13

Mai / 2015

Zertaz ari garen Samanta Schweblinetaz ari garenean

Autorea:

Samanta Schweblin autore argentinarra ezagutzeko aukera izan genuen bart, Eider Rodriguez idazlea bidelagun zuela, Donostiako Troa Zubieta liburu-dendan. Hasieran gutxitxo batuko ginela iruditu arren, azkenean txiki geratu zitzaigun txokoa, eta jendea zutik. Ipuingilea da Schweblin eta gaur-gaurkoz lau liburu argitaratu ditu: El núcleo del disturbio, Pájaros en la boca, Distancia de rescate eta Siete casas vacías. Lehenengoari esker sona lortu zuen Argentinan eta inguruko beste herrialde batzuetan, baina Pájaros en la boca bildumaren bitartez zabaldu da bere izena Europako hainbat tokitara eta Euskal Herriko bere fan-klubera ere. Hain zuzen, bere lau ipuin baditugu euskaraz, hementxe irakurgai. Nouvelle bat, kontakizun luze bat da Distancia de rescate eta Ribera de Duero saria jaso berri duen narrazio-bilduma bat azkena.

Lau obren arteko ibilbide bat marraztu behar izatekotan, ipuin-bildumak aintzat hartuta, kontakizunak gertatzen diren tokiak hartu zituen Schweblinek gako gisa. Hasteko, lehen liburuan (Argentinatik kanpo eskuratzen zaila, Rodriguezek berretsi moduan), oro zen natura, hiriz kanpoko espazioak, jendea nekez bizi izaten den lekuak. Absurdora eta mundu onirikora askoz nabarmenago lerratutako ipuinak ziren. Pájaros en la bocan, ordea, hasten dira bideak agertzen, hirien kanpoaldeko auzoak, etxeak. Siete casas vacías, azkenik, zazpi gune ezagun dira izenburuak berak dioenez, zazpi etxe eta horien barruan bizi diren pertsonen arteko harremanak: gurasoena seme-alabekiko, maitaleen artekoa, ahizpen artekoa… Distancia de rescateren kasua apur bat berezia da eta paragrafo osoa eskainiko diot beranduago.

Idazlearen lantegia

Schweblin idazlea non jaio ote zen jakin nahi izan zuen lehenik eta behin Rodriguezek eta aurkitzen hain erraza ez den informazio-puska bat ekarri zigun, autore protagonistak ondoren osatua: Schweblinen amaren aldeko aitona artista zen, artista plastikoa. Ez zuen harreman gehiegi familiarekin baina Schweblin haurra zela, 7-8 urteren bueltan, aitonak erabaki zuen asteburuak harekin igarotzea, artistaren lantegia deitzen zuten zerbait eginez. Aitonarekin egindako asteburu-pasak mugarri izan ziren idazle artean umearentzat.

Batetik, bakarrik bidaiatzen ikasi zuen, bera bizi zen aldiri-auzotik Buenos Aireseko San Telmo auzorainokoa bakarrik egiten baitzuen trenez. Bestetik, aitonak artista-izatearen ideia erromantikoa zeukanez eta artista izateko gosez eta pobre bizi behar zela uste zuenez, txartelik ordaindu gabe garraio publikoa erabiltzen eta jatetxeetan sekula ez jaten (horren ordez beti janaria aldean eraman eta plazetan jatordua egiten) irakatsi zion. Azkenik, eta akaso horixe da garrantzitsuena, San Telmo auzoan, garai hartan, artista mordo bat bizi ziren, tartean Lito Vitale musikaria, eta horiek guztiak lanean ikusita, Schweblinek arteaz zuen ideia aldatu zen, ordura arte plastika-eskolekin lotuago baitzegoen, jolasarekin, eta ez artista haiek guztiek jarduten zuten seriotasun, erabateko arreta eta diziplinarekin. Zinez erakargarria iruditu zitzaion eta xarma horretatik kanpo geratzen zela begitandu.

Literaturara etorrita, bi lantegi nagusi izan ditu Schweblinek, edo, bestela esanda, bi tradizio izan ditu iturburu. Lehenik, literatura latinoamerikarrak eragin handia izan du beragan; erakartzen du magiak, iluntasunak, basak. Izenik aipatzekotan, Borges baino Córtazar edo Bioy Casares garrantzizkoagoak gertatu zaizkio. Bigarren, AEBetako literaturak idazteko moduetan utzi du bere marka Schweblinengan, horrek irakatsi baitizkio kontatzen denaren gaineko kontrola, hizkuntza baliatzeko zehaztasuna, irakurlearen buruan zer idatzi nahi den zehatz-mehatz neurtzeko gaitasuna.

Irakurlearen gogoan idazleak idazten duen horren harira, ez gara ari amaiera irekiez eta irakurleak berak bere irudimenarekin literaturari gehitzen dion horretaz. Zehaztasunaren maisu zen baten esaldi batekin esplikatu zuen zehatzago Schweblinek: “kanpoan hotza dago eta euria ari du” esaldi on bat da eta ederra izan daiteke, baina irakurleak zeuden bezala geratzen dira kasik hori irakurri ostean; aitzitik, ipuin bat hasten baduzu esanez “eskurik gabeko gizon batek jo zuen atea, nire etxearen argazki bat saldu nahian”, Raymond Carverrek behin egin bezala, irakurlea berehala hasi behar da galdezka: nor da gizon hori? Zergatik dauka nire etxearen argazki bat? Nola jo du atea eskurik ez badauka? Non nengoen ni argazkia atera zuenean? Argazki horretan agertzen al naiz?

Zentzu horretan, zeharo itxita ez dagoen gauza oro izan daiteke kontakizun bat idazteko abiapuntu. Adibide baterako, azken liburuko ipuinetako baten oinarria aleman-eskolako ariketa bat izan zen. Esaldi hauxe, hain justu ere: non dago zure gurasoen arropa? Esaldi bakarrean lau pertsonaia daude eta gainera galdera bat da. Hala ere, Schweblinek azpimarratu zuenez, beharrezkoa da arreta-puntu hori erne izatea etengabe, ipuin potentzial edo iceberg-mutur horiek ikusteko. Behar da nolabaiteko distantzia bat gertatzen denarekiko, horri erreparatu ahal izateko. Bere kasuan, egoera larrienean ere barne-ahots batek esaten dio: baina hau ez ote da kontakizun baterako modukoa?

Zinema ere eskola

Literaturarekiko harreman estu hori izanagatik, zinema-ikasketak egin zituen autoreak, eta irakurle batek galdetuta ez ote zen apur bat kontraesankorra, idazleak argi esan zuen: idazten trebatzeko, literatur ikasketak izan zitezkeena baino askoz eskola hobea izan zen zinemarena, literatura karreran formalismo errusiarraz ikasten baita asko, eta horrek ez du zerikusirik idazketarekin. Zineman, ordea, ordu luzeak eman behar dira erabakitzen zer eszena sartu eta zer ordenatan, zer esan eta zer ez, filmeko eszena inportanteenak ez ote duen askoz indar handiagoa izango baldin eta erakusten ez bada; orduak eman behar dira ikaskideekin borrokan, eszena batek 56 segundu, zehatz-mehatz, iraun ditzan eta ez 57. Laburtze-, kentze-, ezkutatze-lan hori guztia oso probetxuzkoa gertatu zitzaion idazleari ofizioa ikasteko orduan, istorioak kontatu eta eraikitzea baita ofizioa, funtsean.

Istorioa bera gidari

Hain zuzen, istorioari egiten dio beti men Schweblinek, horren arauen arabera egiten ditu egin beharreko guztiak. Zentzu horretan, ez du bere burua profesionaltzat jotzen. Kontatu nahi duen istorioaren araberakoa da beti bere narrazioen luzera eta forma, eta ea eleberri bat idatzeko asmorik duen galdetuta, ez daki esaten.

Distancia de rescateren kasuan nabarmen konturatu zen istorioa zela agintzen zuena. Denbora luzea eman zuen hori amaitzeko, behin eta berriro idazten zuen baina ez zen gustura geratzen, ipuinak ez zuen funtzionatzen. Harik eta autorea konturatu zen arte ez zela istorioaren beraren arazo bat (pertsonaiak ondo zeuden, gaia ondo zegoen), ezpada luzerarena. Kontatu nahi zuena kontatzeko 100 orri gehiago behar zituela ikusi zuen, alegia. Hortaz, ipuinzaleen pozerako, ez da Schweblinek kontakizun laburrak abandonatzeko asmorik duenik, ezpada kasu jakin honetan behar-beharrezko suertatu zaiola arnasa zertxobait luzeagoko zerbait sortzea.

Gainera, Schweblinen arabera ipuingileen patua ez da hain iluna ere, zenbait gauza on dakartza: dauden ipuin-jaialdi guztietara gonbidatu dute; literatur jaialdietako elkarrizketetarako lagungarri da, kazetariek hamaika liburu baitituzte oso epe laburrean irakurtzeko, eta ipuinen luzera dela-eta sarritan lehenago jotzen dutelako horrelako bilduma batera 800 orrialdeko eleberritzarrera baino; ipuinak antologiatan sartzen dira eta antologiak modu ezinhobea izan daitezke idazle baten lana ezagutzera emateko.

Baina kontakizun luze horretara itzulita, askok fantasiazkotzat jo duten arren, errealitate zehatz bat jorratzen du ipuinak, aipatu gabe eta zeharka bada ere, Argentinako eskualde batean gertatzen ari dena, Lifosato izeneko produktu baten erabileraren ondorioz. Soja-soroak garbitzeko baliatzen da hori eta oso kutsakorra da, horrekin kontaktu zuzena izanez gero, 48-72 orduren buruan hiltzen da pertsona. Borroka handia dago gaiaren inguruan Argentinan eta, esan bezala, kontakizunean izen-abizenez aipatzen ez bada ere, erreferentzia nahiko garbia da, autoreak berak hizpidera ekarri baitu egin dizkioten elkarrizketetan, liburuko kontra-azalean…

Rodriguezek jakin nahian ea lan horrekin kritika edo salaketa sozial bat egin nahi izan duen, Schweblinek erantzun zuen alde batetik baietz eta bestetik ezetz. Hiritar gisa, noski, interesatzen zitzaion gaia zabal zedin eta jendeak horren berri izan zezan; horrekin amaitzeko, bistan dena. Edozelan ere, idazle gisa landu nahi zituen gaiak beste batzuk ziren: galera, amek seme-alabekiko duten erreskatatze-distantzia bera… Lifosatoaren ondoriozko gertaerek marko paregabea eskaintzen zioten hori guztia paratzeko.

Eleberriaren lehen zirriborroan agertzen lifosatoa eta idazten ari zela bere buruari galdetu zion ea zuzenean esan behar zuen ala ez. Hain zuzen, Rodriguezek aipatutako politikoarekiko lotura horren bueltan gogoeta egin zuen, eta azkenean ebatzi literaturak literatura behar zuela izan, sobera zeukala gainontzekoa. Istorioak hartu behar zuela zama guztia, errekamaran bestelako balarik gorde gabe. Gainera, iruditu zitzaion gaiari buruzko eztabaida eta arreta gehiago piztuko zela baldin eta zuzenean aipatzen ez bazuen.

12

Mai / 2015

Jose Luis Padróni elkarrizketa

Autorea:

Locus Amoenus izeneko poesia-errezitaldia eskainiko dute gaur eta bihar, Koldo Mitxelena Kulturunean, iluntzeko 19:30etan. Bost lagun ariko dira irakurketan: Jose Luis Padrón, Jon Obeso, Teresa Calo, Ekain Perez, Elena Martínez de Murgia. Gaurkoan euskarazko poemak irakurriko dituzte eta biharkoan, ordea, gaztelaniazkoak. Jose Luis Padrónekin hitz egin dugu, errezitaldiari buruz zertxobait gehiago jakiteko.

Nondik sortu zen errezitaldi hau egiteko ideia? 

‘Paisaiaren murmurioa / Cuando el paisaje habla’ erakusketak iraun bitartean, eta giro eder horretan, poesia emanaldia egitea pentsatu eta eskaini genuen Jon Obeso idazleak eta biok. KMk antolatzeko aukera eman zigun, ez errezitaldi bat, bi baizik, lehenengoa euskaraz, bigarrena gazteleraz. LITERAKTUM jaialdiaren barruan sartzearena, ondoren etorri zen.

Eta izenburua? 

Locus amoenus erantzun bat da,zibilizazioaren izenean gizakiaren eta naturaren arteko gerra aldarrikatzen duen argudioaren aurka. Locus amoenus babestutako eremua da, horma eta harresietako mugetatik urruti dagoen babeslekua, basoaren soilgune baten erdia. Azken finean, lorategia edo lurreko paradisua. Lorategia esatean, Hirian itzalean, ezkutuan dagoen aldeaz ari gara; alde horrek beste erdigune bat hartzen du, beste hirigune bat, egiteko beste modu bat Hiriaren begietatik gordea, instintua eta pasioa, bortitzak izan edo ez, landu ahal izateko intimotasunean; norbere burua ere ezagutzea da, edo zeruko handi sakona edota sustraien eta haizearen historia; zilbor baten modukoa da beste natura eredu bat zaintzen giza neurrira.

Hiru gaitan banatu duzue errezitaldia. Zeintzuk, eta zergatik aukeratu dituzue horiek?

Hiru dira, bai, prosa poetikoan eta laburpen gisa datorren sarrera labur baten ondoren hasten diren atalak. Errealitea esatean, Naturan sublimetasunak, haditasun orok gizakiagan sortzen duen ikaraz ari gara. Lorategia edertasunetik datorkigun plazera da, natura urtaroetan barna. Eta Gizakia, berriz, barne sen hutsez pizten zaigun kezka: egongo ote da nire sukarraren hainako beste halako Inor? Zer dakarkio poesiari margoarekin eta musikarekin lotzeak? Esperientzia poetikoa lotu eta elkar osatzea… zentzumen horiek guztiak asetzeko erabiliko ditugu emanaldia eta aretoa.

