X

Bidali zure gomendioak

Parte hartu gure blogean

Errolanen elezaharra, Juan Luis Landa

Errolanen elezaharra, Juan Luis Landa

Erein, 2021

[64] p., 17€

ISBN 978-84-9109-720-4

Badirudi aspalditxo honetan Euskal Herriko historia boladan dagoela: Hainbat liburu eta komikiez gain, Paul Urkijoren Irati azken filma beste mugarri bat ipintzera dator laster, eta zenbait adituk euskal Excalibur deitura jarri dio dagoeneko, John Boormanen film legendarioa oroituz. Bide batez, esan dezagun izen bereko komiki batean oinarrituta dagoela, Juan Luis Landa handiak egindakoa, eta, hara kasualitatea, gaurko gomendioa bere azken lanari buruzkoa da, Errolanen elezaharra deiturikoa, hain zuzen.
Oraingo honetan, egile errenteriarrak komikiaren marrazki-lanak ez ezik gidoiarenak ere egin ditu, eta Ereinen argitaratu, betiere Glénat ahalguztidunaren eskutik Frantziako abordaia egin ostean (ez ahaztu Landa eta Rauleren Arthus Trivium komikiak Hexagonoko salmenten lehenengo postua lortu zuela duela urte batzuk). Beraz, oihartzuna ez da nolanahikoa izan.

Historia ezaguna da, Erdi Aroko poema epikoak betikotu zuenekoa: 778. urtean, Karlomagno erregea, Marka hispaniarraren mugak zabaldu nahirik, Pirinioak zeharkatu eta Zaragozako harresien aurrean azaldu da bere armadarekin, hiria Abd-Al-Rahman II.a emir omeyarrari kentzeko asmoz. Alabaina, erraza zirudien abentura ez da nahi bezala aterako, eta etxerako bueltan Iruña zaharra suntsituko du amorruaren poderioz. Sarraskia larrutik ordainaraziko diote euskaldunek Ibañetako mendatean.

Estiloari dagokionez, Landak, ohi duen bezala, molde errealista erabili du, zehaztasun eta ñabardurez betea, ez bakarrik kondairaren haria kontatzeko, baizik eta garai horretako mundua ere deskribatzeko: VIII. mendeko Iruña, Zaragoza eta, are, Kordoba ezagutuko ditugu, bere handitasun eta distira osoan. Horretarako, bineta panoramiko ezin ederragoez baliatuko da, modu ezin zinematografikoagoan. Erritmo aldetik, eszena dinamikoak eta estatikoak orekatuak daude, nahiz eta marrazkilariaren joera deskriptiboa izan. Tonu epikoa ere ondo neurtuta dago, gehiegikerietan erori gabe, eta gertakarien egiazkotasunari ondo eusten dio.

Honegatik guztiagatik, irakurketa gozagarria gertatu zaigu, eta bigarren zatiaren zain geratu gara, nahiz eta nola bukatzen den jakin badakigu…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude