteaz baizik.

Belén Gopeguik, beste behin ere, lortu du gatazketan kiribiltzea eta haiek beste
ikuspegi batetik begiratzea. Dio: “Momentu honetan ez gara gu geu robot?”.

Zigor Etxebeste & Belén Gopegui