Saio bat euskaraz izango da eta bestea gaztelaniaz. Bien arteko aldeak? Gai igualen bueltan aukeratu dituzue bateko eta besteko poemak?

Errezitaldiek, batak zein besteak, gizakiak Natura azaltzeko erabili ohi dituen estrategia ezberdinak zeharkatuko dituzte, goitik beherako bidetik; paisaiak gizakian uzten duen aztarna. Horrela, sarreran, Naturak harridura eta dardara eragiten dizkigu, barren-barrenean bertigo modura biziki sentituko dugulako; ondoren Naturaren ñabardura guztien kontenplaziotik sortuak datozen plazera eta pozbidea; eta azkenik, bere buruaren aurrez aurre aurkitzen den gizakiaren bakardade gorria.Poema lanabesa da, erantzuna, horri guztiari zentzua emateko ahalegina, azaltzeko modua edozein delarik ere, gaztelaniaz, euskaraz…

Euskarazko poemetako asko poeta gazteek idatziak dira. Osasuntsu dago euskarazko poesia?

Poesia beti egon da neska-mutil gazteez gainezka, adin horretan hasten baikara garrasi egiten edota aieneka edota gogotik negar egiten, kontzientzia osoa hartuz, beti konformaezin, errebelde… poesia baita keinu edo kolpe edo ukabil bakarrean kabitzen den genero bakarra.Poesiaren osasunari dagokionez… gastronomiarena baino askoz makalagoa, esango genuke. Desoreka handia jasaten duen arloa dela iruditzen zait, batetik oinarri sendoa duelako, bai, poeta eta poema eta trataera onak, hala erakusten dute olerki bildumak urtero publikatzen direla edota urtero antolatzen dela errezitaldi eta jardunaldi ugari poesia ardatz dutenak, baina bestetik, gutxi saltzen da, ez du jende askorik irakurtzen, askotan bi katu ere ez gaude horrelako emanaldiak ikusten, eta ez da, salbuespenak salbuespen, indarrean jartzen eskoletan edota komunikabideetan, alderantziz, baldarki tratatua izan ohi da.Txikia eta ahula da poesiak errealitate kulturalean duen eragina, oso bistakoa da. Ez dakit baztertua den hitza, baina ez du jarraipenik, indarrik. Gaia laburtzea ez da erraza, baina gaur egun, benetan, nire iritzirako, XXI. mendean poesiak lekua galdu du gizartean. Aurkari gogorregia da gaur kultura eta bereziki poesia pasatzen ari den insensibilidadezko arauen aroa.

08

Mai / 2015

Munduari itzulia laurogei liburu-dendatan

Autorea:

Aurten, estreinakoz, liburu-dendek presentzia nabarmena hartu dute Literaktum jaialdian, Liburu Lurraldea izeneko atalaren barruan. Eremu horretan egingo da nire ustez jaialdi honetako ekitaldi erakargarrienetako bat, Eider Rodriguez eta Samanta Schweblin idazleen arteko solasaldia, hain zuzen. Troa Zubieta liburu-dendan izango da, datorren asteartean. Hori esanda, gatozen harira.

Liburu Lurraldearen lehen ekitaldirako ezin gai aproposagorik aukeratu: Jorge Carrión idazle bartzelonarraren Librerías [Liburu-dendak] saiakeraz hitz egin zuten atzo Garoa liburu-dendan autoreak berak eta Txetxu Barandiaranek, kultur industrian adituak. Carriónek eleberriak idatzi ditu eta baita telesailei buruzko saiakera bat ere: Teleshakespeare. Librerías lanari esker finalista izan zen Anagrama sarian eta laster beste hizkuntza batzuetara itzuliko dute.

Liburua hainbat modutara irakur daitekeela esan zuen Carriónek. Batetik, bidaia bera jarraitu daiteke, munduan barrena, liburu-dendaz liburu-dena eta hortzak gero eta zorrotzago. Bestetik, liburu-objektuaren beraren historia gisa ere irakur daiteke, Greziatik hasita garai digitalera arte.

