06

Mai / 2016

Bach is back

Autorea:

San Telmoko eliza. Josep Maria Sert-en mural ikusgarriak. Erdi-ilunpea. Aretoa jendez gainezka. Isiltasuna nagusi. Rhodes oholtzara atera da, eta Rahkmaninoven lehen preludioa jo du. Une batez, are sakratuagoa bihurtu da espazioa. Musikak botere adierazezin bat dauka gizakiongan. Babesgabe uzten gaitu. Musikak aldatu egiten gaitu, bai eta sendatu ere. Rhodesek badaki zerbait horretaz.

Erdi irribarretsu erdi lotsatuta dago. Ez du piano-jole arrunta ematen. Bere itxura moderno eta erdi-hipsterraren atzean oso pertsona hurbila dago, komunikatzaile trebea. “Bach” diote bere jertseko letrek, eta musikari alemaniarra aipatzea nahikoa da Rhodesen begiak dizdizka hasteko. Bistan da sakonki bizi duela musika. Zainetan darama, eta ez du beretzat gordetzen. Oparitu egiten die besteei, jendearekin partekatzen du zaletasun hori, dohain hori. Bachen biolinarentzako Chaconneak aldatu zuen bere bizitza oso gaztetatik. Beste pieza bat izan zitekeen, beste musikari bat, baina Bach izan zen.

Zilarrezko Euskadi saria jaso duen Rhodesen Instrumental liburuak Goldebrg bariazioen eskema jarraitzen du. Hori bakarrik ez, liburuaren atal bakoitzak musika pieza bat proposatzen dio irakurleari, eta pieza horri buruzko xehetasunak ematen ditu Rhodesek.

Londonen jaiotako piano-jotzaileak musika klasikoaren aldeko aldarria egin du. Musika klasikoa jendearengana heltzea nahi luke, klitxeak haustea, musikarekin gozatzea, sentitzea. Rhodesek garbi dauka: musikaz ez jakitea ez da oztopo, barruraino sar dakizuke, bizitza alda diezazuke, ez duzu inoiz ahazten. Gainera, musika klasikoa ez da aberatsen edo aurpegia erratza-makila bezain zurruna dutenen monopolioa. Ez da XVII edo XVIII. mendeko ileorderik behar musikaz gozatzeko. Bide batez, gaur egungo baliabideekin doan ere lor daiteke musika klasikoa. Esaterako, Spotifyren bidez. Zerrenda ia amaigabea da: Bach, Haydn, Mozart, Beethoven, Schubert, Rahkmaninov, Ravel, Brahms, Txaikovski, Vivaldi, Mahler, Shostakovich… Deskubritzea plazer bat da, eta pieza bakoitzak eragin ezberdina izan dezake entzuleengan. Rhodesek horretara gonbidatu du entzulea, eta musika klasikoan sartzeko modu asko daudela adierazi du. Kexatu egin da ere, gaur egun musika heziketa krisian dagoela, ez zaiola behar adina garrantzia ematen.

Bachek transkribatutako Alexander Marcelloren Adagioa jo du hurrena. Rahkmaninoven azken preludioa, Schumannen pieza bat. Espazio sakratuaren sentsazioa gehiago errotu da entzulearengan.

“Zergatik ez duzu musika garaikidea jotzen?”, galdetu dio solaskide izan duen Mikel Chamizo konpositore eta kazetariak, solasaldiari zukua atera dionak. Rhodesek berehala erantzun du ez duela musika garaikidearekin konektatzen, ez duela ulertzen. Musika klasikoarekin, ordea, edonork senti dezake konexioa.

Musika klasikoaren pop-izarra deitu izan diote Rhodesi. Arestian esan bezala, uztarketa bitxia ematen da harengan. Janzkeraz modernoa; musika-zaletasunei dagokienez, klasikoa. Musika klasikoa bizirik dagoela erakusten du, ez dela elite baten kontua, herriari itzuli behar zaiola.

Chamizok aitortu du Rhodesen liburuak korapiloa utzi ziola sabelean, oso gordina zela. Eta sailkaezina. Baduela autobiografiatik, auto-laguntzatik, musikari buruzko liburutik… Bost urte zituela, bere boxeoko edo gimnasiako irakasleak bortxatu egin zuen Rhodes behin baino gehiagotan. Piano-jotzaileak adierazi du horrelakoei buruz hitz egitea osasungarria dela. Ez dugula noiznahi eta nonahi horretaz hitz egin behar, baina hitz egin behar dugula, lotsatu gabe. Zenbait albiste emateko orduan komunikabideek erakusten duten arinkeria eta azalkeria salatu du ere. Haurrei egindako sexu-erasoak gai deserosoa da, baina mahai gainean dago, eta oraindik ere bidea luzea egiteko badugu ere, gauzak bide onetik doazela uste du.

Rhodesek aholku bat eman digu ere. Tarteka, itzali mugikorra, itzali inguruko gailuak eta bakarrik geratu, nor bere buruarekin, isiltasunean, musika entzuten.

James Rhodes & Mikel Chamizo @ San Telmo Museoa

James Rhodes & Mikel Chamizo @ San Telmo Museoa