11

Mai / 2015

Bidaia apaletan barrena: bortizkeria-espiralak haztatzen

Autorea:

Esperimentu bat proposatu ziotela-eta iritsi zen Unai Elorriaga Literaktumera: iazko neguan argitaratu zuen Iazko hezurrak nobelaz hitz egin zezala eskatu zioten, baina hitz egin zezala ezohiko zerbait abiapuntu hartuta, alegia, eleberriaz beraz baino, hitz egin zezala eleberria idazteko irakurritako liburuez. Egin zezala bidaia bat apaletan barrena, laguntza edo oztopo suertatu zitzaizkion izenburu horiek ardatz. Sei ale aukeratu zituen, nahiz eta etxeko apalategian hogeita hamar liburu inguru pilatuak izan (liburutegi eta lagunengandik maileguan hartutakoak kontuan hartu gabe): Rwanda bihotz-minez (Jokin Otaegi, Hiria argitaletxea), La vida al desnudo, Voces de Ruanda (Jean Hatzfeld, Editorial Turpial), Días y noches de amor y de guerra (Eduardo Galeano, Alianza editorial), Tratado sobre la violencia (Wolfgang Sofsky, Abada editores), El holocausto asiático (Laurence Rees, Crítica), La naturaleza del despotismo (Tom Ambrose, Expresive Media Projects).

Elorriagaren esanetan, beti biltzen du dokumentazio asko lanean hasi aurretik, Vredaman idatzi zuenean, kasu baterako, rugby-zelai baten neurriei buruzko datu zehatzak behar zituen, eta horiek lortzeko 200 orrialde inguruko rugby-araudi bat irakurri behar izan zuen. Hala ere, azken eleberri honen kasuan bereziki sakon jardun du horretan. Niri neuri gisako solasaldi baterako eleberri aproposa iruditzen zait, eleberri izendatu berri dudan arren badaukalako lehen, bigarren eta hirugarren pusketan saiakeratik eta datu-zerrenda zorabiagarritik zerbait. Eleberrian bertan aipatzen dira inplizituki zenbait literatur lan eta ikerketa, baina horiek beste baterako utziko ditugu.

Hautatutako bost obren izenburuei erreparatuta argi geratzen da bortizkeria dela Elorriagaren lanaren ildo nagusietako bat. Autoreak esana: beti saiatzen da berarentzat oso inportanteak diren gaiei buruz idazten, familiaz hitz egin du eta baita zahartzaroaz eta gaixotasunaz ere. Kasu honetan, bortizkeria ere jorratu beharreko zerbait iruditu zitzaion, Euskal Herriaren historia dela-eta, gu denon bizitzetan oso presente egon delako, zuzenean bizi ala zeharka. Hortaz, oinarri horren ondorioz, Elorriagak beste herrialdeetara begiratu izan du, bortizkeria ere bertatik bertara pairatu izan dutenetara. Eta datuei erreparatu die: hemen 40 urtean 800 lagun hil dituzte eta hori izurrigarikeria dela esaten da beti; Ruandan 1 000 000 akabatu zituzten bi hilabetean. Kontua ez da horiek konparatzea, baina hortxe daude egon.

Era berean, Elorriagak azpimarratu zuen bortizkeria-kasu bakar bat egonda ere aski dela, horrek biltzen duela munduko bortizkeria guztia, biolentzia oso antzekoa izan ohi baita, eta are antzekoagoa interes politiko-ekonomikoak badaude tartean. Hildako bakoitzak bere inguruan espiral bat sortzen du: senitartekoak zeuzkan, lagunak, eta horien guztien mina dago, horiek guztiek hortxe bertantxe ezagutzen dute beraiei eragin dien bortizkeria zehatza eta aldi berean mundu guztikoa.

Torturaz ere ez da gutxi hitz egiten liburuan eta harrigarri gertatzen da nola errepikatzen diren tortura-teknikak eta torturatuen kontakizunak mundu zabalean. Elorriagaren ustez aise uler daiteke; izan ere, tortura-teknikak bata bestearengandik ikasi izan dituzte gobernu eta armadek.

Dagoeneko aipatu dudan Ruandako kasua izan zen Elorriagak aztertutako lehengoetarikoa eta euskaldun batek idatzitako liburura jo zuen, Iokin Otaegiren Rwanda bihotz-minez kronikara. Otaegik preseski ahalegina egin zuen bortizkeriarekin eta gudarekin lotutako konturik ez aipatzeko eta herrialde horretako bestelako alderdi batzuk deskribatzeko. Elorriagari juxtu Otaegik aitatu nahi ez zituenak interesatzen zitzaizkion arren, ondo etorri zitzaion obra irakurtzea, herrialdeko giroaz eta kulturaz gehiago jakiteko.

Rwandarekin jarraituz, arakatutako beste liburuetako bat, mamia eman ziona, Hatzfelden La vida al desnudo, Voces de Ruanda da. Hatzfeld kazetaria da, eta Rwandan, 1994an tutsien sarraskia gertatu berritan, bertara jo zuen. Hilketei biziraun zieten lagun mordoxka baten testigantzak bildu zituen, tartean, haurrenak. Elorriagaren ustez azpimarragarria da haurrek nola kontatzen dituzten bizitakoak, xehe-xehe eta narrazioa oso modu egokian harilkatuz. Kontatzen zituzten gauzen gordinak ere izu-ikarak sortzen ditu. Ume horien kontakizunetako batzuk eleberrian txertatuta daude.

Biolentziari buruzko saiakera orokorragoak ere baliatu zituen idazleak. Horietarik bat ekarri zigun: Sofskyren Tratado sobre la violencia. Autore horrek bortizkeriaren erakargarritasunaz dihardu. Dioenez, bortizkeria ikusteak atsegina sortzen digu, eta bortizkeria gauzatzeak are atsegin biziagoa. Damiens lapur frantsesaren kasua kontatzen du, Michel Foucaultek Surveiller et Punir: Naissance de la prison lanaren hasiera-hasieran ere kontatzen duena. Damiens hau exekutatu egin zuten, ikusgarriki exekutatu ere, zango-besoak erauzita, zaldietik horietatik tira eginda. Ordubetez egon omen ziren animaliak tiraka ezer lortu gabe eta tipoa halaxe zendu zen. Ondoren bai kendu zizkioten zatiak eta ikusleei banatu. Sofskyk gertaerari azpimarra egiten dio jendetza batu zelako hura ikustera eta gogo biziz jarraitu zutelako. Damiensen hilotzaren zatiak eraman ere eraman zituzten etxera gero belazean erretzeko. Gaur egun ere sortzen du morboa biolentziak, tortura eta exekuzioen bideoak egon badaude sarean eta arrakasta itzela daukate.

Iazko hezurrak ez ezik, Iazko hezurrak idazteko erabili liburuak apur bat gehiago ezagutzen ditugun honetan, badaukagu nondik hasi bortizkeriaren-espiralak haztatzen

09

Mai / 2015

Egunero hasi behar duelako oraindik ere

Autorea:

Erakurleak irakurle-talde digitalak egindako lehen bilera fisikora joan nintzen atzo. Talde honek, irakurketa digitala egiteaz gain, alegia, irakurtzen dituztenak euskarri digitalean irakurtzeaz gain, digitalki komentatzen dituzte liburuari buruz pentsatutakoak, blog batean eta twitter bitartez. Literaktumek eskaini parada aprobetxatuta eta proiektua hurrengo ikasturtera begira aurkezteko egin zuten atzo arratsaldeko saioa eta, bide batez, idazlea eta horren lana aztertu duen literatur kritikari bat gonbidatu zituzten: Ramon Saizarbitoria eta Mari Jose Olaziregi. Egunero hasten delako izan zen aukeratutako obra, honezkero sumatzen ez bazenuen.

Orain 40 urte inguru (1969an) argitaratu zen eleberria. Kritikariek, batik bat, horren modernotasuna azpimarratu zuten, narratzaile berritsuaren ahotsean gorpuztuta. Gaiak ere piztu zuen zeresanik, abortatu zuen andre gazte bati buruzkoa baitzen.

Orain 6-7 urte berrargitaratu zen eleberria eta Saizarbitoriak hitzaurre bat osatu zuen argitalpen horretarako. Olaziregiren esanetan, hitzaurrea mamitsua da oso, aukera ematen duelako, besteak beste, autoreak bere obrari buruz egindako hausnarketaren berri izatea. Saizarbitoriari oso zaila gertatzen zaio bere obrak atzera irakurtzea, argitaratu ostean, eta hizpide dugunaz gain Hamaika pauso eta Martutene baino ez omen ditu berrirakurri, eta azken hori soilik gaztelaniazko itzulpena begiratu behar zuelako.

Olaziregiri bezala, Saizarbitoriari ere iruditzen zaio liburua ondo zahartu dela. Bestalde, gaizki egindakoak errazago barkatzen omen dizkio 23 urteko bere buruari, helduagoari baino. Horrez gain, iruditzen zaio adinarekin galdu duela zerbait, estiloaren dagokionez: Egunero hasten delako idatzi zuenean hainbeste buelta eman gabe idatzi zuen, frexko, eta idazlearen esanetan, orain askoz gehiago erregosten ditu esaldiak.

Gaiaren aldetik ere badu gaurkotasunik. Zoritxarrez, esan beharko dut. Orain 40 urte arazo bat zen moduan jarraitzen du hein handi batean arazo izaten andreok geure gorputzen gaineko erabaki-eskubidea izateak.

Saizarbitoriak aitortu du liburua idatzi zuenean ez zuela abortoaren gaia sakonean ezagutzen, bi bizipen nagusik markatu zuten horri buruzko iruditeria: batetik, garaian irakurtzen zituzten nobela errealistetan hit bat zen, tragikotasunez jantzia beti, abortoak beti egiten ziren toki ilunetan eta oinaze psikologikoa ere erruz zekarten beti. Bestetik, Suitzara egindako lehen bidaietan ikusi zuen abortatzeak han ez zekarrela hainbesteko zamarik. Hortaz, labur, ikusi zuen, oro har, arazo izan beharko ez lukeen zerbait arazo bihurtzen zela, eta eskualde batzuetan arazo zenak beste batzuetan ez zuela eragozpenik sortzen.

Gaiari tragikotasuna kentzeko beharra azpimarratu zuen autoreak. Horregatik, eleberria idazteko orduan garrantzitsua izan zen tonu positiboan amaitzea, baikor hastea izenburutik bertatik, eta Giseleri abortua egiten dion sendagilearen jarrera jo zuen eredutzat.

Hegoaldekook abortatzeko eskubidearen aske eta doakoaren alde borrokan jarraitzen dugun honetan, neuk ere nabarmendu nahi nuke abortuari tragedia kentzearen beharra. Feministok argi daukagu, eskubideen planoan dago eztabaida, oinarrizkoenean, gainera. Andreok bagara nor geure barruan zerbait haziko den ala ez erabakitzeko, gaur eguneko lege espainiarrak ezartzen dizkion muga eta balizko guztiak gabe.

Saizarbitoriak berak aipatu zuen ildo horretan soziologia feministak egindako lanaren munta. Horren isla somatzen dut nik akaso faltan euskal literaturan, zertxobait kezkatzen nau abortoari buruzko euskarazko liburu erreferenteena 1969koa izatea eta, gainera, gizon batek idatzia. Ez dio gehiegi geure burujabetzaren alde. (Egia da, noski, beste alor eta euskarri batzuetan lan itzela egin dela, orain gutxi estreinatutako dokumental hau adibide).

Buru-zokoan errepasatzen hasita Uxue Apaolazaren lehen liburuko ipuin bat baino ez dut ekarri, eta seguru ez dela bakarra, baina genealogia hori eraikitzeke dago artean, geure talde iruditerian behintza. Eta behar-beharrezkoa zaigu. Egunero hasi behar duelako oraindik ere.

08

Mai / 2015

Munduari itzulia laurogei liburu-dendatan

Autorea:

Aurten, estreinakoz, liburu-dendek presentzia nabarmena hartu dute Literaktum jaialdian, Liburu Lurraldea izeneko atalaren barruan. Eremu horretan egingo da nire ustez jaialdi honetako ekitaldi erakargarrienetako bat, Eider Rodriguez eta Samanta Schweblin idazleen arteko solasaldia, hain zuzen. Troa Zubieta liburu-dendan izango da, datorren asteartean. Hori esanda, gatozen harira.

Liburu Lurraldearen lehen ekitaldirako ezin gai aproposagorik aukeratu: Jorge Carrión idazle bartzelonarraren Librerías [Liburu-dendak] saiakeraz hitz egin zuten atzo Garoa liburu-dendan autoreak berak eta Txetxu Barandiaranek, kultur industrian adituak. Carriónek eleberriak idatzi ditu eta baita telesailei buruzko saiakera bat ere: Teleshakespeare. Librerías lanari esker finalista izan zen Anagrama sarian eta laster beste hizkuntza batzuetara itzuliko dute.

Liburua hainbat modutara irakur daitekeela esan zuen Carriónek. Batetik, bidaia bera jarraitu daiteke, munduan barrena, liburu-dendaz liburu-dena eta hortzak gero eta zorrotzago. Bestetik, liburu-objektuaren beraren historia gisa ere irakur daiteke, Greziatik hasita garai digitalera arte.

Liburu-denden aldeko aldarria egin zuen idazleak, kulturgune eta komunitate gisa ulertuta. Bere ustez, liburu-denden eta -saltzaileen figura menostua izan da oro har, edo bestela esanda, ez zaio sekula aitortu merezi duen neurriko garrantzia. Rol askoz nabarmenagoa izan dute beti editoreek, idazleek berek, kritikariek… Non geratu da, ordea, liburua irakurleen eskutara daraman hori? Gomendioak ematen dituena? Garrantzia-falta horren erakusle da argitaletxe handiek, estatu espainiarrean kasu, Planetak edo Mondadorik, ez dituztela beren liburu-dendak defendatu, Amazonen kontra.

Liburu-denda ondare historikotzat jotzea ezinbestekoa iruditzen zaio Carrióni. Adibide oso bisual bat jarri du. Kafetegi edo taberna historikoek, kasu baterako, Cadaquéseko Melitón tabernak, argazkiak ditu, Marcel Duchamp artista hara joaten zenekoak xakean jokatzera. Mota horretako tokiak ondo arduratu dira beren artxiboa osatzeaz, liburu-dendek aldiz, hainbat idazle eta pentsalari bertara sarri joanagatik, gutxitan egiten dute horrelakorik.

Komunitatea sortzearena izan da aipatutako beste ildo nagusi bat. Carriónen ustez, beren inguruan osatu komunitatea zaintzen eta horri eusten ez dioten liburu-dendek jai daukate. Mataró-ko liburu-denda baten adibidea eman du. Garai batean kooperatiba gisa eratua, 10 urte inguruz bete zuen komunitate-gunearen funtzioa, baina izaera hori bazter utzi zuen, besteak beste, liburu-aurkezpenak mekanizatzen hasi zenean, alegia, liburu-aurkezpenak egiteko packak eskaintzen hasi zenean: X sosen truke, aurkezpena egiteko tokia, ardoa, eta postal batzuk ematen zituzten. Nolabait esatearren, hortik aurrera, liburu-aurkezpen bakoitza dagoeneko ez zen gertakizun berezi bat. Liburu-denda horrek erreka jo zuen noizbait eta crowdfunding bat jarri zuten abian proiektua salbatzeko. Deiari ez zion inork erantzun, dendak jada ez ziolako ekarpen berezirik egiten inguruari.

Bartzelonako beste liburu-denda batzuek, Documentak esaterako, badu bere komunitatea inguruan, eta lortu du proiektua aurrera ateratzea hasiera batean oinordeko liburu-saltzailerik ez zeukan arren.

Oinordeena bai baita beste gai pisutsu bat. Liburu-denda asko dira belaunaldiz belaunaldi jarraitutako enpresatxoak. Gu geu geunden Garoa bera adibide. Tradizioari eustearen eta garaietara egokitzearen arteko gatazka agerikoa da kasu horietan guztietan. Batetik, belaunaldi gazteagoek eutsi nahi diote aurrekarien esentziari, Garoako Imanolek berak esandakoaren haritik, berarentzat Zarauzko liburu-denda baita denaren abiapuntu eta arrazoi, hain justu, gurasoek zabaldu zuten horixe bera, eta ez gero Donostiara ekarri duten filiala.

Edonola den, liburu-dendak jakin behar du bizi den garaiari egokitzen, Carriónen ustez. Hain justu, mamiari eusten baina gauza berriak ere txertatzen asmatu duten liburu-denda horiexek dira gerora iraun direnak. Denboran zeharreko ideia modura hartu behar da liburu-denda, gainera askotan nomadak izaten baitira eta denda batzuek tokiz aldatu behar izaten baitute; hortaz, gakoa ez da toki berberean eta amiñi bat ere aldatu gabe irautea, ezpada bi gauzak konbinatzea, alegia, esate baterako, irakurtzeko besaulki erosoak edukitzea beti, baina baita kafea edo ardoa eskaintzea ere. Era berean, nabarmendu du aniztasunaren garaia bizi dugula gaur egun, eta liburu-denda adina modu daudela aipatu oreka eta komunitatea biltzeko.

Azkenik, Carriónek aldarrikatu du liburu-dendek deskonexio eta berkonexiorako balio behar dutela, tenplu bat izan, hainbat hobeto wifirik ez badute. Bere guraso eta aiton-amonentzat elizak bete izan duen funtzioa bere dezaketela uste du idazleak. Balio dezaketela egunerokoaren zaratatik eskapo egin eta tarte batez, patxadaz, norbere baitara biltzeko.

Zorteko gaude, euskal herrietan ez dira-eta gutxi filosofia horretatik gero eta hurbilago dabiltzan guneak.

06

Mai / 2015

Parinoush Saniee: txostenak literatura bihurtzearen artea

Autorea:

Solasaldi batekin hasi genuen Literaktum jaialdia, duela bi egun. Parinoush Saniee autore irandarra gurean ibili da azken bi egunotan, atzo goizean jasotako Zilarrezko Euskadi Sariaren kari, eta Udal Liburutegiko aretoa lepo bete zen, kontatzeko zituenak aditzeko. Bere aurreneko eleberriaz hitz egin zuen batez ere, espainieraz Salamandra argitaletxeak kaleratu duen El libro de mi destino nobelaz, horixe saritu baitu du Gipuzkoako Liburu Saltzaileen Elkarteak. Iranen zeresan handia sortu zuen liburuak eta aurrez ere nazioartean sariak eta errekonozimendua jasotakoa da.

Masumeh andre protagonistaren bizitzari jarraikiz, Iranen historiako azken hamarkada aldakorren berri jasotzen dugu irakurleok Sanieeren nobelan: gobernuaren aurkako protestaldiak, guda, iraultza islamikoa, errepresioa… Gertaera handiok zuzenean eragiten dute Masumeh-ren bizitzan, besteak beste, bere anaiak erlijiotsu sutsuak direlako, eta senarra iraultza egin nahi duen komunista delako, eta, gerora, preso politikoa.

Andreei egiturak berak ezartzen dizkien zailtasunak ere hizpide ditu, ordea, Sanieek. Besteak beste, bere anaiek inongo arazorik gabe egin litzaketen ikasketak egiteko gogor borrokatu behar du Masumeh-k eta familiaren ohoreari eustearen ardura berari dagokio, eta ohore hori beti da urratzen errazegia, zeini galdetzen zaion. Senarraren laguntzarik gabe hiru seme-alaba hezteko nekeek badute, halaber, tarterik liburuan. Umeak sarritan bizitzeko arrazoi dira protagonistarentzat eta interesgarria da ikustea nola irakatsi nahi dien beren kabuz pentsatzen, aita ez heroi ez terrorista bilakatzen, egunero-egunero beraiekin hizketan arituta. Edonola den, liburuaren amaierak berriro ere dakar familia kontrol-eremu gisa, kasu honetan zentsura gauzatzen dutenak ez badira ere anaia burugogorrak, ezpada Masumeh-k hainbeste maite dituen seme-alabak.

