06

Mai / 2016

Bach is back

Autorea:

San Telmoko eliza. Josep Maria Sert-en mural ikusgarriak. Erdi-ilunpea. Aretoa jendez gainezka. Isiltasuna nagusi. Rhodes oholtzara atera da, eta Rahkmaninoven lehen preludioa jo du. Une batez, are sakratuagoa bihurtu da espazioa. Musikak botere adierazezin bat dauka gizakiongan. Babesgabe uzten gaitu. Musikak aldatu egiten gaitu, bai eta sendatu ere. Rhodesek badaki zerbait horretaz.

Erdi irribarretsu erdi lotsatuta dago. Ez du piano-jole arrunta ematen. Bere itxura moderno eta erdi-hipsterraren atzean oso pertsona hurbila dago, komunikatzaile trebea. “Bach” diote bere jertseko letrek, eta musikari alemaniarra aipatzea nahikoa da Rhodesen begiak dizdizka hasteko. Bistan da sakonki bizi duela musika. Zainetan darama, eta ez du beretzat gordetzen. Oparitu egiten die besteei, jendearekin partekatzen du zaletasun hori, dohain hori. Bachen biolinarentzako Chaconneak aldatu zuen bere bizitza oso gaztetatik. Beste pieza bat izan zitekeen, beste musikari bat, baina Bach izan zen.

Zilarrezko Euskadi saria jaso duen Rhodesen Instrumental liburuak Goldebrg bariazioen eskema jarraitzen du. Hori bakarrik ez, liburuaren atal bakoitzak musika pieza bat proposatzen dio irakurleari, eta pieza horri buruzko xehetasunak ematen ditu Rhodesek.

Londonen jaiotako piano-jotzaileak musika klasikoaren aldeko aldarria egin du. Musika klasikoa jendearengana heltzea nahi luke, klitxeak haustea, musikarekin gozatzea, sentitzea. Rhodesek garbi dauka: musikaz ez jakitea ez da oztopo, barruraino sar dakizuke, bizitza alda diezazuke, ez duzu inoiz ahazten. Gainera, musika klasikoa ez da aberatsen edo aurpegia erratza-makila bezain zurruna dutenen monopolioa. Ez da XVII edo XVIII. mendeko ileorderik behar musikaz gozatzeko. Bide batez, gaur egungo baliabideekin doan ere lor daiteke musika klasikoa. Esaterako, Spotifyren bidez. Zerrenda ia amaigabea da: Bach, Haydn, Mozart, Beethoven, Schubert, Rahkmaninov, Ravel, Brahms, Txaikovski, Vivaldi, Mahler, Shostakovich… Deskubritzea plazer bat da, eta pieza bakoitzak eragin ezberdina izan dezake entzuleengan. Rhodesek horretara gonbidatu du entzulea, eta musika klasikoan sartzeko modu asko daudela adierazi du. Kexatu egin da ere, gaur egun musika heziketa krisian dagoela, ez zaiola behar adina garrantzia ematen.

Bachek transkribatutako Alexander Marcelloren Adagioa jo du hurrena. Rahkmaninoven azken preludioa, Schumannen pieza bat. Espazio sakratuaren sentsazioa gehiago errotu da entzulearengan.

“Zergatik ez duzu musika garaikidea jotzen?”, galdetu dio solaskide izan duen Mikel Chamizo konpositore eta kazetariak, solasaldiari zukua atera dionak. Rhodesek berehala erantzun du ez duela musika garaikidearekin konektatzen, ez duela ulertzen. Musika klasikoarekin, ordea, edonork senti dezake konexioa.

Musika klasikoaren pop-izarra deitu izan diote Rhodesi. Arestian esan bezala, uztarketa bitxia ematen da harengan. Janzkeraz modernoa; musika-zaletasunei dagokienez, klasikoa. Musika klasikoa bizirik dagoela erakusten du, ez dela elite baten kontua, herriari itzuli behar zaiola.

