07

Mai / 2015

Europarrak?

Autorea:

Cees Nooteboom idazle holandarrak solasaldia egin zuen atzo San Telmo museoan Ignacio Aymerich soziologo eta legelaria akuilari eta galdetzaile zuela, era berean, biak ere galdera nagusi bati erantzuteko asmotan: “nola izan europarrak?”

Nooteboom idazle sonatua da, liburu mordoxka idatzi ditu hainbat genero baliatuta: poesia, narratiba, saiakera, eta, nabarmen, bidaia-liburuak. Aymerichek hitz ederrak baino ez zituen izan Nooteboomen lanarentzat eta, besteak beste, azpimarratu zuen Nooteboomek begirada berezi-berezia duela, beste batzuk ikusiko ez lituzketenak ikusteko gaitasuna. Hori dela-eta dute bere bidaia-liburuek hain kutsu berezia, deskribapen higaturik ez da agertzen, horregatik iritsi dira hainbeste irakurlerengana.

Aymerichen ustez, hizkuntza hain zehatz lantzearekiko abilidadea poesia jorratu izatetik datorkio Nooteboomi, hain zuzen, autorearentzat berarentzat, bere lan garrantzitsuena poesian egindakoa da, besteak aldiz, “sukurtsalak” dira. Edonola den, Aymerichek berak bidaia-liburu bati esker deskubritu zuen Nooteboomen lana (ez dirudi kasualitatea), Donejakue bideari buruzkoa.

Fikzioaren eta errealitatearen arteko muga lausoak ere dira Nooteboomen obraren ezaugarri. Idazlearen eleberriek saiakera eta erudizio historikoaren itxura dute batzuetan, saioak ez dira hausnarketa huts izaten.

Solasaldira bueltatuta, hain zuzen europarrak zelan izatearen galdera bada Nooteboomen saiakera baten izenburua, diskurtso-multzo batena, autorearen esanetan. Nooteboomek hamaika bidaia egin ditu Europan zehar, ondo ezagutzen ditu hainbat txoko eta hizkuntza batzuk, eta zentzu horretan ikusten du bere burua europar gisa. Alemanian bizi izan da urte luzez eta Herrialde Katalanetan egiten ditu sei hilabete urtean, Menorkan.

Hizkuntzak aipatu ditut eta Nooteboomek gaztelaniaz erantzun zien Aymerichen galderei. Seguru asko, berea izan zen erabakia, baina nik neuk ezin izan nuen inpresioa uxatu, zerbait galdu zela zubi horretan, agian ikuspegi sakonago bat jaso izango genuela, adibidez, ingelesez aritu izan balitz eta interprete batekin (eta ingelesa diot hizkuntza horretako hitz asko tartekatu zituelako mintzaldian eta esango nukeelako aiseago aurki daitezkeela hizkuntza horretako interpreteak holandarrekoak baino).

Hain zuzen, autoreak berak ohartarazi zuen ele arrotz batean hitz egiteak abstrakziorako gaitasuna mugatzen ziola eta saioan nahiago izango zuela istorioak kontatu. Horrelaxe izan genuen hainbat pasadizoren berri, ikus-entzuleek gogoz entzun zituztenak, hala nola, bere editore italiarrak, fededuna ez zena, Donejakue bidea egitera joan, Nooteboomen liburua lagun, eta eliza txiki batean apaiz batekin hizketan aritu ostean iganderoko mezara itzuli dela.

Europar gaiaren harira, Aymerichek tira egin nahi izan zion, europartasun-sentimenduko aski ahularen iturburuaz galde eginda: egitura politikoa eraiki delako identitate politiko bateratu bat eduki aurretik? Beste modu batera, zergatik ez dituzte iparraldeko estatuek bere sentitzen hegoaldekoek arazoak? Hego-mendebaldekoek Ukrainakoak? Nooteboom ados agertu zen Aymerichen lehen hipotesiarekin, eta azpimarratu zuen moneta bakarra izan arren ez dagoela banku bakarrik, edo, ez dela asmatu estatu-kideak baino fuerteago den zerbait sortzen, AEBetan bezala.

Abiapuntutik bertatik piztu zitzaizkidan zalantzak. Hasteko, bistan da, Aymerichek eta Nooteboomek argi daukate Europa indartzearen eta batzearen garrantzia, Europar Batasuna osatzearen plan osoaren oinarri dena, Bigarren Mundu Gerraren ondorenean, sarraskiak ez daitezen errepikatu… europar lurraldean, esan nahi baita.

Neuk, ordea, abiapuntu hori berori berplanteatzeko beharra sentitu nuen, nola izan europarrak baino, izan behar ote dugu europarrak, eraiki behar ote dugu europarra? Bestalde, europarrak nola izan galdetzen hasten bagara, ezin itzurizko afera bat dago atezuan, eta ari naiz, noski, iragan kolonialaz. Italiako itsasertzeetara iristeko ahaleginean itotzen diren horiei guztiei buruz ezin da hitz egin bestela bezala, herrialde europar frankok Afrikako beste hainbat lurraldetan izandako negozio ez-hain-atseginak existitu ez balira bezala, horrek guztiak gaur eguneko egoerarekin zerikusirik ez balu bezala (hala haien pobreziarekin nola geure aberastasunarekin).

Bidaiaz ari garela, gainera, eta Europan zeharrekoaz, eta kontuan hartuta Nooteboomek berak esan bezala inguruak ikustera ospa egin zuela hemezortzi urterekin, motxila bizkarrean, ezinbestean hartu behar da aintzat gaur egun gurpildun-maleta eskuan PIGSetatik iparraldeko sozialdemokrazia eredugarrietara joaten diren gazteek akaso ez dutela abentura zirraragarri gisa bizi hori.

Akaso, horiei denei ere galdetu beharko zaiela zer den europarra izatea.