Sanieek solasaldian azaldu zuenez, amaiera horrek, zeinean Masumeh-k uko egiten baitio (nolabait esatearren) bere bizitza berregiteari, zeinean amore ematen duen beste askotan altxatu den arren, eztabaida piztu du. Autoreak berak nahiago izan luke beste modu batean bukatu, baina errealitateari ahalik eta estuen lotzen saiatu zen. Alegia, zer egingo luke, edo zer baimenduko litzaioke, benetan, 50 urte pasako andre irandar bati, berriz ezkondu eta bestelako bizitza bat hasteko aukera balu? Erantzuna argi zegoen: atzera ezkontzea, adin horrekin (!) desohorea litzateke guztientzat, bai amarentzat bai seme-alabentzat. Ez lukete onartuko, ama zoriontsu egingo balu ere.

Irakurle batzuk kargu hartu zioten amaierarengatik eta baita gutunak idatzi ere. Pozgarria izan da hori idazlearentzat, erakusten baitu gaiak azkura sortzen duela eta eztabaidagai ipintzen has daitekeela, eta, bere esanetan, gaiaren inguruko eztabaida eta hausnarketarik egin ezean, ez da aldaketarako aukerarik izango.

Iraneko andreen errealitatera estu lotze nahia eleberri osoan dago presente. Hain zuzen, oraindik aipatu ez dudan arren, eleberriaren abiapuntua esanguratsua da oso. Sanieek urte luzez egin du lan ministerio batean, ikerketa soziologikoak eginez herritarren eta batez ere andreen bizi-baldintza eta egoerari buruz. Ikerketa horietatik erauzitako ondorioekin eraiki du eleberria. Jendeak irakurriko zuen zerbait idatzi nahi baitzuen, txostenak ez zirelako inorengana iristen, eta, esan bezala, Sanieerentzat garrantzitsua zen ikerketa horietan ondorioztatutako gauzetako batzuk mahai gainean jartzea behingoz. Psikologia ikasitakoa ere badenez, txosten soziologikoak ez ezik, berarekin lan egindako hainbat lagunen testigantzei esker ikasitakoa ere baliatu du eleberria idazteko.

Bistan dena, bete-betean asmatu zuen literaturarako jauziarekin.

Idazketa-prozesua aipatzen badut, ezinbestean kontatu behar dut liburua bukatu ostean autoreak bere herrialdeko kultur eta hezkuntza islamikoaren ministerioarekin izandako arazoena, eleberria atzera eta aurrera ibili baita, argitaratzeko baimena lortzeko ahaleginean. Agintean zenaren arabera, batzuk onberagoak izan baitira, bi urteko ibiliaren ostean lortu zuen Sanieek nobela kaleratzea, eta arrakasta itzela izan zuen, 14 argitalpen erdietsita. Atzera debekatu dute, ostera, eta horren erakusgarri da Salamandra argitaletxe espainiarrak ingeleseko bertsiotik egin behar izana itzulpena, jatorrizko farsiaren eskubideak ezin erosita. Sanieek kontatu zuen sarritan deitu dutela epaitegietara liburu honen aitzakian, eta gehienetan entzunaldi horiek ondorio larririk izaten ez duten arren, argi dauka: zelatan dauzkadala jakinarazteko modu bat da, beldurra sartzekoa, azken batean.

Solasaldiaren osteko elkarrizketa informalagoetan norbaitek esan zuen gisan, horrelako jaialdien onena horixe bera izaten da, Saniee bezalako autore ausart eta etsitzen ez direnekin modu informalagoan ere jarduteko aukera edukitzea. Era berean, Sanieeren ibilbidearen berri hunkituta eta elkartasunez aditu arren, andreen eskubideez eta jendarte-eredu justuagoez ari bagara, erosoegia da urrutira begiratzea eta ez-dakit-nongo edo beste hartako gertaerekin soilik asaldatzea. Hots, besteren begiko izpiari itsusi iritzita, norbere begiko ezpala ahazten dugula sarri. Gomendatzen dizuet Sanieeren liburua irakurtzea, baina gomendatzen dizuet, biziki, ahalegina egitea, hango eta hemengo zapalkuntzak, muinean, hain diferenteak ez direla ere ikusten hasteko.