X

Bidali zure gomendioak

Parte hartu gure blogean

Coca-Cola bat zurekin

Beñat Sarasola

Susa, 2024
320 or.
ISBN 978-84-19570-28-4

Beñat Sarasola idazleak Coca-Cola bat zurekin eleberriaren inguruko solasaldian parte hartuko du ekainaren 3an, asteartea, arratsaldeko 19:00etan Liburutegi Nagusiko Ekitaldi Aretoan (San Jeronimo kalea) Iñigo Aranbarri idazleak gidatzen duen saioan. Liburua eskuragarri dago liburutegietan, eLiburutegi digitalean eta liburu dendetan ere.

Beñat Sarasola (Donostia, 1984) idazlea, literaturako kritikaria eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko irakaslea da. Literatur Teoria eta Literatur Konparatuan lizentziatua, gaztetan hasi zen idazten. Hogeitahiru urte besterik ez zituen Kaxa huts bat poema liburua kaleratu zuenean (Susa, 2007) eta bi urte ondoren Alea (Susa, 2009). Saiakeran berriz, Bainaren belaunaldia: Ustela, Pott eta Oh! Euzkadi (Labayru, 2015); eleberrigintzan Deklaratzekorik ez (Susa, 2019) eta solasaldian aztertuko den Coca-Cola bat zurekin (2024). Azkenik, itzulpengitzan Philip Rothen Nemesis (Meettok, 2011) euskeratu du.
Hainbat literatur jaialdietan parte hartu du, besteak beste, Eako Poesia Egunak, Literaturia, Gutun Zuria eta Literaktum. ETB1 kanaleko Sautrela saioan aurkezle eta zuzendari izan zen. Azkenik Munduko Poesia Kaierak bilduma zuzendu zuen 2014-2021 urteetan.

Sarasolak liburu honetan Fran O’Hara poeta estatubatuarraren ibilbideko zenbait pasarte kontatzen ditu. O’Hara poeta izateaz gain New Yorkeko Museum of Modern Art-en (MOMA) arte komisarioa izan zen eta 1960an Espainiako pintura eta eskultura berriaren inguruko erakusketaren prestaketa lanak egin zituen. Gertakari honen harira eleberrian garai hartako artearen eta giro politikoaren errepaso zabala egiten da. Bestalde, O’Hara Vincent Warren dantzariaren bikotea da eta hari eskainitako Having a Coke with You poemak ematen dio izenburua eta hasiera liburuari:

“Coca-Cola bat zurekin hartzea
are dibertigarriagoa da Donostia,
Irun, Hendaia, Miarritze,
Baionara joatea baino”
Frank O’Hara

Artea, poesia, bizitzaren gorabeherak liburuan tartekatzen dira eta idazlearen ikerketa lan sakonak pisua hartzen du. Hala ere idazketa estiloak, testuen tartekatzeak (egunerokoak, gutunak, eskuizkribuak, poemak, gogoetak, argazkiak ere daude) bizitasuna eta originaltasun ikuspuntu berezia ematen diote.

Saio honen ondoren udako atsedenaldia izango dugu eta irailean denboraldi berriari ekingo zaio. Egitaraua eskuragarri egongo da bai Donostia Kulturako liburutegietan eta baita webgunean ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude