12

maiatza / 2016

Philip Rothen itzal luzea

Atzoko saioan Jordi Fiblak eta Slawka Grawoskak Philip Rothi buruz jardun zuten. Jordi Fibla itzultzaileak ondo ezagutzen du idazle estatubatuarraren obra. Are gehiago, haren hemeretzi liburu itzuli ditu. Itzultzaile oparoa da, eta ingelesetik ez ezik, frantsesetik ere egin ditu itzulpenak. Nabokov, Kipling, D.H. Lawrence, John Kennedy Toole, Gordimer, Coetzee, John Irving edota Saul Bellow itzuli ditu. Japoniar literaturako lanak ere itzuli izan ditu, tartean, Mishima eta Genji Monogatari, XI. mendeko japoniar klasikoa, baina horiek ez ditu zuzenean japoniarretik itzuli, ingelesetik baizik. Hala ere, japoniarra ikasten ari da, eta aurki hizkuntza horretatik zuzenean itzuli ahal izatea espero du. Orain arte emaztearen laguntzarekin itzuli du japoniarretik. Izan ere, Fiblaren emaztea japoniarra da, eta japoniarrez hitz egiten die bere haurrei. Iaz Itzulpengintzaren Sari Nazionala jaso zuen Fiblak, eta umorez hartu zuen saria. Ez daki zergatik eman zioten justu iaz, urteak baitzeramatzan hautagai gisa bere burua aurkezten. “Nire ustez bi hautagairen arteko lehia estua zegoen, eta epaimahaikideak bi horien artean erabakitzeko gai ez zirenez, saria hirugarren bati ematea erabaki zuten. Eta niri egokitu zitzaidan”.

Itzulpengintzari buruzko ohar mamitsu batzuk ere egin zituen Bartzelonan jaiotako itzultzaileak. Sarritan ezin da jatorrizko egileak idatzi bezala itzuli, hitz baliokiderik ez dagoelako. Halakoetan irudimena eta intuizioa dira nagusi. Izenburuekin antzeko zerbait gertatu izan zaio. Zenbaitetan ia ezinezkoa da jatorrizko izenburua bere horretan itzultzea. Rothen The Human Stain-ekin gertatu zitzaion. Edo atzoko solasaldirako hautatu zuten Roth beraren Everyman liburuarekin. Komertzialtasun irizpideak medio, Fiblak Humano izenburupean itzuli zuen. The Dying Animalekin ere beste horrenbeste gertatu zitzaion. Kasu honetan, Isabel Coixet zinemagileak liburu horretan oinarritutako bertsio bat egin zuen zinerako, eta izenburua aldatzea erabaki zuen. Elegy jarri zion, eta Fiblak izenburu hori bera erabili zuen gaztelerazko itzulpenerako: Elegía. Bestalde, Fiblak aitortu zuen diru gehiago irabazten dela best-sellerren itzulpenarekin goi mailako idazleenekin baino. Esate baterako, Fiblak Danielle Steel egile erromantiko ezaguna itzuli du, eta eskubide kontuak direla eta, diru-sari oparoagoa jaso izan du halakoetan.

Nolanahi ere, Philip Roth da Fiblaren egile gogokoena, eta hura da ondoen ezagutzen duena. Hura baino gehiago, haren obra, Roth bera ez baitu inoiz ezagutu. Ia ezinezkoa omen da, idazlearen isolamendurako joera dela eta. Fiblak biziki atsegin du Rothek biografia eta fikzioa nahasteko duen trebezia. “Amaierako emaitza ez da biografikoa, sormen hutsa baizik”. Arestian esan bezala, Rothen hemeretzi liburu itzuli ditu. Bada marka! Gehiago ere itzuliko lituzke, baina Rothek idazteari uztea erabaki zuen 2012an. Nemesis izan zen haren azken eleberria, Meettok argitaletxeak, Beñat Sarasolaren eskutik, euskarara ekarri zuena.

Rothen maisulanen zerrenda oso luzea da: Portnoy´s Complaint, Zuckermanen saila, The Counterlife, Sabbath’s Theater, Operation Shylock, American Pastoral, The Human Stain, The Plot Against America… 2006an, The New York Times Book Review-ko zuzendari Sam Tanenhausek gutun bat bidali zien hainbat idazle, literatur-kritikari, editoreri eta literaturaren munduko ekintzaileri, eta gauza bat eskatu zien: azken hogeita bost urtetako estatubatuar nobelarik onena izendatzeko. 22 liburu izan ziren aipatuak. Eta 22 horien artean Philip Rothen sei eleberri zeuden.

Bere ibilbidean zehar, Roth idazle transgresorea izan da, bad-boy moduko bat, ahoan bilorik izan ez duena, satirikoa, lotsagabea, gordina, sexuala eta judutar amorratua (fededuna izan ez arren). Idazle paregabea. 90. hamarkadaren amaieran, Harold Bloom kritikari ezagunak esan zuen Rothen sormen-isuria Shakespearenaren parean zegoela ia. “DeLillo, Pynchon eta Cormac McCarthy daude, baina diseinu erabatekoari, asmamenari eta originaltasunari dagokionez, nik uste Philip dela goren mailara gehien hurbiltzen dena”.

Estatubatuar idazle batek azkenekoz Literatur Nobel saria jaso zuenetik 23 urte igaro dira. Toni Morrisonek jaso zuen, hain zuzen ere, 1993an. Geroztik, behin eta birritan eskatu izan dute Nobela Philip Rothentzat. Hautagaien zerrendan goian izaten da beti, baina susmo guztien arabera, ez dirudi sari preziatua eskuratuko duenik. Zergatik? Bere izaera transgresoreagatik? Bere gordinkeriagatik? Batek daki. Agian ez da idazle onena izango (hori eztabaidagarria da, jakina), baina bai, beharbada, azken berrogei urteotako garrantzitsuena.

Jordi Fiblas

Jordi Fiblas @ Irakurgunea

Philip Roth

Philip Roth

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude