X

Bidali zure gomendioak

Parte hartu gure blogean

Aizkorak eta gutunak

Edorta Jimenez

Elkar, 2026
165 orr.
ISBN 978-84-1360-494-7

Edorta Jimenezen Aizkorak eta gutunak eleberria izango da mintzagai abenduaren 1ean, asteartea, arratsaldeko 19:00etan Iñigo Aranbarri gidatzailearekin Liburutegi Nagusiko Ekitaldi Aretoan (San Jeronimo kalean) egingo den solasaldian. Liburua eskuragarri dago liburutegietan, eLiburutegia plataforma digitalean eta liburu-dendetan.

Edorta Jimenez Ormaetxea (Mundaka, 1953), Omar Nabarro ezizenez ere ezaguna, idazle oparo eta ezaguna da. Bereziki poesia eta eleberria landu ditu eta artikuluak ere idatzi izan ditu. 1980ko hamarkadan ekin zion idazteari eta bost poema liburu argitaratu zituen Omar Nabarro ezizenarekin: Itsastxorien bindikapena (1985), Egutegi esperimentala (1986), Gizaeuropa (1986), Gaua zulatzen duten ahausietan (1987), eta Odoleko eskifaia (1989).
Ondoren, hainbat ipuin bilduma kaleratu zituen: Atoiuntzia (1990), Manhattan (1994), Hemen datzana da (1995), eta Laudanoa eta sutautsa (1996), besteak beste.
Azken urteotan eleberri historikoak eta kronika landu ditu batez ere. Eleberrien artean aipagarriak dira: Kilkerren hotsak (2003), Sukar ustelaren urtea (2004), Nikole bijotzekua (2021) eta solasaldirako aukeratua izan den Aizkorak eta gutunak. Kronikari dagokionez berriz: Europako mugetan barrena (2001) eta Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan (2002).
2007an Kilkerren hotsak eleberria gaztelaniara itzulia izan zen, El canto de los grillos izenburupean.

Hona hemen Aizkorak eta gutunak liburuaren hasiera:

“1828ko irailaren 20a, larunbata
Juan Jose Barrenak Almikako apaizetan gazteenak, lehenengo loaldia aztoraturik egin du, jaikitzean jabetu da horretaz. Hala da ze badaki bigarren loaldirako ahalegina egitea alferrik izango zaiona. Hobe aztoramenaren arrazoia ontzat ematea eta halaxe sosegatzea bere burua. Portugaleteko alkateari idatzo behar dio, kito. Badira egunak parrokian bere gainetik dagoen beste horrek, Juan Bautista Ybaizabalek, halaxe egiteko agindu ziona.
-Barrena! Izkiriatu diok Portugaleteko alkateari? -egunotan behin eta berriro galdetu dio.
Egingo du, bai. Lehenik, ostera komunera joan da. Ez du neskamearen zirkinik aditu. Hainbat hobe. Neskameak, ai neskameak!”. 9 orr.

Liburuak, kronika estiloan idatzia, eleberri historikoaren eta suspensearen ezaugarriak tartekatzen ditu. XIX. mende hasieran Bermeoko Almika auzoan gertatutako tragedia batean oinarritzen da. Agirretxu baserriko jabea, Juan Ormaetxea desagertu egin da eta emaztea eta alaba hilketaren susmagarri izango dira. Atxiloketa, atxilotuen inguruko ikerketa luzea, epaiketa, eta jasotako zigorrak pausuz pausu kontzatzen dira. Bestalde, ikuspegi historikotik, eleberriak garaiko gizartearen irudi zabala eskaintzen du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude