29

Aza / 2018

Literaturak ez du etenik

Autorea:

Literaktumek, jaialdi bezala, jauzia eman zuen iazko edizioan: maiatzetik azarora aldatu ziren datak, kolaborazio sarea handitu zen eta sail berriak txertatu ziren programazioan. Jauzi hori sendotu egin du Literaktum 18-ak. 3.000 lagunetik gora hurbildu dira antolatutako 30 jardueretara, eta 50 gonbidatu baino gehiagok parte hartu dute hiri osoan barrena hamaika egunetan zehar egindako jardueretan.

Literaturak Donostiako hitzordua finkatua du Literaktumen, ezbairik gabe. Edizioz edizio hazten ari den jaialdia da. Eta hazi egiten da, egon badagoelako idazleen ahotik beren liburuez zein gure garaiko gai esanguratsuez entzuteko irrika duen publiko zabal bat. Eraldaketa garaia bizi dugu, gizarte eta pertsona gisa; erronken garaian bizi gara, eta sorkuntzaren lengoaiak eta diskurtso kritikoak bidean lagun gaitzake mundua hobeto ulertzea ahalbidetuko digun mapa bat osatzerakoan.

Horren adierazgarri dira zenbait solasaldik eragin zuten jakin-mina: Nacho Carretero eta David Truebaren artekoa, Slavenka Drakulić eta Luisa Etxenikerena, Manuel Vilas eta Juan José Millásena, Danele Sarriugarte eta Fernando Broncanorena edo Iban Zaldua eta Ramon Saizarbitoriaren artekoa. Garai honetako eztabaida ezinbestekoek literatura izan dute abiapuntu gonbidatu horiek, EHUko Filosofia Fakultatearekin elkarlanean antolatutako Pentsatu! jardunaldietako mikro-eztabaidetako gonbidatuek bezalaxe.

Baina literaturaren bideak anitzak dira. Batzuek eztabaidara eta hausnarketara bideratzen gaituzte; beste batzuek, aldiz, obra edo egile bat deskubritu edo gehiago ezagutzeko gonbitea luzatzen digute. Laura Restrepok literatura gizakiaren fede-ekintza gisa aldarrikatu zuen; Katixa Agirrek Amek ez dute lana aurkeztu zigun, amatasunaren ertzei heltzen dien istorioa; eta Harkaitz Canok sorkuntzaren mekanismoen eta literaturak historiaz edo lekukotasunez elikatzeko dituen aukerez egin zuen hausnarketa, Fakirraren ahotsa liburuaren harira.

Hitz anplifikatuak, eszenifikatuak protagonismo handia du Literaktumen. Horrela, literatura bestelako lengoaiekin uztartzen duten formatuekiko apustua agerian utzi zuten kalitate handiko hiru jarduerek. Xabier Erkiziak eta Arantxa Iturbek Afoniak lana sortu zuten, Donostia Kulturako Liburutegi Zerbitzuko Idazlezainak egitasmoaren soinu-artxiboa oinarri hartuta. Ahotsaren, egiletzaren edo komunikazio literarioaren kontzeptuetan murgiltzen da irratiaren eta soinu-artearen arteko lan bikain hau.

Viridiana antzerki konpainiaren Amor oscuro (Sonetos) lanak lengoaia eszenikoa, aktorearen biluztasuna eta hitza jarri zituen oholtza gainean, XX. mendeko maitasunezko poesiaren gailurretako bat taularatuz: Federico Garcia Lorcaren Sonetos del amor oscuro. Ikus-entzuleek, aktorearen oholtza berean bermatuta (Javier García Ortega kamaleonikoarekin), ez dituzte erraz ahantziko une horiek, zalantzarik gabe.

Euskal literatura klasikoan barrena ibilbide jostari eta umoretsua ekarri zigun Bernardo Atxagak Martuteneko kartzelan emanaldiarekin. Joxe Kruz Gurrutxaga aktoreak lagunduta, orain urte batzuk Martuteneko kartzelan emandako hitzaldi bat irakurketa dramatizatu zoragarri bilakatu zuen Atxagak. Irribarreak eta testu klasikoak uztartuta, literatura, beste edozeren gainetik, agian jolasa ere badela gogora ekarri zigun, baina gainerakoekin eta munduarekin konektatzen gaituen jolasa; biltzeko eta elkar topatzeko dugun askatasun gunea.

Eta izan da bestelakorik ere: datorkigun literaturaz mintzatu ziren idazle gazteak, erakusketak, afari literarioak, ibilaldiak, haurrentzako jarduerak… Pentsatu nahi dugu, egun batzuetan zehar amaierarik ez duen zerbaiti heldu diogula: literaturari, hain zuzen. Datorren urtera arte.

05

Aza / 2018

Literatur-mina

Autorea:

Literatura eta mundua etengabe ari dira eraldatzen eta Literaktumek bide berriak jorratu nahi ditu eremu aldakor horretan. Literaturak etengabeko elkarrizketan diharduela uste osoa du, gainera: bai bestelako lengoaia eta diziplina artistikoekin, bai eta garaiko eztabaidekin ere.

Literaktum 18 edizioaren gai nagusia gizakion funtsezko ezaugarri bat da, gaur egungo kulturan eta esperientzian oso presente dagoena: mina. Horrela, literaturak esperientzia mingarriei forma emateko duen gaitasuna aztertuko dugu, galeratik gatazka sozialera, bakardadetik indarkeriara. Era berean, esperientzia horiek kontatzerakoan literaturak duen botere katartikoaz eta askatzaileaz ohartuko gara. Literaturak gure labirintoa marrazten du, baina labirintoan barrena gidatzen gaituen haria ere bada.

Belaunaldi berrien literatura ere ardatz izango du aurtengo edizioak, 30 urtetik beherako idazleek egindakoa, hain zuzen ere. Euskarazko literatura berriaren ahots interesgarrienak bilduko dira mahai baten inguruan gai honi tiraka. Ikuspegi hau osatzeko, gazteak irakurtzera noiz eta nola hurbiltzen diren aztertuko du beste mahai-inguru batek.

Literaktumek aurkezten du atalean, aldiz, egungo euskal idazle esanguratsuenetako hiru argitaratu berri dituzten liburuez mintzatuko dira: Harkaitz Canok, Katixa Agirrek eta Iban Zalduak beren lan berriak aurkeztuko dituzte Literaktumeko ikus-entzuleen aurrean.

Jaialdi batek orainaren argazkia egiten du nolabait, baina klasikoek ere badute beren lekua orain horretan. Izan ere, klasiko bat ez al da garaikide iraunkor bat? Literaktum 18-k Anna Karenina hobeto ezagutzeko aukera emango du afari literario baten bidez; Baroja, ibilaldi dramatizatu batean parte hartuz; García Lorca, hark idatzitako Sonetos del amor oscuro olerkiak taularatuz, eta Roberto Bolaño Sonorako basamortuetan barrena egindako bidaia literario eta bisualaren bidez.

Gaur egungo gizartean puri-purian diren eztabaidetan murgiltzeko ateak ere zabalduko dizkigu literaturak: sorkuntzarako askatasunaren aurkako mehatxu berriak, idazketa boterearen kontrako erresistentzia modua edo diskurtso kultural nagusiak sortzeko prozesuak.

Zinemak, musikak, erakusketek eta soinu-sorkuntzak osatuko dute taxututako proposamena, haurrentzako jarduerez betetako Literaktum Txikia programa ahantzi gabe. Erakunde eta kultur eragile anitzez osatutako sarean elkarlanean landutako proposamena da, betiere helburu komun bat ardatz hartuta: hiri osoan barrena hedatzen den literatura festa; edonork bere liburua, egilea edo jarduera topatu ahal izango duen lekua.

Literaktum 2018