Txalaparta, 2025.
92 or.
ISBN 978-84-10246-40-9
12 urtetik aurrera
Apirilaren 2an Haur eta Gazte Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzen da mundu osoan. Data berean ospatzen da, gainera, Autismoaren Nazioarteko Eguna. Biak batera gogoratzeak iradokitzen du irakurketak ere lagun dezakeela aniztasuna ulertzen eta zaintzen. Testuinguru horretan kokatzen da Oihan Iriarte Eletxigerraren Autismoa eta biok, egilearen bizipen pertsonaletik abiatuta autismoaren ingururako hurbilketa zintzo eta argigarria eskaintzen duen album ilustratua.
Oihan Iriarte (Bilbo, 2001) marrazkilari gazteare lehen liburua da hau. Irudiak eta testu laburrak uztartuz, autismoa nola bizi duen kontatzen du: ez gaixotasun gisa, baizik eta mundua beste modu batean ikusteko eta sentitzeko eran. Protagonistak dio “estralurtar” bat bezala sentitu dela askotan, beste guztiei bizitzeko gidaliburua banatu zitzaiela baina berari ez. Metafora sinple baina eraginkor horrek berehala erakartzen du irakurlea.
Txalapartak Axuri Beltza bilduman argitaratu duen liburua bi zatitan banatuta dago. Lehenengoan eguneroko egoerak eta gizartearekiko talkak agertzen dira tonu gertuko eta askotan umoretsuarekin. Bigarren zatia, “Krisialdia” izenekoa, gogorragoa da: gainkargaren uneak, krisialdiak eta gizartearen aurrean “maskaratzera” behartuta sentitzearen ondorioak ageri dira bertan.
12 eta 16 urte bitarteko gazteentzat proposatzen bada ere, Autismoa eta biok helduentzat ere irakurketa interesgarria da. Komikiaren antza duten orrialde ilustratuek irakurketa arintzen dute, baina edukiak sakonak dira: sozializatzeko zailtasunak, presio soziala edo krisialdiak bezalako gaiak lantzen dira, betiere enpatiara eta ulermenera bideratuta.
Azken batean, liburu honek azalpen teoriko bat baino gehiago eskaintzen du: esperientzia pertsonal bat partekatzeaz gain, irakurlea beste ikuspegi batetik mundua begiratzera gonbidatzen du. Literaturak, kasu honetan, zubi lana egiten du ulermenaren eta aniztasunaren alde.
