18

maiatza / 2015

Gosearen mekanismo politikoak

Martín Caparrós kazetari eta idazle argentinarrak Ander Izagirre kazetari eta idazle euskaldunarekin izandako solasaldiarekin amaitu zen Literaktum jaialdiaren aurtengo egitarau betea, larunbat iluntzean. El hambre obra izan zuten ardatz, goseari buruzko saiakera, ikerketa, testigantza-bilketa eta analisia uztartzen dituen liburu mardula.

Caparrósek hasieratik utzi zuen garbi zer motatako lana egitea zuen helburu eta zer abiapuntutan kokatuta: gosea, gaur egungo munduan, ez da arazo tekniko bat, ezpada politikoa. Munduko pertsona guztiek nahikoa jateko adina janari ekoizten da gaur egun, hortaz milioika lagunek behar luketena baino askoz gutxiago sabeleratzen badute, horren atzean erabaki kontzienteak daude.

Egiturazko arazotzat du gosea Caparrósek, era berean. Munduaren erdia goseak egotea ezinbestekoa da munduaren beste puska pribilejiatuak jaten duen moduan jan dezan, alegia, munduko pertsona guztien nahikoa jateko adina janari ekoizten da gaur egun, baina nahikoa jate hori ez letorke bat gaur egun batez ere mendebaldean daukagun jateko kulturarekin, hau da, nahi dugun guztia jatearena desikasi beharko genuke.

Esan moduan, Caparrósek argi zeukan gaia landu nahi zuela, eta zer egin nahi zuen zehazki. Batetik, aipatu zuenez, aspalditik zeukan gaia jorratzeko gogoa; izan ere, luzaroan beste arazo sozial batzuk lantzen ibili ostean (migrazio-mugimenduak, klima-aldaketa, osasun sexuala eta erreproduktiboa), konturatu zen gatazka horien guztien oinarrian sarritan gauza bera zegoela, gosea; desberdintasunen metafora bortitzena.

Bestalde, nahiz eta munduko goseteak ondorio latzak dituen, toki komun bilakatua da honezkero eta, horrekin batera, kamustu egin da salaketa. Edozeinek aldarrikatuko lukeen zerbait da, inor ziztatzen edo deseroso ipintzen ez duen zerbait, inor gutxik hitz egingo luke gosea amaitzearen kontra, baina inor gutxik hartzen du horren errora jotzeko neurririk. Hortaz, liburu hau ere bada saiakera bat hitz horiek eta salaketa hori berriz zorrozteko, min egin diezagun lortzeko berriz.

Obraren egiturara etorrita, Caparrósek argi zeukan ez zuela nahi testigantza-liburu bat egiterik, miseriaren pornografia bat bihurtzeko arriskua lekarkeelako, bizipen-kontakizunek hunkituta uztearena irakurlea, negar-malkotan… eta listo. Inpresioa eman zezakeen ezin aldatuzkoa dela egoera hori, berez dela horrelakoa. Horren aurka, analisiak txertatu nahi zituen testigantzez gain, gosearen mekanismo politikoak xehe aztertzeko eta ageriko egiteko.

Erabaki hori hartu ostean hasi zen Caparrósen proiektuaren zeregin nekezenetako bat, aukeratu behar baitzuen gosearen zer mekanismo zehatz ikertuko zituen eta helburu horretarako zer toki hartuko zituen abiapuntu. Izan ere, liburu horrela dago banatuta, zortzi ataletan (gehi hitzostea), kapitulu bakoitza herrialde batean kokatua eta mekanismo jakin bat lantzen: India, Bangladesh, Niger, Kenia, Sudan, Madagascar, Argentina eta AEBak. Gatazka armatu bat bizi izan duen lurraldean aurreikus daiteke gosetuak egongo direla, baina gose horren engranajea ez da duela hainbat belaunalditatik gose “kronikoa” jasaten duen herrialdeko berbera.

Pare bat adibide aipatzearren: batetik, Caparrósek Argentinako kasua aztertu zuen. Hasteko, autoreak ez zuen nahi sentipena sortzerik, alegia, irakurleek liburua irakurri ostean pentsa zezaten “ni ez nago hain gaizki”, horrek beren egoera propioa kritikoki ez behatzera eraman baitzitzakeen. Horrez gain, Argentinaren egoera baliagarria suertatu zitekeen “laguntzakeria”ren (asistentzialismoa) fenomenoa esplikatzeko. Produzitzen ez dutela-eta kapitalismoarentzat ustigarriak ez diren pertsonak daude eta horiek traba dira sistemarentzat. Ezin dituztenez akabatu, diru-laguntza txiki bat ematen diete, eta horri esker baino ez dute bizirauten. Horrekin bat, bezerokeria ere sortzen da; izan ere, pertsona batek ez badauka bizibidea bere kasa ateratzeko aukerarik, bizibidea ematen dion horren menpeko bihurtzen da, guztiz.

Indiaren kasuan erlijioaren papera hartu zuen ahotan Caparrósek. Inmobilismoa sustatzeko tresna eraginkor bat da fedea. Nahiz eta sinesteak balio dezakeen egoera ezin latzagoan dauden horiek aurrera egiteko kapaz izan daitezen, minaren minez beren buruez beste egin beharrean, opio bezala balio dezake era berean, ez daitezen beren egoeraren erantzule direnen kontra altxa, patuak eta Jainko bat eragin duela sinesten dutelako.

Ikus-entzuleek galdetuta ea pribilejiozko egoeran gaudenok zer egin dezakegun egoera aldatzeko, batetik Caparrósek argi utzi nahi izan zuen ez zaiola guruaren irudia hartzea gustatzen. Bestalde, nahiz eta zenbait urrats txiki egin ditzakegun, gauzak eraginkorki aldatzeko maila handiagoko erabaki politikoak behar lirateke. Horrez gain, gogora ekarri zuen bilaketa eta esperimentaziorako garaia bizi dugula, ez gaude, modernitatean bezala, itxaropentsu etorkizunerako plan sendo bat daukagulako, ezpada beldurrez, ez dakigulako zer demontre etor daitekeen hurrengo. Hortaz, bide seguru eta zehatz bat baino, xendra lauso mordo bat dauzkagu, eta Becketten esaldi sonatu hura mantra gisa hartuta saiatu egin behar dugu: saiatu, huts egin eta, batez ere, hobeto huts egin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude