X

Envía tus recomendaciones

Participa en nuestro blog

Los reyes del jaco, Vern E. Smith

Ugari dira drogaren unibertsoa jorratzen duten eleberri eta filmak. Gehienak, genero poliziakoan bildu ohi dira. Baina nik heuren genero propioa izendatuko nuke, drug-lit edo antzeko zerbait (amerikanoek dagoeneko etiketa sortu ez ote duten ez naiz fio). Zehatzagoa izateko, azpigenero bat eta guzti asmatuko nuke, drogaren soziologiarena (drug-people-lit?). Bertan Trainspotting, Ciego de nieve, Salvajes, edota El poder del perro bezalako deskribapen garratzak sartuko nituzke. Eta denetan aitzindari, gure gaurko gomendioa, Vern E. Smithen Los reyes del jaco.

Idazle afro-amerikar hau 70-80 hamarkadetan ospea lortuko zuen kazetaria da, gehien bat Detroiteko droga munduari buruz idazten. Bere artikuluek sari garrantzitsuren bat edo beste irabazi zuten. Gaiari buruzko eskarmentuaz baliaturik, bere lehen nobela (eta momentuz bakarra) idaztera abiatu zen. Bai txukun idatzi ere. 1974ean argitaratua izan zen lehenbizikoz.

Bertan, Detroiteko hiri industrialean, droga kargamentu handi baten lapurretak dituen ondorioak kontatzen dira. Hari horrek mundu itxi bezain itogarriaren pertsonai galeria oso bat ezagutzen lagunduko digu. Jonki mihiluzea, gorila profesionala, hiltzaile psikopata, prostitutak, mafiaburuak, eta beste asko. Hitz batean esanda, edozein hiri handiko estolda sistema. Horiek denak, idazlearen eskuetan literatur arketipo bihurtuko dira, egun dakusagun telesail eta pelikula orotan antzeman daitezkeenak. Baina azpimarragarriena, Smith-ek baliabide espresibo bezala erabiltzen duen jargoia da. Horrek ematen dio eleberriari erritmo eta bizia.

Los reyes del jaco – edo The Jones Men jatorrizko izenburuan-, gurtzeko nobela omen da. Auskalo hori zer den. Askotan literaturaren historiara pasatuko ez diren lanei leporatzen zaien deitura da. Gehienetan, gustura irakurtzen diren idazkien ezaugarria. Azken adiera hau neurrira datorkio gure gaurko lanari. Istorio txikia izanik, pulp nobela motza izan zitekeen, berrogei urte lehenago idatzia izan balitz. Horrek ez dio meriturik kentzen, ordea. Lurrinik potenteenak dosi txikitan eman behar baitira. Ni bezainbeste disfrutatzea opa dizuet.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *