X

Bidali zure gomendioak

Parte hartu gure blogean

Bihotza negar eta irri: ene haurtzaroko istorio egiazkoak, Maryse Condé

Post honen idazlea: Arantxa Arzamendi

Bihotza negar eta irri: ene haurtzaroko istorio egiazkoak, Maryse Condé

Itzultzailea: Joxe Mari Berasategi Zurutuza

Erein, Igela, 2021

150 or.

ISBN 978-84-9109-684-9

Maryse Condé (jaiotzez Maryse Boucolon Quidal) idazlea ez da izan oso ezaguna gure artean. Pointe-à-Pitre-n jaio zen 1937an, Guadalupe antillar artxipelagoko hiriburuan, gaur egun Frantziako kolonia. Idazlea, kazetaria eta literatura irakaslea, frantsesez idatzi du bere obra gehientsuena eta genero guztiak landu ditu, besteak beste, antzerkia, eleberria, ipuina, saiakera eta gazte literatura.

Condéren Bihotza negar eta irri izango da solasgaia martxoaren 8an, asteartea, arratsaldeko 19:00etan Liburutegi Nagusiko Ekitaldi Aretoan (San Jeronimo kalea) Iñigo Aranbarri gidatzailearekin egingo den literatur solasaldian. Jatorrizko argitalpena 1999an kaleratu zen Le Coeur à rire et à pleurer: contes vrais de mon enfance izenburuarekin eta euskarazko bertsioa berriz, Joxe Mari Berasategi Zurutuzak itzulia (2021) Literatura Unibertsaleko bilduman argitaratu da.

Kontakizun autobiografikoa, 17 istorioz osatutako liburu honetan Condék haurtzaro eta nerabezaroko gertakizunetaz idazten du trebetasun handiarekin. Kontatzeko modu soilean irakurketa sakonean murgiltzeko trebetasuna erakusten digu. Liburuan agertzen diren gaien zerrenda oso luzea da, besteak beste, famili giroa, alienazioa, esklabutza, deskolonizazioa, generoa eta Antilletako bizimodua nabarmenduko nituzke.

Zortzi anai-arrebetan gazteena, gurasoak funtzionariak ziren eta etxean frantses kulturan hezia izan zen. Gaztetan Parisera joan zen ikasketak egitera eta metropolian giro antikolonialean murgilduko da. 1959an Mamadou Condé aktore afrikarrarekin ezkondu zen eta Condé abizena hartu zuen. Afrikan bizi izan ziren baina ez zuen bizimodu erraza izan eta azkenean senarrarengandik bereizi zen. Afrikan ezagutuko du gaur egun duen senarra Richard Philcox, britaniarra eta bere lanen itzultzailea. Ondoren literatura doktoretza egin ostean, Estatu Batuetako eta Frantziako hainbat unibertsitateetan irakasle izango da. Gaur egun Frantzia hegoaldean bizi da, Gordes herri txikian (Vauclus departamentuan).

Bizitzan zehar hainbat sari jaso ditu eta guztien artean aipagarriena 2018ko Literatura Nobel Sari Alternatiboa.

Idazlanei dagokionez, lehenengo liburua Dieu nous l’à donné antzerki obra, 1972koa da, 40 urte zituenean argitaratu zuen. Ordudanik liburu asko idatzi ditu eta gaur egun ere idazten jarraitzen du L’Évangile du nouveau monde (2021) da oraingoz azkena.

Ondorengo solasaldia apirilaren 5ean izango da, eta Aingeru Epaltzaren Ur uherrak liburua izango da mintzagai.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude