X

Bidali zure gomendioak

Parte hartu gure blogean

El club de lectura para niños

Rosa García Perea

Toromítico, 2025.

166 or.

ISBN: 978-84-19962-45-4.

Imagina ezazu irakurle txikiz beteriko talde bat zirkuluan jesarrita, begiak dir-dir, ipuinaren protagonista balira egingo luketenaz hitz egiten. Aipamen bakoitza beren barne-mundurako leiho bat da, haien bizi, mundu ikuskera, amets eta beldurren inguruko zantzu bat. Horrela bilakatzen da irakurketa kluba eremu seguru, epaiari beldurrik izan gabe lasai adierazteko gune.

Rosa García Perea (Sevilla, 1965) idazle, editore eta irakurketaren bultzatzaileak Toromítico argitaletxearekin batera El Club de Lectura Para Niños argitaratu du. Liburuak haurren irakurketa taldeetan barneratu eta horiek ezagutzeko parada eskaintzen digu; haurren irakurketa taldeak sortzeko gida praktiko bat da honakoa.

Umeen irakurketa talde batek arrakasta izan dezan, pausuz pausu jarraitu beharreko jarraibideak ematen ditu autoreak, besteak beste, garrantzia ematen diolarik liburu egokiak hautatzeari, giro epel eta abegitsu bat sortzeari eta parte hartzaileen irakurketa maila ezberdinei edota behar anitzak kontuan izan, bideratu eta kabida emateari. Saioei zein egitura eman proposatzen du, betiere malgutasunari behar duen lekua emanez.

Halaber, egileak saioen moderatzaile edo dinamizatzaileen paperaren inguruan ere hausnartzen du. Izan ere, saioaren antolaketaz haratago, funtsezko eginkizuna aitortzen die, gida garrantzitsua direlakoan: entzuten dakite, momentu zehatzetan galdera egokiena egiten asmatzen dute parte hartzaileen jakin-minaren sugarra pizteraino eta badakite nola eta noiz esku hartu behar duten parte hartzea batetik bestera igaro dadin.

Irakurketa taldeetan aritzen diren haurrak parte hartzaile pasibotzat jo baino, Rosa García Pereak kontrako ikusmoldea defendatzen du: irakurketa taldeen arrakasta lortzeko haurren autonomia zein parte hartze aktiboa ardatz nagusitzat hartzen du. Haurrak izango dira noizean behin saioen moderazio edo dinamizazioaren agintea hartuko dutenak, irakurgaiak hautatuko dituztenak eta abar. Betiere, noski, parte hartzaile bakoitzaren sentsibilitatea kontuan hartuz, eta poliki poliki irakurketa taldea leku seguru, lasai eta ireki bilakatuz… denentzako lekua egongo den mundu berrietarako ateak izan baitaitezke haurrentzako irakurketa taldeak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude