13

Aza / 2017

Komikia: jaialdiaren hitzaurrea

Autorea:

Bere kolaborazio berrien artean, Literaktum jaialdiak bat egin du aurten Komikilabea jardunaldiekin. Azaroaren 8 eta 11 bitartean Komikilabeak gaur egungo komikiaren erretratua egin du, gonbidatu azpimarragarrien eskutik. Bi zikloen gertutasunak elkarlanera eraman gaitu, eta Komikilabearentzat epilogoa dena, Literaktumentzat hitzaurrea da.

Literatura y cómic: caminos de ida y vuelta hitzaldian Jorge Carrión idazleak bi arlo hauen arteko harremanak aztertuko ditu. Carrión Literaktumeko azken bi edizioetan egon da ere. Duela bi urte berak ireki zuen jaialdiaren Liburu lurraldea atala, Librerías saiakera bikainarekin (hainbat hizkuntzetara itzulia izan dena eta sari ugari jaso dituena). Eta iaz Carriónek koordinatu zuen, DSS2016-ren programaren barruan eta Literaktumekin elkarlanean, Munduko Liburu-denden Topaketa. Guzti honek Carriónen ezagutza zabala azpimarratzen du, eta komikiaren arloa ez da salbuespena.

Carrión ez da komikira ikerlari eta kritiko bezala hurbildu bakarrik. 2015ean Barcelona. Los vagabundos de la chatarra komikia argitaratu zuen Sagar Forniésekin batera (lan hau Bartzelonako Komikiaren Saloian finalista izan zen 2016an).

Komikia eta literaturaren arteko loturak aztertzen dituen ekitaldi honetan Carrión ez da bakarrik egongo. Bere hitzaldiaren ostean, Espainiako ilustratzaile literario nagusienetako birekin arituko da solasean: Sara Morante eta Javier Olivares.

Sara Morantek Espainiako argitaletxe garrantzitsuenentzak egiten du lan. 2012an Euskadi Saria jaso zuen Vsévolod Garshinen La flor roja liburuaren ilustrazioengatik. Solasaldi hau ez da Sara Moranteren parte-hartze bakarra Literaktum jaialdian. Ernest Lluch Kultur Etxean Corpus erakusketa bisitatu daiteke ere. Bertan, Morantek bere iruditeria pertsonala definitzen duten lanak bildu ditu, beti emakumearen figura zentroan jarrita. 2015ean Morantek bere lehen nobela idatzi eta ilustratu zuen: La vida en las paredes.

Javier Olivares ibilbide luzeko ilustratzailea da, 80ko hamarkadan Madriz aldiazkarian hasi zenetik. Hainbat eta hainbat mediotan kolaboratu du ordutik. Gaur egun, bere marrazkiak El Mundo, El País Semanal edo Jot Down-en ikus daitezke, beste askoren artean. Ilustrazio master baten sortzailea da ere, eta Espainian eta Latinoamerikan tailerrak ematen ditu maiz.

Ainara Azpiazu 'Axpi'-ren ilustrazioa

Ainara Azpiazu ‘Axpi’-ren ilustrazioa