Chamizok aitortu du Rhodesen liburuak korapiloa utzi ziola sabelean, oso gordina zela. Eta sailkaezina. Baduela autobiografiatik, auto-laguntzatik, musikari buruzko liburutik… Bost urte zituela, bere boxeoko edo gimnasiako irakasleak bortxatu egin zuen Rhodes behin baino gehiagotan. Piano-jotzaileak adierazi du horrelakoei buruz hitz egitea osasungarria dela. Ez dugula noiznahi eta nonahi horretaz hitz egin behar, baina hitz egin behar dugula, lotsatu gabe. Zenbait albiste emateko orduan komunikabideek erakusten duten arinkeria eta azalkeria salatu du ere. Haurrei egindako sexu-erasoak gai deserosoa da, baina mahai gainean dago, eta oraindik ere bidea luzea egiteko badugu ere, gauzak bide onetik doazela uste du.

Rhodesek aholku bat eman digu ere. Tarteka, itzali mugikorra, itzali inguruko gailuak eta bakarrik geratu, nor bere buruarekin, isiltasunean, musika entzuten.

James Rhodes & Mikel Chamizo @ San Telmo Museoa

James Rhodes & Mikel Chamizo @ San Telmo Museoa

12

Api / 2016

The instrumental: izugarrikeria baten lekukotza gordina

Autorea:

The instrumental ez ohiko liburua da. Txikitan bortxatua izan den mutiko baten autobiografia gordin eta esplizitua da, baina askoz gehiago ere. Hain zuzen ere, duela gutxi pelikula onenaren saria jaso zuen Spotlight filmak —aldeak alde— arazo honen zenbait ertz ukitu zituen, zorroztasunez ukitu ere. Txikitan bortxatua izatearen izu-ikarari, gertaeraren inguruan metatzen den isiltasun pisua gehitzen baitzaio.

James Rhodes 1975ean jaio zen, eta bost urte zituela, bere boxeoko irakasleak bortxatu egin zuen. Lau urtez jasan zituen bortxaketak. Bere burua zauritzen saiatu zen behin baino gehiagotan, bai eta bere buruaz beste egiten ere. Zenbait ospitale psikiatriko ezagutu zituen, bai eta drogen mende erori ere. Azkenean, musikan aurkitu zuen min latz hartan argi egiteko bidea, eta piano-jotzaile aparta bihurtu zen. Diotenez, iraultza ekarri du musika klasikora, baina haren itxurari erreparatuta, nekez igarriko litzaioke musika klasikoko piano-jotzailea denik. Izan ere, pop izar baten antza handiagoa du. Betaurreko itzelak daramatza; ile luzea; trajea jantzita ez eta bakeroetan jotzen du pianoa; zirilikoz idatzitako zenbait tatuaje dauzka; iPad batetik irakurtzen ditu partiturak eta publikoari hitz egiten dio kontzertuetan. Hori gutxi balitz, lagun ospetsuak dauzka, Stephen Fry, Tom Stoppard edota Benedict Cumberbatch. Bai, Sherlock telesailean ikertzaile ezagunaren rola jokatzen duena.

Adiskide horiek babes handia eman diote. “Inoiz ezingo diet behar adina eskertu nigatik egin dutena. Baina askok nire trauma bera igaro dute, eta inork ez die jaramonik egiten. Ez dute nik izan dudan pribilegio ia gaitzesgarria, eta horrek goibel jartzen nau”. Trauma horiez hitz egitea garrantzitsua da Rhodesentzat. “Iraganean isiltzeko esan badizute ere, beti egongo da entzun nahi zaituen norbait”. Dostoievskik Lurpeko oroitzapenak eleberrian idatzi zuen gogoz behartsu direnak ere azkartu egiten direla min handi baten ostean. Rhodesen esanetan, asko dira izugarrikeriak bizi dituzten pertsonak. Horietako askok gainditu egiten dituzte, eta duintasunez bizitzea lortzen dute. “Sormena ez da minari esker heltzen, minaz kontra baizik”.

