30

Oct / 2017

Beldurraren eta arriskuaren sinonimo

Por María Lizarraga Garmendia

Atzo arratsaldean joan ginen Mirari eta biok Hounds of Love (2016) ikustera. Antzoki Zaharreko eserleku guztiak nola betetzen ziren ikusi genuen berriro ere. Eta, nola ez, zerbezak eta “gin-tonic”ak jendearen eskuetan, oihuak eta komentarioak ahoetan – eta airean – eta pelikulaz gozatzeko gogoa atmosferan: giro paregabea. Josemi Beltranen eta Nic Alderton zine zuzendariaren hitzak entzun ondoren, Health, Wealth & Happines(2017) film laburra ikusteko aukera izan genuen lehenengo. Desioen bueltan dabilen kontakizuna da, eta aberastasunaz edota hilezkortasunaz pentsatzen jartzeko pizgarri gisa funtziona dezake.
Health, Wealth & Happiness. 4
Hounds of Love (2016) proiektatu zen jarraian. Australia mendebaldeko herri bateko auzo batean kokatzen da istorioa, 80.hamarkada inguruan. Bikotekide arraro batek auzoko neska gazteak bahitu eta hiltzen ditu. Istorioa, beraz, oso konplexua ez da, baina zenbait aspektu planteatzeko edota hausnartzeko baliagarria izan daiteke.

Esaterako, emakumea, kalea eta gaua – hirurak batera – beldurraren eta arriskuaren sinonimo direla ohartu nintzen beste behin ere. Ba ote dago gauetan inoiz beldurra sentitu ez duen emakumerik? Badago inoiz erasotuta sentitu ez den emakumerik? Ezezkoan nago. Emakumeok bi aukera ditugu errealitate horren aurrean: etxera bueltatzen ari garen bitartean adi-adi egon, sei begi eta bederatzi belarri izango bagenitu bezala ala beti konpainian joan, bakarrik ibiltzeari uko eginez – plazer horri uko eginez –. Eta jada nekatu gara – betidanik nekatu izan gara – adi egon behar izate horretaz; erreklamatzen zaigun detektibearen begirada tinko eta zorrotzak aspertzen gaitu. Emakumeok gauetan eta kaleetan lasai eta aske ibili nahi dugu. Bakarrik goazela ilargiari lasai begiratu nahi diogu, izarrak patxadaz kontenplatu.

Los comentarios están cerrados.