Liburu-denden aldeko aldarria egin zuen idazleak, kulturgune eta komunitate gisa ulertuta. Bere ustez, liburu-denden eta -saltzaileen figura menostua izan da oro har, edo bestela esanda, ez zaio sekula aitortu merezi duen neurriko garrantzia. Rol askoz nabarmenagoa izan dute beti editoreek, idazleek berek, kritikariek… Non geratu da, ordea, liburua irakurleen eskutara daraman hori? Gomendioak ematen dituena? Garrantzia-falta horren erakusle da argitaletxe handiek, estatu espainiarrean kasu, Planetak edo Mondadorik, ez dituztela beren liburu-dendak defendatu, Amazonen kontra.

Liburu-denda ondare historikotzat jotzea ezinbestekoa iruditzen zaio Carrióni. Adibide oso bisual bat jarri du. Kafetegi edo taberna historikoek, kasu baterako, Cadaquéseko Melitón tabernak, argazkiak ditu, Marcel Duchamp artista hara joaten zenekoak xakean jokatzera. Mota horretako tokiak ondo arduratu dira beren artxiboa osatzeaz, liburu-dendek aldiz, hainbat idazle eta pentsalari bertara sarri joanagatik, gutxitan egiten dute horrelakorik.

Komunitatea sortzearena izan da aipatutako beste ildo nagusi bat. Carriónen ustez, beren inguruan osatu komunitatea zaintzen eta horri eusten ez dioten liburu-dendek jai daukate. Mataró-ko liburu-denda baten adibidea eman du. Garai batean kooperatiba gisa eratua, 10 urte inguruz bete zuen komunitate-gunearen funtzioa, baina izaera hori bazter utzi zuen, besteak beste, liburu-aurkezpenak mekanizatzen hasi zenean, alegia, liburu-aurkezpenak egiteko packak eskaintzen hasi zenean: X sosen truke, aurkezpena egiteko tokia, ardoa, eta postal batzuk ematen zituzten. Nolabait esatearren, hortik aurrera, liburu-aurkezpen bakoitza dagoeneko ez zen gertakizun berezi bat. Liburu-denda horrek erreka jo zuen noizbait eta crowdfunding bat jarri zuten abian proiektua salbatzeko. Deiari ez zion inork erantzun, dendak jada ez ziolako ekarpen berezirik egiten inguruari.

Bartzelonako beste liburu-denda batzuek, Documentak esaterako, badu bere komunitatea inguruan, eta lortu du proiektua aurrera ateratzea hasiera batean oinordeko liburu-saltzailerik ez zeukan arren.

Oinordeena bai baita beste gai pisutsu bat. Liburu-denda asko dira belaunaldiz belaunaldi jarraitutako enpresatxoak. Gu geu geunden Garoa bera adibide. Tradizioari eustearen eta garaietara egokitzearen arteko gatazka agerikoa da kasu horietan guztietan. Batetik, belaunaldi gazteagoek eutsi nahi diote aurrekarien esentziari, Garoako Imanolek berak esandakoaren haritik, berarentzat Zarauzko liburu-denda baita denaren abiapuntu eta arrazoi, hain justu, gurasoek zabaldu zuten horixe bera, eta ez gero Donostiara ekarri duten filiala.

Edonola den, liburu-dendak jakin behar du bizi den garaiari egokitzen, Carriónen ustez. Hain justu, mamiari eusten baina gauza berriak ere txertatzen asmatu duten liburu-denda horiexek dira gerora iraun direnak. Denboran zeharreko ideia modura hartu behar da liburu-denda, gainera askotan nomadak izaten baitira eta denda batzuek tokiz aldatu behar izaten baitute; hortaz, gakoa ez da toki berberean eta amiñi bat ere aldatu gabe irautea, ezpada bi gauzak konbinatzea, alegia, esate baterako, irakurtzeko besaulki erosoak edukitzea beti, baina baita kafea edo ardoa eskaintzea ere. Era berean, nabarmendu du aniztasunaren garaia bizi dugula gaur egun, eta liburu-denda adina modu daudela aipatu oreka eta komunitatea biltzeko.

Azkenik, Carriónek aldarrikatu du liburu-dendek deskonexio eta berkonexiorako balio behar dutela, tenplu bat izan, hainbat hobeto wifirik ez badute. Bere guraso eta aiton-amonentzat elizak bete izan duen funtzioa bere dezaketela uste du idazleak. Balio dezaketela egunerokoaren zaratatik eskapo egin eta tarte batez, patxadaz, norbere baitara biltzeko.

Zorteko gaude, euskal herrietan ez dira-eta gutxi filosofia horretatik gero eta hurbilago dabiltzan guneak.

07

Mai / 2015

Europarrak?

Autorea:

Cees Nooteboom idazle holandarrak solasaldia egin zuen atzo San Telmo museoan Ignacio Aymerich soziologo eta legelaria akuilari eta galdetzaile zuela, era berean, biak ere galdera nagusi bati erantzuteko asmotan: “nola izan europarrak?”

