X

Bidali zure gomendioak

Parte hartu gure blogean

Azken etxea

Arantxa Urretabizkaia

Azken etxea, Arantxa Urretabizkaia
Pamiela, 2022
150 or.
ISBN: 978-84-9172-278-6

2022ko apirilean argitaratutako eleberri honek Euskadi Literatur Saria lortu du. Halaber, 111 Akademiaren saria ere jaso du Azken etxea-k.

Bere bizitzaren azken urteak pasatzeko etxe baten bila dabil emakume baten istorioa da. Hendaia aldean etxe bat gustoko du, lorategi txikia eta galeria dituena, protagonistak paradisu txiki baten traza hartzen diona. Leku propio bat, bizitzaren azken aroan begiratokia.

Etxe berria erosi eta apaintzearekin batera, bizitako pasarteak aipatzen ditu, hainbat pertsonaiaren oraina eta iragana, klandestinitatean eta erbestean pasatako urteak (bai arrazoi politikoengatik, bai arte-faltsutzeagatik), iraganeko adiskideen oroitzapenak… Denboran atzera-aurrera eta espazioetan hara-hona dabil narrazioa (Hendaia, Paris, Bordele edo Santiago)

Lasaitasun bila dabil emakumea, ihesa utzi eta atsedenlekua aurkitzeko grina nagusi dela. Baina etxea lortzeko ahaleginak ez dira arruntak izango. Esaterako, iraganeko mamuak eta adiskideak orain dituenekin korapilatuko zaizkio. Auzokideak, gainera, zelatatzen ere ibiliko dira.

Estiloari dagokionean, bitxia da idazleak elkarrizketak saihesten dituela, baina horrek ez du trabarik egiten narrazioaz gozatzeko. Eleberri oso interesgarria da, irakurterraza eta guztiz gomendagarria.

Arantxa Urretabizkaia eleberria, haur literatura, olerkia, zinemarako gidoia eta itzulpengintzan aritu da. Bere lehen eleberria ‘Zergatik panpox’ izan zen, 1979. urtean argitaratutakoa.

Hau ez da egileak lortu duen sari bakarra. Poesiari dagokionez, bi sari irabazi ditu. Alde batetik, ‘San Pedro bezperan ondokoak’ poesia liburuarekin Gipuzkoa Saria irabazi zuen 1971. urtean. Bestetik, ‘Maitasun magalean’ lanarekin, Espainiako Kritika Saria irabazi zuen, euskarazko narratiba eta poesiaren arloan, 1982. urtean.

Hala nola, 1981. urtean, Ignacio Aldekoa Ipuin Sariketan saria irabazi zuen ‘Baina ez egunero’ ipuinarekin; 2001. urtean, Rikardo Arregi Saria ‘Zabalik’ astekarirako egindako elkarrizketengatik; 2006. urtean, Rosalía de Castro saria, idazle gisa izandako jarduera luzearengatik; 2017. urtean, Euskadi Saria, ‘Bidean ikasia’ saiakerarengatik, eta azkena, 2019. urtean, Abbadia Saria, euskararen alde egindako lanarengatik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude