14

maiatza / 2015

Eta basoak esan zion margolariari

“Baso bat opari” ikuskizuna eskaini zuten atzo Lugaritz Kultur Etxean Patxi Zubizarretak, Mintxo Cemillánek, Joserra Senperenak, Maddi Oihenartek eta Antton Valverdek. Ikuskizun hibridoa izanik, hitza ipini zuen Zubizarretak, margoa Cemillánek eta musika eta ahotsa azken hiruek. Zubizarretak iaz argitaratutako 50 eleberria du abiapuntu ikuskizunak, eta horretan ere arteen arteko harremana oso dago presente. Gainera, Txalapartak kaleratutako lan horretan, edukian ez ezik forman ere bada nahasketarik, irudiak letra eta doinuak baitatoz batean.

Berrogeita hamar urte egin berritan, pausaldi moduko bat egiteko asmoz urtegi batera doazen bost lagun artistaren istorioa kontatzen du Zubizarretak bere azken eleberrian. Garai horren bueltan sortzen diren kezkak eta arteari buruzko gogoetak tartekatzen ditu. Izan ere, urtegiaren beraren figura ezaguna da munduko literaturan, Thomas Mann alemaniarraren Mendi magikoa eleberrian, kasu baterako, pertsonaietako asko horrelako erretiro batean elkartzen dira.

YouTube Preview Image

Gisako atsedenaldi bat proposatzen eta eskaintzen du ikuskizunak ere, tarte batez eguneroko zaratatik urruntzeko aukera. Joserra Senperenaren pianoak eta Patxi Zubizarretak gozotasunez irakurritako pasarteek osatzen dute emanaldiaren ildo nagusia. Tartean txertatzen da Mintxo Cemillán margolaria, emanaldi hasieran huts-hutsik eta amaieran itzal okrez koloreztatuta agertzen zaigun mihisea betetzera, hiru margoalditan. Bereziki polita suertatzen da musikaren joan-etorriekin batera mugitzen denean pintzela ere. Horrez gain, Antton Valverdek eta Maddi Oihenartek bina abestirekin ematen diote arnasa irakurketari.

Paradisuaren aurrean kokatzen gaitu Zubizarretak hasieran. Eskakizun nekezik gabe lortzen dugu lorategian sartzea eta fruitu mardulak jatea. Kobazulo baten aurrean dagoen margolariari hizketan hasten zaio gero. Hausnarketak tartekatzen dira, kobazulo hartan biziko ote ziren gizakiengandik zenbat gauden urrun, haientzat zer ote zen artea. Hainbat autoreren testuetan barrena saiatzen da Zubizarreta margolariarentzat erantzunak bilatzen, tartean ikuskizunari izenburua ematen dion poema eder batekin, gauza baliotsuak ezin emanda, maiteari zuhaitz-haziak oparitzen dizkionaren istorioarekin, hain zuzen.

Esanguratsuki, mugikorra amatatuta daukan margolariak, ikus-entzuleok bezala, basoak zer esango dion.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude