Imperios del mar: la batalla final por el Mediterráneo (1521-1580), Roger Crowley
Ático de los libros, 2013
420 orr., 26,50 €
ISBN 9788493971939
Este post está en euskera.
Normalean, historia liburu bat irakurtzerakoan, nork bere jakinduria hedatu, datuak bilatu edo tankerako ariketa intelektualak burutzea bilatzen du. Ez da ohikoa dibulgaziozko idazkiak emozioak eragitea. Noizean behin, ordea, miraria gertatu ohi da. Adibide gisa, arestian gomendatutako Javier Negrete eta bere erromatarren kontakizunak. Oraingoan, berriz, Roger Crowley historialari britainiarra dator kategoria honetan sartzera.
Empires of the Sea izeneko lanak (Imperios del mar, gaztelerazko itzulpenean), Mediterraneo itsasoak XVI mendean sufritu zituen gerra inperialistak kontatzen ditu. Otomandar inperioa eta espainola aurrez aurre, heuren une gorenean. Geure mende honetan, mila aldiz entzunak ditugu Lepantoko batailari buruzko aipuak. Bertan Cervantesek berak parte hartu zuela eta horrelako komeriak. Baina, egia esan, Lepanto bera non dagoen ez dakigu. Eta gudu horrek etorkizunean zer suposatu zuenaren arrasto handirik ere ez. Gure idazleak hutsune larri horiek betetzen lagunduko digu.
Lehenik eta behin, turkiarren eraso eta inbasioa norainokoa izan zen baloratzen du. Ez bakarrik lurralde mugen aldetik. Baita garaiko Kristandadearen psikean sortutako inpresioaren aldetik ere. Berebiziko izu horren une gorena Maltako inbasioa izanik, otomandarrak Europako sukaldeko atea joka zeudela, egun ezagutzen dugun zibilizazioa Ospitaleko San Juan zaldunen esku gelditu zen aste ikaragarri batzuez. Ondoren, egoera horri aurre egiteko mendebaldeko buru koroadunek burututako lan eta sufrikarioak izango dira hizpide. Azkenik, bi zibilizazioek Lepanton modu erabakigarrian talka egin zuten arte.
Cambridgeko historialaria kontakizuna era dramatikoan egituratzen maisu ageri da. Sarrera, korapilo, klimax, epilogo eta guzti. Pertsonaiak, izaera eta psikologia aldetik, bikain borobiltzen ditu. Ez hori bakarrik. Zehaztasun historikoa eta dramatizazioa uztartzeko duen trebezia miresgarria gertatzen zaigu. Egia da, ingelesa izaki, enperadore espainiarrak begitan hartuak dauzkala igartzen zaiola, pittin bat besterik ez bada. Horrela, Felipe II Richelieu dumastar xuhur baten moduan marrazten digu. Baina horrek ez dio meriturik kentzen lan osoaren borobiltasunari. Aldiz, oso modu atseginean disfrutatzen da liburua, abentura nobela baten antzera.