Rhodesen iritziz, musikak gizakiak sendatzeko ahalmen handiak ditu, eta deabruak usatzeko modu paregabea da. Horren inguruko telesail ugaritan parte hartu izan du, musika klasikoa eta pop musika uztartu ditu, eta Warner diskoetxe ezagunarekin sei disko grabatzeko kontratua sinatu du duela gutxi. Rachmaninoven tatuaje bat darama besapean. Bitxiki, duela hogei urte Geoffrey Rush aktorea ezagun egin zen Shine pelikulan, non David Helfgott piano-jotzailearen larruan sartzen baitzen. Helfgott haur mirari bat zen, eta txiki-txikiotatik nabarmendu zen pianoa jotzen. Aitak estu hartu zuen, hain estu eta zorrotz, ezen azkenean nerbio-krisi izugarriak izan eta burua galdu baitzuen. Hain zuzen ere, Helfgott Rachmaninoven pianorako hirugarren kontzertua jotzen ari zen lehiaketa batean kolapso egoeran jauzi baino lehen. Rhodes, ordea, ez zen piano batengana hurbildu hamazortzi urteak bete arte. Hamazortzi eta hogeita zortzi urteen bitartean, negozio-gizon aritu zen Londonen. Denbora epe horretan, pianoa bere kabuz jotzen ikasi zuen. Halako batean, musikarien agente bihurtzea erabaki zuen, eta, hala, agenterik ospetsuenari, Franco Panozzori, bisita egin zion Veronan. Panozzok Chopin jotzeko eskatu zion. Esan eta egin. Bikain egin ere. Une hartan erabaki zuen Rhodesek kontzertista handi bihur zitekeela.

Gehiegikeria hitza eufemismotzat dauka Rhodesek. “Gehiegikeria da polizia bat antzarak ferratzera bidaltzen duzunean. Baina berrogei urteko heldu batek bortxatu eta bere jostailua bihurtzen zaituenean, hori zehazteko zuzenagoa da bortxatu hitza erabiltzea”.

Piano-jotzaile gisa ezaguna izan arren, Rhodesek bere autobiografia argitaratzea erabaki zuen. Ez zen zeregin erraza izan. Haren emazte ohia liburuaren argitalpena debekatzen saiatu zen. “Liburua toxikoa zela zioten”, zioen Rhodesek, “eta errudun sentitzen nintzen, zerbait gaizki egin banu bezala”. Bortxatua izatearen laidoa gutxi ez eta epaile talde batek gertatutakoa azaltzea debeka ziezaiokeela ikustea kolpe gogorra izan zen piano-jolearentzat. “Liburu bat debekatzea baino gehiago zen. Gizaki bati bere iragana gainditzen laguntzea eragoztea zen”. Azkenik, kasua Auzitegi Gorenera heldu zen. Epaile Nagusi den Lord Toulsonen ustez, “Rhodenek sufritu duena sufritu eta gero, bere sufrimenduaren ondorioen aurka hain gogor borrokatu eta gero, eskubidea du munduari horren berri emateko. Horregatik baimentzen dugu liburu honen argitalpena”.

Liburuaren izenburu osoa honako hau da: Instrumental: A Memoir of Madness, Medication and Music. Gazteleraz, Blackiebooks argitaletxeak eman du argitara Instrumental izenburuarekin, eta aurtengo Zilarrezko Euskadi saria eskuratu du gaztelerazko adarrean. Denbora gutxian fenomeno bat bihurtu da.

Liburu gogorra, inondik ere, hezur-muinetaraino sartzen den horietakoa. Truman Capoteren Odol hotzean eleberriaren kastakoa.

Esan gabe geratzen dena ez da desagertzen.

Blackie Book edition

Blackie Book edition