16

Abe / 2011

Filma berez den bezala entzutea, filma berez den bezala ikustea

Autorea: Liburu dantza

Irakurri baino lehen, abisu bat. Kasu honetan hurrengo testu hau nik ez dut idatzi. Eusko Jaurlaritzarekin kudeatzen dugun FILMAZPIT programaren taldeko testua da. Eta gure blogaren izenburuarekin lotura edukiz aparte, oso oso interesgarria iruditu zaigu guztiekin konpartitzeko.
FILMAZPITek modu profesionalean egindako azpititulazio bat eskaintzen die euskal zinemazale guztiei; euskaldun guztien esku jarri nahi du orain arte Donostiara eta zinemaldi eta programazio jakin batzuetara mugatu izan den eskaintza, zinemazale guztiek izan dezaten jatorrizko bertsioko filmak euskaraz ere ikusteko aukera.

[vimeo]http://vimeo.com/32362065[/vimeo]

Filmak: ikusi eta entzun.

Film gehienak ikusi ez ezik, entzun egiten dira. Giza jardueraren alor gehienetan bezala, filmak hizkuntza askotan egiten dira, eta, hizkuntza jakin hori ezagutu ezean, ikus-entzuleak itzulpen bat behar izaten du, giza jardueraren alor gehienetan bezala. Film hori itzultzeko bi era nagusi daude munduan: bikoizketa eta azpititulazioa.

Bikoizketak beste ahots bat jartzen du jatorrizko aktorearen edo esatariarenaren ordez, eta, hizkuntza bakoitzaren ahoskera dela medio, egokitze handi bat egin behar izaten da aktorearen ezpainak eta testu itzulia bat etor daitezen. Horrez gainera, hots-banda guztia ere aldatu egin behar izaten da: musika, zaratak, beste ahotsak… Azpititulazioak, berriz, ahotsa eta hots-banda errespetatzen ditu, lerro idatzien bidez adierazten baitu aktoreek diotena. Azpitituluek film batean hitzez esaten den guztia idatziz adierazten dute, ahalik eta osoenen, ahalik eta ñabardura gehienak kontuan hartuz, hizkuntza-erregistroak eta mailak ahalik eta gehiena errespetatuz, filmaren erritmoaren arabera eta aktoreen edo esatarien hitz-jarioarekin sinkronizatuta.

Filmak: ikusi, entzun eta irakurri.

Zer ahotsa du Brad Pittek? Nola hitz egiten du Angeline Joliek? Filma azpititulatzen ez bada, inoiz ez duzu hori jakingo, inoiz ez diezu entzungo, bikoiztaile baten ahotsa entzungo duzu haien ahotsen ordez, beste aktore askoren ahotan ere entzungo duzun ahots bera.

Filma berez den bezala entzutea filma berez den bezala ikustea delako nahiago ditugu azpitituluak. Aktore edo esatari bati ahotsa aldatzen dionak zeharo bestelakatzen du bere lana. Azpitituluek aukera ematen dute aktore guzti-guztien ahotsak diren bezalaxe entzuteko: politak edo itsusiak, zakarrak edo leunak, ingelesez edo japonieraz, alemanez edo txineraz.

Zergatik jartzen zaizkio bi lerro film bati? Zergatik itsusitzen da horrela filmeko irudia? Zergatik oztopatzen da horrela ikuslearen patxada? Bada, eta paradoxa badirudi ere, filma osorik ikusteko; filma lasaiago ikusteko eta behar bezala entzuteko; filma den bezala ikusteko eta entzuteko. Aktore edo esatari bakoitzak ahots bat duelako, bakarra, berea, desberdina, eta hitzak esateko modu bat, bakarra, berezia, desberdina; eta hitzak musikarekin edo isiltasunarekin edo zaratekin orekatuta daudelako eta filmegileak modu jakin batean sortu eta pentsatu dituelako: modu bakar, berezi eta desberdin batean. Alegia, film batean entzuten dena filmaren garrantzi handiko osagai bat delako, baita filma mutua denean ere. Eta hots-banda hori, hitz egiteko modu bakar, berezi eta desberdin hori bere horretan entzuteko eta gozatzeko modu bakarra gaur gaurkoz azpititulazioa da.
Horregatik, munduko zinemaldi guztietan filmak jatorrizko bertsioan proiektatzen dira, jatorrizko hizkuntzan, jatorrizko hotsarekin, filma osotasun bat delako eta beste norbaiten ahotsak tartean sartzeak zeharo aldatzen duelako jatorrizko sormen lana. Horregatik, munduko herrialde askotan –gurean ez, eta gure erdalerrietan ere ez– horrela (jatorrizko bertsioan eta azpititulatuta) proiektatzen dira film guztiak, eta, telebista askotan, filmak ez ezik, telesailak eta gainerako atzerriko programak horrela emititzen dira, baita umeentzat ere, jatorrizko hizkuntzan eta azpitituluekin.
Zinema ikusteko modu guztiz natural bat da, beraz, munduko jende askorentzat, azpititulatutako filmak eta telesailak ikustea, urte askotako ohiturak finkatua eta erraztua; gainera, munduko hizkuntzak entzuteko eta, kasuan kasu, haietan trebatzeko ere aukera ematen du azpititulazioak, gorrentzat zinema eta telebista ikusteko modu bakarra dela ahaztu gabe.
Badakigu, horretara ohitu gabeko lekuetan –gurean, adibidez–, irakurri beharrak, azkar irakurri beharrak, eragozpen bat sortzen diela batzuei, baina ohiturak berehala konpontzen du hori.

Filmak: ikusi, entzun eta euskaraz irakurri.

Zinema jatorrizko bertsioan eskaintzeko Donostian egiten diren programazio jakin baten barruan plazaratu ziren aurreneko film euskaraz azpititulatuak. Donostia Kultura udal erakundeak antolatutako Nosferatu programazioan, alegia, eta 1994an: Wim Wendersen “Paris-Texas” film ospetsua izan zen lehenengoetako bat.
Urte hartan bertan, euskaraz azpititulatutako film saio batzuk eskaini ziren Donostiako Antiguako Lugaritz kultur etxean: “Estatu Batuen alde iluna” zeritzan zikloari, eta ez zuen harrera eskasa izan Scorseseren bi film eta Clint Eastwooden film bat, besteak beste, ikustera bildu zirenen artean.

Hurrengo urtean, 1995ean, Donostiako Nazioarteko Zinemaldiak bi film eskaini zituen euskaraz azpititulatuta. Geroztik, pixkanaka-pixkanaka, film kopurua gehituz joan da, eta, aurten, Donostiako Nazioarteko Zinemaldiak 24 film eskaini ditu euskaraz, Nosferatu programazioak 9 ikasturte osoan, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiak 3, eta Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko asteak, berriz, 10 luze eta 7 labur.

Guztira, 1994tik hona, 550etik gora film –luze eta labur, fikziozko eta dokumental– plazaratu dira euskaraz azpititulatuta, Donostian.

Esan behar da, gainera, orain arteko proiekzio guztiak azpititulazio elektronikoz egin direla; alegia, azpitituluen testua unean-unean proiektatzen da filmaren pantaila azpian. Lan hori emanaldi batean edo bitan erabili izan da orain artean. Aurrerantzean, azpitituluok ikusentzuleek nahi adina emanaldietan erabili ahal izan ditzaten nahi dugu.

Duela bi urtez gero, zinemaldi eta programazio horietarako azpititulatzen diren filmak denbora-kodeekin egiten dira: noiz hasi eta noiz bukatu markatuta daukatela, alegia. Horri esker, azpitituluak film batean txerta daitezke laserrez, zinema-aretoetan, telebistetan, DVDtan edo nonahi ikus ahal izan daitezen, edo, internet bidez plazaratuta, edonork bere ordenagailuan erabil ditzake, azpitituluen dokumentua (srt fitxategi bat) programa egoki baten bidez (VLC, beste askoren artean) filman (AVI formatoan, besteak beste) automatikoki txertatzeko. Eta hori guztia baliatuta, sortu ahal izan da FILMAZPIT, euskaraz azpititulatutako filmak sarez-sare eta pantailaz-pantaila zabaltzeko.

Ba al zenekien hauen guztien filmak euskaraz azpititulatuta ikusi eta entzun ditugula Donostian?: Jean Renoir, John Ford, Aki Kaurismäki, King Vidor, Akira Kurosawa, Lars Von Trier, Louis Malle, Mike Leigh, Kenji Mizogutxi, Ernst Lubitsch, Fritz Lang, Yasujiro Ozu, Win Wenders, Luis García Berlanga, Marco Ferreri, Raoul Walsh, Robert Rossen, Joseph L. Mankiewicz, Karel Zeman, Sidney Lumet, Peter Bogdanovich, Danny Boyle, Bertrand Tavernier, Carol Reed, Bernardo Bertolucci, John Waters, Oliver Stone, Otar Iosseliani, Frank Borzage, François Truffaut, Orson Welles, Volker Schlöndorff, F. F. Coppola, Preston Sturges, Michael Winterbottom, Claude Chabrol, Michael Moore, Anthony Mann, Woody Allen, Alain Tanner, Robert Wise, Abel Ferrara, Henry King, Steve McQueen, Terence Davies, Mario Monicelli, Richard Brooks, Don Siegel, Clint Eastwood…

Los comentarios están cerrados.