Nooteboom idazle sonatua da, liburu mordoxka idatzi ditu hainbat genero baliatuta: poesia, narratiba, saiakera, eta, nabarmen, bidaia-liburuak. Aymerichek hitz ederrak baino ez zituen izan Nooteboomen lanarentzat eta, besteak beste, azpimarratu zuen Nooteboomek begirada berezi-berezia duela, beste batzuk ikusiko ez lituzketenak ikusteko gaitasuna. Hori dela-eta dute bere bidaia-liburuek hain kutsu berezia, deskribapen higaturik ez da agertzen, horregatik iritsi dira hainbeste irakurlerengana.

Aymerichen ustez, hizkuntza hain zehatz lantzearekiko abilidadea poesia jorratu izatetik datorkio Nooteboomi, hain zuzen, autorearentzat berarentzat, bere lan garrantzitsuena poesian egindakoa da, besteak aldiz, “sukurtsalak” dira. Edonola den, Aymerichek berak bidaia-liburu bati esker deskubritu zuen Nooteboomen lana (ez dirudi kasualitatea), Donejakue bideari buruzkoa.

Fikzioaren eta errealitatearen arteko muga lausoak ere dira Nooteboomen obraren ezaugarri. Idazlearen eleberriek saiakera eta erudizio historikoaren itxura dute batzuetan, saioak ez dira hausnarketa huts izaten.

Solasaldira bueltatuta, hain zuzen europarrak zelan izatearen galdera bada Nooteboomen saiakera baten izenburua, diskurtso-multzo batena, autorearen esanetan. Nooteboomek hamaika bidaia egin ditu Europan zehar, ondo ezagutzen ditu hainbat txoko eta hizkuntza batzuk, eta zentzu horretan ikusten du bere burua europar gisa. Alemanian bizi izan da urte luzez eta Herrialde Katalanetan egiten ditu sei hilabete urtean, Menorkan.

Hizkuntzak aipatu ditut eta Nooteboomek gaztelaniaz erantzun zien Aymerichen galderei. Seguru asko, berea izan zen erabakia, baina nik neuk ezin izan nuen inpresioa uxatu, zerbait galdu zela zubi horretan, agian ikuspegi sakonago bat jaso izango genuela, adibidez, ingelesez aritu izan balitz eta interprete batekin (eta ingelesa diot hizkuntza horretako hitz asko tartekatu zituelako mintzaldian eta esango nukeelako aiseago aurki daitezkeela hizkuntza horretako interpreteak holandarrekoak baino).

Hain zuzen, autoreak berak ohartarazi zuen ele arrotz batean hitz egiteak abstrakziorako gaitasuna mugatzen ziola eta saioan nahiago izango zuela istorioak kontatu. Horrelaxe izan genuen hainbat pasadizoren berri, ikus-entzuleek gogoz entzun zituztenak, hala nola, bere editore italiarrak, fededuna ez zena, Donejakue bidea egitera joan, Nooteboomen liburua lagun, eta eliza txiki batean apaiz batekin hizketan aritu ostean iganderoko mezara itzuli dela.

Europar gaiaren harira, Aymerichek tira egin nahi izan zion, europartasun-sentimenduko aski ahularen iturburuaz galde eginda: egitura politikoa eraiki delako identitate politiko bateratu bat eduki aurretik? Beste modu batera, zergatik ez dituzte iparraldeko estatuek bere sentitzen hegoaldekoek arazoak? Hego-mendebaldekoek Ukrainakoak? Nooteboom ados agertu zen Aymerichen lehen hipotesiarekin, eta azpimarratu zuen moneta bakarra izan arren ez dagoela banku bakarrik, edo, ez dela asmatu estatu-kideak baino fuerteago den zerbait sortzen, AEBetan bezala.

Abiapuntutik bertatik piztu zitzaizkidan zalantzak. Hasteko, bistan da, Aymerichek eta Nooteboomek argi daukate Europa indartzearen eta batzearen garrantzia, Europar Batasuna osatzearen plan osoaren oinarri dena, Bigarren Mundu Gerraren ondorenean, sarraskiak ez daitezen errepikatu… europar lurraldean, esan nahi baita.

Neuk, ordea, abiapuntu hori berori berplanteatzeko beharra sentitu nuen, nola izan europarrak baino, izan behar ote dugu europarrak, eraiki behar ote dugu europarra? Bestalde, europarrak nola izan galdetzen hasten bagara, ezin itzurizko afera bat dago atezuan, eta ari naiz, noski, iragan kolonialaz. Italiako itsasertzeetara iristeko ahaleginean itotzen diren horiei guztiei buruz ezin da hitz egin bestela bezala, herrialde europar frankok Afrikako beste hainbat lurraldetan izandako negozio ez-hain-atseginak existitu ez balira bezala, horrek guztiak gaur eguneko egoerarekin zerikusirik ez balu bezala (hala haien pobreziarekin nola geure aberastasunarekin).

Bidaiaz ari garela, gainera, eta Europan zeharrekoaz, eta kontuan hartuta Nooteboomek berak esan bezala inguruak ikustera ospa egin zuela hemezortzi urterekin, motxila bizkarrean, ezinbestean hartu behar da aintzat gaur egun gurpildun-maleta eskuan PIGSetatik iparraldeko sozialdemokrazia eredugarrietara joaten diren gazteek akaso ez dutela abentura zirraragarri gisa bizi hori.

Akaso, horiei denei ere galdetu beharko zaiela zer den europarra izatea.

07

Mai / 2015

Elkarrizketa: Antonio Casado da Rocha

Autorea:

Antonio Casado da Rocha: “Poesiari begiratzen diogunean ez zaigu harria interesatzen, Arestiri bezala, ezpada harri bihurtzeko bidean dagoen hori”

“Laba/lurra, poema berriak eta hautatuak” izenburuko errezitaldia eskainiko dute gaur hilak 7, Antonio Casado da Rocha eta Oier Guillan autoreek. Udal Liburutegiko ekitaldia aretoan izango da, San Jeronimo kalean, arratsaldeko 19:30etan. Emanaldi berezi bat egiteko asmoa agertu dute, soila baina ezohikoa. Irakurraldiaren oinarrian Casado da Rocharen bigarren poesia liburua dago, Islandiera ikasten (Utriusque Vasconiae, 2014). Idazlearekin solasean aritu gara, emanaldiari eta bere poeta-ibilbideari buruz zerbait gehiago jakiteko.

[youtube]https://www.youtube.com/watch?v=QgEvEHg0vMA[/youtube]

Poesia beste modu batzuetan gizarteratu behar dela azpimarratu zenuen zeure Argiako blogean. Ikuspegi horretatik ulertu behar dugu Laba/lurra proposamena?  

Literaktumen beraren helburuetako bat bada arteen arteko lotura sustatzea, elkarrizketa sortzea poesiaren eta beste arte-adierazpide batzuen artean. Hortaz, uste dut komeni zela horrelako zerbait egitea. Oierrek berak bere aldetik egin izan du, Metrokoadroka kolektiboaren lanak oso hibridoak izan dira beti, adibidez, Idoia Beratarbide ibili izan da oholtza gainean marrazten. Horrelako gauzak dibertitzen gaituzte, eta uste dut Oier eta biok bat gatozela horretan, poesia-emanaldi ezohikoak egitea interesatzen zaigu.

Bestalde, poesiak badu ospe txarra gurean, jarduera elitista dela, kriptikoa, bertsolaritzarekiko kontrastean, nahiz eta azkenaldian bertsotan ere egin diren gauza nahiko hibridoak.

Gure errezitaldia, azken batean, beste ekarpen bat gehiago da ildo horretan.

Eta zertan datza ekarpen hori?

Oier eta biok saiatuko gara irakurraldia ahalik eta dinamikoena egiten, baina berrikuntza, hain justu ere, bideoa txertatzea da. Oierrek eta biok hitz egiten dugun bitartean bideo bat proiektatuko dugu eta horrek garrantzia handia izango du. Gorka Belaskoren marrazkiak agertuko dira bertan.

Esan bezala, poesia-emanaldi ezohikoak egiteko ahaleginean, musika baliatzea izan da bide tradizionalena. Guri otu zitzaigun, ordea, marrazkiarekin lotzea. Lehenengo liburuan Pernan Goñirekin lana egin nuen azala egiteko. Mundu hori asko gustatzen zait, oso freskoa iruditzen zait, eta gaur egun gero eta ohikoagoa da bilkura akademikoetara marrazkilari bat joatea, bilkura hori iruditan biltzeko. Ez da gauza berria.

Gorka Belasko ezagutzen dugu, bera sketch crawlaren munduan dabil, eta banekienez nire liburua irakurrita zeukala, irakurketa grafiko bat egin zezan eskatu nion. Liburuan bertan badaude hainbat marrazki eta horiekin bideoa osatu dugu. Gorka bera errezitaldian egongo da, norbaitek egin nahi izanez gero, ekarpenak jasotzeko, baina ez da oholtza gainean egongo, baizik eta ikus-entzuleen artean.

Nondik dator Laba/lurra izenburua?

Ez da liburu bateko emanaldia. Poema zaharrak irakurriko ditugu, bai neurek, bai Oierrenak, eta baita beste poeta batzuenak ere. Egia da, hala ere, errezitaldiaren bizkarrezurra Islandiera ikasten liburuak emango duela eta bilduma horren atal bat, agian atal garrantzitsuena, Laba/lurra deitzen da. Bi errezitatzaile izanik, eta ez dakit nor den laba eta nor lurra, interesgarria da bien arteko harremana aztertzea. Gainera, badago momentu bat non laba lur bihurtzen den eta guri hori interesatzen zaigu, tartean dagoena, prozesua.

Interesatzen zaizkigun hainbat gauza prozesuak dira, Jule Goikoetxeak ere badauka, adibidez, horri buruzko poema bat, eta politikagintzan eta herri mugimenduetan presente dago bidearen garrantzia. Beraz, guk gizarteari, edo etikari, edo poesiari begiratzen diogunean interesatzen zaiguna ez da harria, Arestiri bezala, baizik eta oraindik harri ez dena, harri bihurtzen ari den hori.

Prozesuaren eta laba/lurraren ideia hori ardatz hartuta egituratu duzue emanaldi osoa?

Ez, anitza izango da. Egia da Islandiak, toki gisa, eta iparraldeak ere toki handia hartuko dutela, baina denetarik egongo da, liburu osoaren ideia emate aldera. Paisaia-poemak egongo dira, Islandian kokatuta. Besteak beste, egunotan hainbeste entzun dugun lege islandiar horri buruzko poema bat irakurriko dugu, istorioa kontatzen duena.

Laba/lurra izenburuak landuko ditugun gai batzuen berri ematen du, baina emanaldia ez da soilik Islandiari eta geologiari buruz izango. Emanaldi anitza sortzen saiatu gara.

Beste poeta batzuek lanak ere irakurriko duzuela esan duzu. Zeintzuk?

Islandiera ikasten izenburua beste poeta baten lanetik dator, Bill Holm, hark bai ikasi baitzuen islandiera. Poema hori bera euskaratu dugu, beren-beregi, eta irakurriko dugu. Horrez gain, poeta islandiar garaikide baten poema bat ere euskaratu dugu. Ez dugu zuzenean islandieratik ekarri, ezpada ingelesa zubi-hizkuntza gisa baliatuta. Emanaldian bietara irakurriko dugu, islandieraz eta euskaraz. Erronka moduan hartu dut islandieraz irakurtzearen, lagun batekin praktikatzen aritu naiz. Ikus-entzuleak harritzea nahi dugu, islandiera oso arrotza zaigu-eta.

Hizkuntza-ikasketaren prozesua oso presente dago zure poemetan.

Bai, poesia idaztea laborategi moduko bat izan baita niretzat, euskara hobeto ikasteko. Bigarren liburuan, islandiera metafora gisa erabili dut.

Poeta modura asko gustatzen zait euskaraz idaztea eta euskara bera hizkuntza bezala, justu berandu xamar ikasi dudalako. Hori dela-eta, hizkuntza kanpotik ikusteko aukera daukat, objektu estetiko gisa. Gainera, aurrez aurrekoan traketsago aritzen naiz eta askotan poemak idazten ditut aurrez aurre esaterik ez daukadana esan ahal izateko.

Ahalduntzeaz asko hitz egiten da azkenaldian eta nire kasuan poesia idaztea euskara-hiztun gisa ahalduntzeko bide bat izan da. Sarritan, euskaldunberriok edo euskara ikasten ari garenok, konpleju asko ditugu, ez gara hitz egiten ausartzen… Edo askotan esaten digute: zure ama-hizkuntzan ez bada ezingo duzu benetan adierazi sentitzen duzuna. Hain zuzen ere, horri buruzko poema bat idatzi nuen, eta nire apustua juxtu kontrakoa izan da: ba bai, beste hizkuntza hori ikasiko dut eta neureganatuko dut. Poesiaren bitartez, horrekin jolastu dut, eta lagundu dit hizkuntzaren ikasketa modu ludiko batean ikusten eta ez betebehar bat bezala.

Amaitzeko, eta errezitaldira itzulita, Oierren eta bien arteko elkarrizketa izango da zuena?

Hibridoa izango da, aldi berean irakurraldi antolatu bat baina solasaldirako tartea ere egongo da. Nire ustez, emanaldiak aukera paregabea dira liburuak berreskuratzeko eta ezagutzera emateko. Hortaz, gurea ez da izango soilik poemak bata bestearen atzetik irakurtzea. Oier eta bion artean elkarrizketa txikiak izango ditugu, giroa informalagoa izan dadin, askotan poesia-irakurraldiak tonu solemnean egiten direlako.