X

Bidali zure gomendioak

Parte hartu gure blogean

Donostia eraikitzen 1813-2013, irakurgaien gida

1813-2013: Donostia eraikitzen.  Irakurgaien gida = Construyendo San Sebastián. Guía de lectura. – 30 orrialde. – Dohan

 

Donostia eraikitzen 1813-2013, irakurgaien gidan, hiriko liburutegi sarean eskuragarri dauden 1813ri buruzko argitalpenak jasotzen dira.

Bertan, 1813ko abuztuaren 31ko sute, suntsiketa eta gertaeren inguruko argitalpenen hautaketa bat eskaintzen da, hain zuzen, gaur eguneko hiritarrek gaia ezagutu eta etorkizuna eraikitzeko tresna lagungarri bat izan dezaten.

Berrehun urte hauetan 1813ko gertaerei buruz idatzi diren testuen zerrenda oso luzea da eta Donostia Kulturako Liburutegi Zerbitzuak 1813ko gertaeren bibliografi orokor bat osatu du, Bigarren Mendeurrenaren web orrian eta Donostia Kulturaren webgunean eskura dagoena.

Aipatutako zerrenda orokorra abiapuntutzat hartuta egituratu da Irakurgaien Gida. Bertan material mota diferenteak daude, alde batetik, digitalizatu eta Interneten kontsultagai dauden liburuak eta dokumentuak. Besteak beste, Zubietako Aizpurua baserrian hiria berreraikitzeko erabakia hartu zeneko aktak eta baita ere 1913ko mendeurrenean argitaratu ziren hainbat liburu, egile eskubiderik gabekoak.

Gaur eguneko argitalpenei dagokionez orokortasunen atala da zabalena, bertan sutea eta hiriaren berreraikitzearen inguruko gai historikoak eta anekdotak zerrendatzen dira. Bigarren atala fikziozko liburuak osatzen dute, nagusiki nobelak eta oraingoz argitaratu diren bi komiki ere bai.

Azkenik, 2013an zehar Udalaren babesarekin kaleratuko diren argitalpen berriak azaltzen dira: Donostiarrok harriz harri mahai-joko kooperatiboa, duela 200 urteko hiria irudikatzen duena; Hausbero 1813-2013 gazteentzako gida didaktikoa, non 1813ko gertaerak modu arin eta entretenigarrian azaltzen diren; 1813an Donostian gertatu zena argitzeko jaso ziren 79 testigantza; eta, aurten egingo diren bi dokumentalak: DSS 1813-2013, Formattoo Media ekoizletxeak bildutako donostiarren kronikak eta Donostia 1813: hiru inperioren biktima, Nabarralde kultur taldearena.

Lanekin batera, Donostiaren irudi historiko desberdinak sartzen dira, gure hiriaren bilakaera 200 urte hauetan erakusten dutenak. Honela, irakur-gida Bigarren Mendeurrenaren oroipenerako lau helburuekin elkartzen da: ezagutzera ematea, orain arte argitaratu diren lanen bitartez 1813ko gertaerak gogoratzea, oroitzapena egitea eta elkarrekin hiria berreraikitzen jarraitzea.

Zerrendan agertzen diren aipamen guztiak Donostiako Udal Liburutegien online katalogo informatizatuan kontsultatu daitezke, bertan ikusi ahal izango da liburuak eskura non dauden edo maileguan hartuak baldin badaude liburutegira noiz itzuliko diren. Bestalde, Gidaren amaieran erantsi den QR kodea erabilita ere eskura daitezke.
Guztira Gidaren 15.000 ale kaleratu dira, eta dohainik banatzen dira hiriko Liburutegi eta Kultur Etxeetan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude