Badira zuzenean interpelatzen duten liburuak, eta ¡Basta! Guía de autodefensa feminista para adolescentes (y más…) horietako bat da. Lan honetan, Marion Le Muzic idazleak eta María Maeso (Kronsky) ilustratzaileak eguneroko matxismoari aurre egiteko gida bisual eta praktikoa osatu dute.
Komiki-liburu honek hezkuntza eta aktibismoa uztartzen ditu, eta bereziki 12-18 urtekoentzat pentsatuta dago, baina, “(y mas)…” horrek iradokitzen duen moduan, irakurle helduentzat ere baliagarria da.
Liburuaren indargune nagusia eguneroko egoerak modu praktikoan lantzea da, ez da diskurtso teorikoetan galtzen. Le Muzicek —nerabeekin prebentzio sexualean eta genero-indarkeriaren inguruko heziketan aritutakoak— idatzitako testuak egoera arruntetatik abiatzen da. Kalean jasotako komentario desatseginak, espazio publikoan sentitutako beldurra edo presio soziala azaltzen dira, eta horien aurrean erantzuteko estrategiak proposatzen dituzte egileek: gorputz-jarrerak, hitzezko defentsa edo laguntza sareak aktibatzea, besteak beste.
Kronskyk, berriz, trazu garbi eta ironia ukituarekin, kontzeptu potoloak irudi ulergarri eta erakargarri bihurtzen ditu. Narratiba grafikoak umorea eta samurtasuna uztartzen ditu—komiki tiren erritmoak tentsioa apaltzen du, bai, mezua zorrotz mantentzen du: autodefentsa ez da indarkeria; eskubideak eta zaintza baizik. Kronskyren ilustrazioek tonu zuzena eta hurbila ematen diote kontakizunari; umorea eta pedagogia uztartzen dira, mezu moralistarik gabe. Horrek egiten du liburua bereziki eraginkor: irakurlea ez du epaitzen, lagundu baizik.
Laburbilduz, gida bisual argia, praktikoa eta inklusiboa da: irakurle gazteei ahotsa ematen die eta hezitzaile, guraso zein edonorentzat tresna baliotsua da.
