X

Bidali zure gomendioak

Parte hartu gure blogean

El verano en que mi madre tuvo los ojos verdes

Tatiana Tîbuleac

Post honen idazlea: Amaia Garcia

El verano en que mi madre tuvo los ojos verdes, Tatiana Tîbuleac

Impedimenta, 2019

247 or.

ISBN: 978-84-17553-03-6

Liburutegi Nagusiko gaztelerazko solasaldian El verano en que mi madre tuvo los ojos verdes Tatiana Țîbuleac idazle moldavar-errumaniarraren eleberria izan dugu hizpide. Jatorriz 2017an argitaratua, seme baten eta amaren arteko harreman zailari buruzko istorio hau benetako fenomeno literarioa izan da Errumanian, eta ustekabeko eragina izan du Europako hainbat herrialdetan. Hurrengo egunetan egileak Donostia bisitatuko du “Emakume idazleen mundu bat 2021” programaren barruan (informazio guztia postaren amaieran).

Tatiana Țîbuleac, Moldaviako hiriburuan, Chisinaun jaio zen 1978ko urriaren 15ean. Aita kazetaria zuen eta ama editorea; beraz, egunkariz eta liburuz inguratuta hazi zen, eta laster zaletu zen irakurketaz. Kazetaritza eta Komunikazioak ikasi zituen Moldaviako Estatu Unibertsitatean, eta hainbat urtez aritu zen hedabideetan erreportari, zuzentzaile eta itzultzaile lanetan. 1995ean bere herrialdean hedapen handia zuen FLUX egunkarian hasi zuen bere ibilbidea, non bere zutabe propioa izan zuen, “Benetako istorioak” izenekoa. Lau urte geroago telebistan hasi zen lanean, Pro TV Chisináu katean. Kazetari gisa, interesgarriagoak zitzaizkion pertsona ezberdin eta ezezagunen istoriei eman zien lehentasuna: pertsona pobreenak, gaixotasun mentalak edo arazo sozialak zituztenenak. Moldaviako UNICEFentzat ere lan egin zuen. 2007an kazetaritza utzi eta 2008an Parisen bizitzen jarri zen; gaur egun ere bertan bizi da. Bere lehen liburua, Fábulas modernas izenburuko migrazioari buruzko kontakizun bilduma 2014an argitaratu zuen. 2017an argitaratu zuen bere lehen eleberria, El verano en que mi madre tuvo los ojos verdes. Urtebete geroago, beste bat etorri zen, El jardín de vidrio, eta honekin Europako Batasunaren Literatur Saria irabazi zuen 2019an.

El verano en que… eleberri gogorra da, eta egileak berak aitortzen du lehen orrialdeetan “probatzen” dituela bere irakurleak. Zaila egin zaizu irakurtzea? Zer alderdi iruditu zaizkizu bereziki gogorrak edo latzak?
Narrazioak Aleksy eta bere ama elkarrekin bizi izan ziren azken hilabeteak ekartzen ditu gogora, ama hilko zela bazekitenean: urruntze, erru eta gorrotozko urteen ondoren, barkamena eta maitasuna lortzeko aukera zabaltzen da. Zure ustez, zein da gai nagusia?
Aleksy eta bere familia Ingalaterran bizi diren poloniarrak dira, eta egileak behin baino gehiagotan adierazi du migratzaileen deserrotzea dela bere obran jorratu nahi duen gaietako bat. Zer errealitate soziala ikusi duzu liburuan?
Protagonista izateaz gain, narratzailea ere bada Aleksy; testua psikiatrak gomendatutako memoria-ariketa gisa aurkezten da. Uda Frantzian iraganeko eta etorkizuneko eszenekin tartekatzen da. Erraza egin zaizu jarraitzea?
Aleksyk erabiltzen duen lengoaia deigarria da, batez ere aukeratzen dituen irudi, konparazio eta metaforengatik: originalak eta plastikoak, artista edo ero batenak. Atentzioa eman dizute? Gogoratzen duzu baten bat?
Pixkanaka-pixkanaka jakin dugu Aleksy margolari arrakastatsua dela, eta amarekin izandako udako oroitzapenak inspirazio iturri izan zaizkiola. Aurkitu al duzu berrerospena artearen bidez? Ba al dago itxaropenik berarentzat? Nola interpretatzen duzu?

Solasaldietan izena emateko bidali e-maila alderdiederliburutegia@donostia.eus-era.

Tatiana Țîbuleac “Emakume idazleen mundu bat 2021” programako gonbidatuetako bat da. Hitzaldia eskainiko du San Telmo Museoan azaroaren 4an, ostegunean, 19: 00etan. Sarrera doakoa da, baina erreserba Museoaren webgunean egin behar da. Jarduera honek ez du zerikusirik solasaldiarekin, baina bertaratzen direnentzat interesgarria izan daitekeela uste dugu.

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude