13

Mai / 2015

Zertaz ari garen Samanta Schweblinetaz ari garenean

Autorea:

Samanta Schweblin autore argentinarra ezagutzeko aukera izan genuen bart, Eider Rodriguez idazlea bidelagun zuela, Donostiako Troa Zubieta liburu-dendan. Hasieran gutxitxo batuko ginela iruditu arren, azkenean txiki geratu zitzaigun txokoa, eta jendea zutik. Ipuingilea da Schweblin eta gaur-gaurkoz lau liburu argitaratu ditu: El núcleo del disturbio, Pájaros en la boca, Distancia de rescate eta Siete casas vacías. Lehenengoari esker sona lortu zuen Argentinan eta inguruko beste herrialde batzuetan, baina Pájaros en la boca bildumaren bitartez zabaldu da bere izena Europako hainbat tokitara eta Euskal Herriko bere fan-klubera ere. Hain zuzen, bere lau ipuin baditugu euskaraz, hementxe irakurgai. Nouvelle bat, kontakizun luze bat da Distancia de rescate eta Ribera de Duero saria jaso berri duen narrazio-bilduma bat azkena.

Lau obren arteko ibilbide bat marraztu behar izatekotan, ipuin-bildumak aintzat hartuta, kontakizunak gertatzen diren tokiak hartu zituen Schweblinek gako gisa. Hasteko, lehen liburuan (Argentinatik kanpo eskuratzen zaila, Rodriguezek berretsi moduan), oro zen natura, hiriz kanpoko espazioak, jendea nekez bizi izaten den lekuak. Absurdora eta mundu onirikora askoz nabarmenago lerratutako ipuinak ziren. Pájaros en la bocan, ordea, hasten dira bideak agertzen, hirien kanpoaldeko auzoak, etxeak. Siete casas vacías, azkenik, zazpi gune ezagun dira izenburuak berak dioenez, zazpi etxe eta horien barruan bizi diren pertsonen arteko harremanak: gurasoena seme-alabekiko, maitaleen artekoa, ahizpen artekoa… Distancia de rescateren kasua apur bat berezia da eta paragrafo osoa eskainiko diot beranduago.

Idazlearen lantegia

Schweblin idazlea non jaio ote zen jakin nahi izan zuen lehenik eta behin Rodriguezek eta aurkitzen hain erraza ez den informazio-puska bat ekarri zigun, autore protagonistak ondoren osatua: Schweblinen amaren aldeko aitona artista zen, artista plastikoa. Ez zuen harreman gehiegi familiarekin baina Schweblin haurra zela, 7-8 urteren bueltan, aitonak erabaki zuen asteburuak harekin igarotzea, artistaren lantegia deitzen zuten zerbait eginez. Aitonarekin egindako asteburu-pasak mugarri izan ziren idazle artean umearentzat.

Batetik, bakarrik bidaiatzen ikasi zuen, bera bizi zen aldiri-auzotik Buenos Aireseko San Telmo auzorainokoa bakarrik egiten baitzuen trenez. Bestetik, aitonak artista-izatearen ideia erromantikoa zeukanez eta artista izateko gosez eta pobre bizi behar zela uste zuenez, txartelik ordaindu gabe garraio publikoa erabiltzen eta jatetxeetan sekula ez jaten (horren ordez beti janaria aldean eraman eta plazetan jatordua egiten) irakatsi zion. Azkenik, eta akaso horixe da garrantzitsuena, San Telmo auzoan, garai hartan, artista mordo bat bizi ziren, tartean Lito Vitale musikaria, eta horiek guztiak lanean ikusita, Schweblinek arteaz zuen ideia aldatu zen, ordura arte plastika-eskolekin lotuago baitzegoen, jolasarekin, eta ez artista haiek guztiek jarduten zuten seriotasun, erabateko arreta eta diziplinarekin. Zinez erakargarria iruditu zitzaion eta xarma horretatik kanpo geratzen zela begitandu.

Literaturara etorrita, bi lantegi nagusi izan ditu Schweblinek, edo, bestela esanda, bi tradizio izan ditu iturburu. Lehenik, literatura latinoamerikarrak eragin handia izan du beragan; erakartzen du magiak, iluntasunak, basak. Izenik aipatzekotan, Borges baino Córtazar edo Bioy Casares garrantzizkoagoak gertatu zaizkio. Bigarren, AEBetako literaturak idazteko moduetan utzi du bere marka Schweblinengan, horrek irakatsi baitizkio kontatzen denaren gaineko kontrola, hizkuntza baliatzeko zehaztasuna, irakurlearen buruan zer idatzi nahi den zehatz-mehatz neurtzeko gaitasuna.

Irakurlearen gogoan idazleak idazten duen horren harira, ez gara ari amaiera irekiez eta irakurleak berak bere irudimenarekin literaturari gehitzen dion horretaz. Zehaztasunaren maisu zen baten esaldi batekin esplikatu zuen zehatzago Schweblinek: “kanpoan hotza dago eta euria ari du” esaldi on bat da eta ederra izan daiteke, baina irakurleak zeuden bezala geratzen dira kasik hori irakurri ostean; aitzitik, ipuin bat hasten baduzu esanez “eskurik gabeko gizon batek jo zuen atea, nire etxearen argazki bat saldu nahian”, Raymond Carverrek behin egin bezala, irakurlea berehala hasi behar da galdezka: nor da gizon hori? Zergatik dauka nire etxearen argazki bat? Nola jo du atea eskurik ez badauka? Non nengoen ni argazkia atera zuenean? Argazki horretan agertzen al naiz?

Zentzu horretan, zeharo itxita ez dagoen gauza oro izan daiteke kontakizun bat idazteko abiapuntu. Adibide baterako, azken liburuko ipuinetako baten oinarria aleman-eskolako ariketa bat izan zen. Esaldi hauxe, hain justu ere: non dago zure gurasoen arropa? Esaldi bakarrean lau pertsonaia daude eta gainera galdera bat da. Hala ere, Schweblinek azpimarratu zuenez, beharrezkoa da arreta-puntu hori erne izatea etengabe, ipuin potentzial edo iceberg-mutur horiek ikusteko. Behar da nolabaiteko distantzia bat gertatzen denarekiko, horri erreparatu ahal izateko. Bere kasuan, egoera larrienean ere barne-ahots batek esaten dio: baina hau ez ote da kontakizun baterako modukoa?

Zinema ere eskola

Literaturarekiko harreman estu hori izanagatik, zinema-ikasketak egin zituen autoreak, eta irakurle batek galdetuta ez ote zen apur bat kontraesankorra, idazleak argi esan zuen: idazten trebatzeko, literatur ikasketak izan zitezkeena baino askoz eskola hobea izan zen zinemarena, literatura karreran formalismo errusiarraz ikasten baita asko, eta horrek ez du zerikusirik idazketarekin. Zineman, ordea, ordu luzeak eman behar dira erabakitzen zer eszena sartu eta zer ordenatan, zer esan eta zer ez, filmeko eszena inportanteenak ez ote duen askoz indar handiagoa izango baldin eta erakusten ez bada; orduak eman behar dira ikaskideekin borrokan, eszena batek 56 segundu, zehatz-mehatz, iraun ditzan eta ez 57. Laburtze-, kentze-, ezkutatze-lan hori guztia oso probetxuzkoa gertatu zitzaion idazleari ofizioa ikasteko orduan, istorioak kontatu eta eraikitzea baita ofizioa, funtsean.

Istorioa bera gidari

Hain zuzen, istorioari egiten dio beti men Schweblinek, horren arauen arabera egiten ditu egin beharreko guztiak. Zentzu horretan, ez du bere burua profesionaltzat jotzen. Kontatu nahi duen istorioaren araberakoa da beti bere narrazioen luzera eta forma, eta ea eleberri bat idatzeko asmorik duen galdetuta, ez daki esaten.

Distancia de rescateren kasuan nabarmen konturatu zen istorioa zela agintzen zuena. Denbora luzea eman zuen hori amaitzeko, behin eta berriro idazten zuen baina ez zen gustura geratzen, ipuinak ez zuen funtzionatzen. Harik eta autorea konturatu zen arte ez zela istorioaren beraren arazo bat (pertsonaiak ondo zeuden, gaia ondo zegoen), ezpada luzerarena. Kontatu nahi zuena kontatzeko 100 orri gehiago behar zituela ikusi zuen, alegia. Hortaz, ipuinzaleen pozerako, ez da Schweblinek kontakizun laburrak abandonatzeko asmorik duenik, ezpada kasu jakin honetan behar-beharrezko suertatu zaiola arnasa zertxobait luzeagoko zerbait sortzea.

Gainera, Schweblinen arabera ipuingileen patua ez da hain iluna ere, zenbait gauza on dakartza: dauden ipuin-jaialdi guztietara gonbidatu dute; literatur jaialdietako elkarrizketetarako lagungarri da, kazetariek hamaika liburu baitituzte oso epe laburrean irakurtzeko, eta ipuinen luzera dela-eta sarritan lehenago jotzen dutelako horrelako bilduma batera 800 orrialdeko eleberritzarrera baino; ipuinak antologiatan sartzen dira eta antologiak modu ezinhobea izan daitezke idazle baten lana ezagutzera emateko.

Baina kontakizun luze horretara itzulita, askok fantasiazkotzat jo duten arren, errealitate zehatz bat jorratzen du ipuinak, aipatu gabe eta zeharka bada ere, Argentinako eskualde batean gertatzen ari dena, Lifosato izeneko produktu baten erabileraren ondorioz. Soja-soroak garbitzeko baliatzen da hori eta oso kutsakorra da, horrekin kontaktu zuzena izanez gero, 48-72 orduren buruan hiltzen da pertsona. Borroka handia dago gaiaren inguruan Argentinan eta, esan bezala, kontakizunean izen-abizenez aipatzen ez bada ere, erreferentzia nahiko garbia da, autoreak berak hizpidera ekarri baitu egin dizkioten elkarrizketetan, liburuko kontra-azalean…

Rodriguezek jakin nahian ea lan horrekin kritika edo salaketa sozial bat egin nahi izan duen, Schweblinek erantzun zuen alde batetik baietz eta bestetik ezetz. Hiritar gisa, noski, interesatzen zitzaion gaia zabal zedin eta jendeak horren berri izan zezan; horrekin amaitzeko, bistan dena. Edozelan ere, idazle gisa landu nahi zituen gaiak beste batzuk ziren: galera, amek seme-alabekiko duten erreskatatze-distantzia bera… Lifosatoaren ondoriozko gertaerek marko paregabea eskaintzen zioten hori guztia paratzeko.

Eleberriaren lehen zirriborroan agertzen lifosatoa eta idazten ari zela bere buruari galdetu zion ea zuzenean esan behar zuen ala ez. Hain zuzen, Rodriguezek aipatutako politikoarekiko lotura horren bueltan gogoeta egin zuen, eta azkenean ebatzi literaturak literatura behar zuela izan, sobera zeukala gainontzekoa. Istorioak hartu behar zuela zama guztia, errekamaran bestelako balarik gorde gabe. Gainera, iruditu zitzaion gaiari buruzko eztabaida eta arreta gehiago piztuko zela baldin eta zuzenean aipatzen ez bazuen.