X

Bidali zure gomendioak

Parte hartu gure blogean

Estupor y temblores

Amélie Nothomb

Azaroak 25-ean, arratsaldeko 19:00etan Alde Zaharreko Ekitaldi Aretoan (San Jeronimo kalea), Liburutegi Nagusiko gaztelaniazko solasaldian, Amélie Nothomb idazlearen Estupor y temblores eleberriari buruz hitz egingo dugu.

«Y yo no era la superiora de nadie», Estupor y temblores liburuko lehen paragrafoan agertzen den esaldi hau, zalantzarik gabe, Amélie Nothomben nobela arrakastatsuan sartzeko giltza da. 22 urteko neska belgikar baten istorioa da hau. Tokion hasten da lanean, munduko konpainia handienetako batean, Japoniako enpresen muinean. Honaino laneko atsekabeari buruzko istorio sinple bat dirudi, baina Amélie Nothomben istorio guztiak bezala, hau ere xehetasunez josita dago nobela labur bat esperientzia oso bihurtzeko.

Amélie Nothomben lana bi multzotan sailkatu daiteke: eleberri autobiografikoak edo autofikziozkoak eta fikzioa edo fantasia hutsa direnak. Hau, Estupor y temblores, lehen multzoan dago, horregatik askoz ere gozagarriagoa da egilearen bizitza ezagutuz gero. Amélie Nothomb Koben, Japonian, jaio zen. Diplomazialari belgikarren alaba zen, beraz, haurtzaroa eta nerabezaroa Japonian eta Txinan eman zituen, han aita enbaxadore izan zelako. Egia esan, Nothombek haurtzaroa munduan zehar bidaiatzen eman zuen, eta horrek bere bizitza esperientziaz bete duen arren, frustrazioa eta tristura ere presente izan ditu beti inongoa ez izatearen sentsazioagatik. Japonian bizitzeak esan nahi zuenaren falta beti sumatu duela esan du, horregatik bere nobeletan hara itzuli da. Horregatik Estupor y temblores han gertatzen da. Horregatik Estupor y temblores liburuko 22 urteko protagonista bera da. Horregatik Estupor y temblores liburuan Japonia hierarkizatuan emakumea eta mendebaldekoa izateak zer esan nahi duen kontatzen du.

«-Me da igual. Le ordeno que no entienda japonés.
-Eso es imposible. Nadie puede acatar una orden semejante.
-Siempre existe un modo de obedecer. Eso es lo que los cerebros occidentales deberían comprender».

Agindu eroak, lan absurduak, zigorrak, umiliazioak, lan eskergabe eta errepikakorrak, egoera eldarniozkoak eta nagusi gupidagabeak. Istorio honetako protagonistak, Amélie berak, harriduraz eta dardaraz aurre egiten dio ulertu nahi duen japoniar burokraten inurritegiari. Bere lekua bilatzen saiatzen da… arrakastarik gabe.

Eleberria, Amélie Nothomben guztiak bezala, arina da formaz, baina sakona edukiz. Egile belgikarrak ez du hizkuntza konplexura jotzen, baina aditua da fikzioa, baita fantasia ere, sartzen bere istorio guztietan. Hala, istorio sinpleak baina aberatsak sortzen ditu. Estupor y temblores liburuan Japoniako enpresa-sarearen ikuspegi oso bat irakurtzen dugu, gizarte oso matxista baten barruan emakume izatearen esperientziarekin gurutzatuta. Ia ezer ez. Eta dena ironia paregabe batez zipriztindua, Amélie Nothomb markako karikatura bat delarik.

Datorren asteartean, gure literatura solasaldian, nobela entretenigarri bezain krudel eta aberats hau komentatuko dugu. Amélie Nothombek liluratu zaitu? Nire taldean al zaude? Aitortzen dizuet ezingo naizela objektiboa izan, nire egilerik gogokoenetako bat da. Amélie maite edo gorroto duzu? Inor ez da erdibidean gelditzen, badakit! Beraz, zuen iritziak, zurrumurruak eta dardarak entzuteko irrikitan nago. Dibertigarria izango da, etorri!

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude